«Hiru, bi, bat, aurrera!». Fadura kiroldegiko igerilekuan zegoen baretasuna hautsi du Iñigo Mentxakak. Txalo eta oihu artean, igerian hasi da, eta hasiera eman dio horrela Igeribizi egitasmo sozialaren lehenengo aldiari. 24 orduz igerian, euskararen alde lelopean, egun oso batez igerian arituko dira hainbat elkarte, familia eta norbanako. Getxoko Swim Camp igeriketa elkarteak antolatu du ekintza; atzo eguerdian abiatu zen, eta gaur eguerdian amaituko da.
Guztira, bostehun lagunek hartuko dute parte Igeribizin. Txandaka egingo dute igerian, eta bakoitzak nahi duen distantzia egingo du. Egitasmoaren helburua da Getxon eta Uribe Kostan «gizarteari onura egiten dioten elkarteak» omentzea, Mikel Bildosola antolakuntzako kideak azaldu duenez. Aurten, euskararen alde lan egiten duen elkarte bati emango diote bildutako dirua; Euskarabenturari, hain zuzen. «Egiten duten lan bikaina urte luzez egiten jarrai dezaten».
Jendetza begira zuela egin ditu lehenengo metroak Mentxakak; Getxoko euskalgintzaren aitzindaria da. 1990ean, hizlari lanak euskaraz egiten hasi zen, Punta Galea txirrindulari elkartean. Haren lana aitortzeko, lehenengo luzea berak egin du. Mentxakarentzat, igerileku horretan ibiltzea ez da berria. Izan ere, astean hainbat alditan joaten da hara igeri egitera. Hala ere, gaurkoa berezia izan da: «Jende asko etorri da, eta giro ederra dago».
Mentxakaren atzetik hainbat lagun bota dira uretara. Sei kale ditu igerilekuak, eta guztiak bete dituzte. Izkinako kalean, Haszten elkartea dago. «Gonbidapena jaso genuen, eta igerilarien artean zabaldu genuen deialdia», azaldu du Josu Arenaza entrenatzaileak. Bost igerilarik baiezkoa eman zuten, eta, txandaka, igerian ari dira orain. Horietako bat da Janire Fano: «Igeri egitea gustatzen zait; horregatik etorri naiz». Deskantsatzen ari da, eta ez daki berriro uretara botako den edo ez.
Hasztenen ondoan, Bizarra Lepoan euskara elkarteko eta Punta Galeako kideak daude. Beste izkinan, berriz, Bizkerre futbol taldeko kirolariak; 150 neska gazte batu dira egitasmora. Bi kale hartu dituzte. Erdiko beste bi kaleak norbanakoentzat utzi dituzte. Han da Leire Garate; bikotekidearekin eta umeekin etorri da. «Etxean euskaraz egiten dugu, eta, euskara sustatzeko ekintza bat denez, etortzea erabaki dugu, zalantzarik gabe». Garaterentzat, garrantzitsua da horrelako ekintzetan parte hartzea: «Umeek ikus dezaten horrelako ekintzak ikastolatik kanpo ere egiten direla».
Gauean ere, igerian
Bildosolak onartu du antolaketa «gaitza» izan dela, baina baita «arrakastatsua» ere. 24 orduak bete dituzte: «Etorri direnei eskatu diegu momentu oro norbait egon dadila uretan, nahi duen moduan igeri egiten; gure asmoa ez zen jendeak igerian bikain egitea, baizik eta 24 orduz norbait igerian egotea». 04:00etatik 06:00etarako tartean, 25 pertsonak eman dute izena: «Gaueko ordu horietan ez dugu normalean kiroldegian igeri egiten; berezia izango da».
Kale guztiak betetzeaz gain, alboan dagoen igerileku txikia bete dute hainbat umek. Izan ere, 24 orduko ekintzaz aparte, beste hainbat jarduera antolatu ditu Getxoko Swim Camp elkarteak. Besteak beste, joan den astean zendu zen Trino Azkoitia bertsozalea omendu dute. Eta musikarekin girotu dute igerilekua.