Akta 1975eko otsailaren 6koa da. Euskal Herrian ikastolak bere bidea egiten ari dira. Euskaltzaindiak 1968an erabakiak ditu euskararen eredu estandarraren arauak Arantzazun, eta idazle eta irakasle askoren konpromiso zindoaren ondorioz, euskara batua gauzatzen ari da. Ez diote, haatik, ez idazle ez irakasle guztiek baiezko ongi etorria egin euskara batuari.
Hainbat idazlek Arantzazun onartutako bidea ez baina halako «herri bide» baten defentsa egin dute, eta, oroz gain, hatxearen arbuio erabatekoa. Haien itzalean dira zenbait ikastola, irakasle eta guraso. Adibidez, artean 1975ean, urtearen hasieran, bederen, euskara batuaren bide berriari uko eginik ari dira egunero Gipuzkoan Azpeitia, Azkoitia eta Zestoa biltzen dituen Urola bailarako ikastoletan.
Urola bailarako ikastolak gidatzen dituen batzordearen bileraren akta dugu. Han dira bilduak Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako eta Urrestillako guraso ordezkariak, hiru hezitzaile eta, elizaren ordezkari eta idazkari, Gaztañaga'tar Jesus abadea.
Garai hartako ohiko bilera izan zitekeen, ez balitz bosgarren puntu hura agertu: «Urola Bailarako irakasle-talde batek eskabide bat azaldu du Batzordean, 'euskera batua' eskatuaz». Horretaz jardun dute eta erabaki dute lehenik batzordeak berak aztertuko duela gaia, eta gero «Gurasoeri eskatuko zaiela beren iritzia ta azken-itza, aurrena arazoaren berri aalik ongien eman ondoren». Batzar hartan ziren hiru hezitzaile edo irakasle haietarik dira Iñaki Etxeberria eta Joxe Agustin Arrieta Egiguren, eta alboan dituzte Laxaro Azkune eta Manuel Arregi, aurreko bien ondo-ondoan jardun zutenak euskara batuak Urolaldeko ikastoletan bidea egin zezan.
Otsailaren 6ko hartan, Iñaki Etxeberriak egin zuen euskara batuaren eske hura. 1973-74an hasi zen Etxeberria irakasle Loiolako ikastolan, eta bigarren urtean zela, danba! jo zuen. «Ikastolan lanean hasi nintzenean garbi-garbi nuen helburua: euskara batua. Halaxe atera nuen gaia bilera hartan: 'Euskaltzaindiak Arantzazun 1968an egindako batzarrean hartutako erabakietatik jo behar dugu'. Hala ere, Jesus Gaztañagak agintzen zuen ikastolan, eta agintzen zuen ikastolaren batzordean! Agintea zuen, euskarari zegokionean bera zelako aditua, eta, bestetik, berriz, apaiza izaki, bera ibili zelako zenbait baimen lortzen ikastolarentzat. Eta aitortzen dizkiot merezimenduok Gaztañagari!». Euskara batuaz denaz bezainbatean, aldiz, Etxeberria ez zetorren bat Gaztañagarekin. Arrieta Egigurenen ikusmoldearen arabera, berriz, bazen, estandarra ez ezik, bestelako auzirik, nola baita haurrei irakasteko modua: «Gainerako ikastolak aurrerakoiak zirela iruditzen zitzaigun, irekiak, gurea baino askoz irekiagoak, behintzat. Batzuek, guk ez, euskara batuan publikatutako ikas-materialak ibiltzen zituzten... Zenbait irakasleren ustez, gure ikastolan pedagogia arazo ikaragarria genuen, aldaketa komeni zen. 1974-75 hartan ikastolaren batzordeko kide nintzen, irakasleen partetik, eta hezkuntza gairen bat auzitan jarri, eta batzordeko gurasoen lehen erantzuna izaten zen: «Hori Jesusen [Gaztañaga] eskuetan dago». Berak egiten zituen zuzendari lanak! Loiolako irakasleen artean ezinegona sortu zela esango nuke, eta Gaztañaga botatzea ere aipatu zen, modu diplomatikoan bota behar bazen ere». Ez zuten helburua lortu.
Otsailaren 6ko bilera harrezkero batzordea bildu zen guzti-guztietan ageri da euskara batua aztergaien artean. Batean esango da Azpeitiko eta Azkoitiko batzordeetan aztertua zutela gaia, baina Zestoan ez. Hurrengoan, Zestoan ere jardun zutela hartaz, eta auzia erabakitzea herrietako batzordeei gabe, bailarako ikastolen batzar nagusiari zegokiola. Eta delako batzar nagusia ere zehaztu zuten: eguna, lekua, ordua... Maiatzaren 24an izango zen erreferenduma, larunbatarekin, 16:30etik 18:30era Loiolako gogartetxean, eta guraso eta irakasleek izango zuten boto emateko eskubidea. Lorailaren 24ko eguna baino lehen, hala ere, makina mugimendu izan zen bazterretan.
Etxeberriaren irudiko, odisea hutsa izan zen. «Zenbat bilera! Eta ordu txikiak arte! Egunez, irakasle ikastolan. Iluntzean, irakasle Azpeitiko gau-eskolan. Eta, gero, ezorduetan, ziento bat bilera, euskara batua zela eta ez zela, Laxaro [Azkune] eta Manuelekin [Arregi] txostenak idazten eta gurasoak kontzientziarazten, euskara batuaren alde egin zezaten». Hortixe jo du Arrieta Egigurenek: «Guraso askoren kezka zen euskara batuaren aitzakian ez ote zen ikastolara besterik sartuko!». Azkunerena da oharra: «Erlijioa zen guraso askoren eta zenbait irakasleren kezka. Batuaren atzean ez ote zen kristautasunaren kontrako jarrera, alegia». Hatxea komunismoa zelako hotsa zabalduta baitzegoen bazterretan, lelo hura: «Hatxea da erreboluzioaren sinbolo plastikoa»...
Kontzientziaraztea
Maiatzaren 24an eman zitzaien hitza Urolaldeko ikastoletako gurasoei baina, lehenago, eta ikastolaren batzordean erabakitakoa betez, mahai-inguru bana antolatu zuten batzuek eta besteek. Batean, euskara batuaren alde, Xalbador Garmendia, Patxi Altuna eta Imanol Laspiur mintzatu ziren. Bestean, kontra, Martin Olazar, Joxe Agustin Orbegozo eta Santi Onaindia.
Laxaro Azkunek, esaterako, gogoan josita dauka batuaren aldeko mahai-inguruan Patxi Altuna euskaltzain azpeitiarrak ibilitako argudioetako bat. «Hark batuaren alde jardun zuen, argi eta garbi, eta, besteak beste, hatxea defenditu zuen. «Azkoitiko euskaran bertan daukazue hatxea!», esan zuen. Eta jendea harrituta, Altunak zer esan nahi ote zuen. «Zergatik esaten dute, bada, Azkoitian biher, eta ez bidxer? Zergatik esaten dute bihotza, eta ez bidxotza? Hatxea dutelako tartean! Hatxea ez da, bakarrik, Iparraldeko euskararena, Hegoaldeko euskaran ere hortxe dabil!». Nik uste jendea ideia horrexekin irten zela bileratik, alegia, 'Hatxea geurea dugu!', esanez». Etxeberria baikor zen mahai-inguru hura eta gero. «300 lagun bildu zitzaizkigun batuaren aldeko saio hartara, eta orduantxe esan nuen: 'Hau irabazita zeukaagu!'». Haatik, dena ez zen gozo eta atsegina izan egun hartan ez ondokoetan, Etxeberriak bizi izan zuenez. «Gaztañaga euskara batuaren aldeko mahai-ingurura etorri zen, eta kargu hartu nion. Saioa eta gero, berriz, adeitsu agurtu zuen Imanol Laspiur, baina, hurrena, sekulakoak idatzi zituen haren kontra Goiz-Argi-n. Eta Laspiurrek gogor erantzun, baina Zeruko Argia-n!».
Arakaitza, Azpeitian
Erreferenduma egin zen, jakinik Azkoitian ikastolako guraso eta irakasleek ez zutela dudarik, batuaren alde emango zutela bozka. Halaber, Zestoan. Azpeitian zegoen arakaitza, Arregiren arabera, eta, bestalde, herri hartakoak ziren guraso gehienak: «Azpeitian arazoa ez zen izan jende asko kontra egotea, horrelakorik ez zegoen-eta, baizik eta batuaren kontrako talde gogor batek ez zuela prozesu hartan parte hartu nahi izan: Azpeitian, %40 ez zen boto ematera joan». Bestalde, Arrieta Egigurenek galdera formulatzen asmatu zutela dio. «Soziologoek diotenez, inori 'bai ala ez?' galdetzean, baietz erantzun ohi dute gehienek. Galdera egiteko modua giltza izan zen». Eta Etxeberriak: «Baina galdera formulatzeko ere eztabaida franko izan zen. Batzuek, halako galdetu behar zela. Besteek, beste halako. Azkenean, neuk esan behar izan nuen: «Hemen galdera bat besterik ez dago: 'Euskara batua bai ala euskara batua ez?'. Kitto!'». Hortxe galdera, boto-emaileek baiezkoa eman zezaten, eta horra akta, erreferendum haren emaitzak jasotzen dituena: 291 boto aurka, 32,8%; 596 boto alde, %67,2.
Oraingo egunean, egin behar zutena egin zutelakoan daude lau lagunak. Azkune sinetsirik dago, «momentu hartan ez zegoen beste irtenbiderik. Problema bat konpondu genuen. Harrezkero ikastolara irakasle sartu ginenok ez genuen gorabehera gehiago ibili euskara batua zela eta ez zela». Eta erreferendumaren ondoko astelehenean, ikasle eta irakasleak ikastolara. Arrieta Egiguren: «Erreferenduma eta gero, normal egin genuen lan. Ez enfrentamendurik, ez haserrerik, ez arazorik izan zen. Gaztañaga bera ere ez zen inori aurre egiten ziona. Idatziz ekiten zionean, aldiz, sekulakoak esaten zituen». Etxeberria: «Gauza batek egin zigun mesede: ez genuen ezer politizatu, ez batua erlijioarekin ere nahastu». Arrieta Egiguren: «Deskuiduan, politika tartean sartu izan balute, eta erlijioa ere saltsan sartu, ikaragarria izango zatekeen batua ez onartzeko arriskua».
Horrela, maiatza joan zen, ekaina etorri... Eta, ekainean, hilaren 5ean, bailarako ikastolak josten zituen batzordearen bilera... Erreferendumari buruz ezer ez. Hitzik ez. Ez aipurik, baloraziorik, esamesarik... Isiltasuna, euskara batuari buruzko galdera-emaitzei dagokienez. Ikasturte amaierako ikasleek egindako zenbait lanen erakusketa, ikastolaren urte akaberako jaialdia, ondoko ikasturteari buruzko jakingarri zenbait... Joandako ura da erreferenduma...
Berehala, udako sasoia. Etenaldia.
Irailean, ikasturte berriari ekin ziotenean, Gaztañaga'tar Jesus'ik ez zen Urolaldeko ikastoletan.
Bere bidea egin zuten hiru herrietako ikastolek euskara batuarekin batera. Oztopo hura gainditurik, bestelakoak etorriko ziren gero, ohi denez.