Azkeneko bi urteetan Pantailak Euskaraz mugimenduaren aldarrikapenei ahotsa jarri die Izaskun Rekaldek (Usansolo, Bizkaia, 1977), Alex Aginagalderekin batera. Euskarari zion maitasunak eraman zuen Netflix Euskaraz mugimenduan parte hartzera, eta, ondotik, Pantailak Euskaraz mugimenduaren ahotsa izan da 2021eko ekainaren 8tik —elkarteko lehendakaria ere bazen—. Gaitz larri baten eraginez hil da Rekalde, 45 urte zituela.
Rekalde Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea zen, eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua. Europako Coaching Eskolan ere egin zituen ikasketak. 2019an, doktorego sari berezia jaso zuen —bi urte lehenago aurkeztu zuen doktore tesia, coaching-arekin lotua—. Hain zuzen ere, coaching-ean egin zuen behar hainbat urtez. Baita irakaskuntzan eta bankuetan ere. 2003tik 2010era, BBVAn egin zuen lan, giza baliabideetako teknikari. Lanbide heziketan eta Euskal Herriko Unibertsitatean aritu zen azkeneko urteetan, irakasle lanetan.
Euskalgintzarekin lotutako egitasmoetan, berriz, lan asko egin zuen Rekaldek. Galdakaoko eta Usansoloko (Bizkaia) Binke aldizkariaren sortzaileetakoa izan zen, eta hedabideko batzarkidea izan da sei urtez. Jon Gomez Garai Binke-ko zuzendariak nabarmendu du Rekalderen lanari esker sortu zela aldizkaria: «Sinistu ezinik gaude. Hutsune ikaragarria utzi du», esan du Gomez Garaik. «Beti aritzen zen umorez, alai, beti laguntzeko prest. Herri guztiek beharko lukete Izaskun bezalako pertsona bat». Binke-ren albistean hauxe irakur daiteke: «Galdakaok eta Usansolok euskarazko komunikabiderik badute, hein handi batean Izaskun Rekalderi esker da. Eta hori nekez ahaztuko dute gure herriek».
Arnas Dezagun ekinaldian ere parte hartu zuen. Rekaldek berak zera esan zuen Binke-n, otsaileko elkarrizketa batean: «Ikaragarri markatu nau ekimen horrek. Helburua da gure seme-alaben bitartez gure hizkuntza transmititzea, antena eta motors efektuari esker». Hiru seme-alabaren ama zen Rekalde.
Euskarazko edukien alde
Azkeneko bi urteetan, Rekalde makina bat komunikabidetan azaldu da Pantailak Euskaraz mugimenduko bozeramaile moduan, euskarak ikus-entzunezkoetan presentzia handiagoa izan behar duela aldarrikatzen. Talde eragileko parte hartzaileetako bat zen, eta Aginagalderekin batera egiten zuen mugimenduaren bozeramaile lana.
Rekalde hil dela jakin bezain laster, Aginagaldek zera adierazi du: «Taldekide eta lagun aparta izan da, langilea eta optimista. Pantailak Euskaraz-eko bozeramaileetako bat izateaz gain, elkarteko lehendakaria ere bazen». Beste hau gaineratu du Aginagaldek: «Gure lantaldeko zutabe nagusietako bat izan da. Oso zaila izango da utzi duen hutsunea betetzea».
Rekalde mugimendu horretako bozeramaile izan den sasoian, Pantailak Euskaraz Rikardo Arregi komunikazio sarian finalista izan da, eta kanpainarik onenaren Argia saria jaso du, eta Hau Pittu Hau Bilboko konpartsaren Euskara saria ere bai. Poz-pozik jaso zuen konpartsa horren makila iazko abuztuaren 25ean, Bilboko txosnetan. BERRIAk elkarrizketa egin zion orduko hartan, eta zera adierazi zuen: «Kanpotik datorkigun uholde kulturala ikaragarria da. Gainera, ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak asko aldatu dira, eta eredu berri horietan gure gazteek eta guk geuk ere kontsumitzen ditugun ereduak erdaldunak dira». Euskarak pantailetan lekua izan dezan, zenbait aldarri aipatu zituen Rekaldek: «Ezinbestekoa da erregulazioa aldatzea. Diru laguntza sendoak sortu behar dira bertoko ekoizpenak baldintza egokietan sustatzeko. Baita bikoizketak ere. Eskaintzak zabala izan behar du, eta kanpoko superprodukzioak kalitatez bikoiztea nahi dugu». Euskarak duen jokaleku zailean, Pantailak Euskaraz-eko bozeramaileak argi zuen: «Euskararen babesa merkatuaren jokoan sartzea ez da justua».
Euskal Telebistarekin ere bazuen kezka Rekaldek. BERRIAk abenduaren 18an argitaratu zuen erreportaje batean honela mintzatu zen: «ETBk gaur egun ez die ekarpenik egiten 1982ko legearen sorrera helburuei. ETBn ez dugu ikusten nahi adinako ahaleginik euskara eta euskal kultura zabaltzeko». Euskara erdigunean jarriko duen «plan koherente eta integral bat» beharrezkoa zela aldarrikatu zuen erreportaje hartan.
Senide eta lagunek Dimako beilatokian (Bizkaia) egingo diote agurra Rekalderi.
Izaskun Rekalde
Euskararen aldeko ehulea
Izaskun Rekalde Pantailak Euskaraz mugimenduko bozeramailea hil da, 45 urte zituela, gaitz baten eraginez. 'Binke' aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen, eta hedabideko batzarkidea ere bazen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu