Trikitiak bezala, batetik zabaldu, eta bestetik trinkotu. Horixe egiten du Mintzalasai euskararen aldeko jaialdiak Lapurdiko BAM eremuan, Miarritze, Angelu eta Baionan, Eneko Gorri antolatzailearen arabera: «Kanpoko jendea euskarara erakartzeko lanean ari gara, baina, era berean, saiatzen gara euskal komunitatea trinkotzen».
Hamargarren aldia du Mintzalasaik aurten, eta, astebetez, hamaika ekintza antolatu dituzte, euskara ardatz: pole dance ikastaroa, bote luze partida, hitzaldiak, zinema... Astelehenean hasi zen, eta bihar amaituko da, Miarritzeko Marion aintziran festa erraldoi batekin.
Ipar Euskal Herriko biztanleen %40 pilatzen da BAM eremuan, eta erdalduna da gehiengoa, Gorriren arabera: «BAMeko jende askorentzat euskara ez da existitzen». Horri aurre egiteko batu ziren duela hamar urte: «Euskararen alde, baziren 50 bat elkarte biziki lan polita egiten. Baina inurri lanetan ari ziren, eta ez genuen aski elkarren berri». Elkarlanean, astebeteko egitaraua antolatzeaz gain, urte guztian saiatzen dira ekintzak antolatzen, «tentsio linguistikoa mantentzeko».
Aurten, uste baino jende gehiago ari da parte hartzen, Gorriren arabera: «Harritzen gaitu; publiko berri batek ere deskubritzen du urtero festibala, eta hori biziki pozgarria da».
Hamar urteren ondoren, pozik daude Mintzalasaiko kideak, eremu erdaldunetan jarrera aldaketa bat sumatu dutelako: «Ate joka ibiltzen garelarik toki erdaldunetan euskarazko eskaintza egituratu dezaten, biziki harrera ona egiten digute; sentitzen dugu egiturek errazago egiten dutela euskararen alde duela hamar urte baino».
Aurrera begira, instituzioen akuilua lortzeko lanean jarraitzea dute helburu, eta Mintzalasai egonkortzea, euskararekin lotutako erronkei aurre egiteko: «Urtero 3.000 erdaldun berri etorri dira bizitzera Ipar Euskal Herrira, eta horrekin aldaketa soziologiko ikaragarri bat gertatzen ari da».
Biharko agur jairako, euskaldun-erdaldun dikotomia alboratu, eta erdaldunak aktibatu nahi dituzte. Horretarako, Euskara ostatuan iniziazio tailerra egingo dute gaur, 18:00etan hasita, Miarritzeko Marion aintziran: «1.500 bat lagun bilduko gara Miarritzen, baina nahi ez duguna da euskararen jaialdi batean jendea frantsesez aritzea».
Lerra kiroletan, euskaraz
Mintzalasaik antolatutako tailerrak eta ekintzak aurrera eramaten dituzten bitartean, Angeluko Barran hainbat gazte euskaraz ariko dira surfean, skatean, skimboardean eta beste hainbat lerra kiroletan. Izan ere, Seaskak Kimua eta Itsas Argi ikastolekin batera antolatutako Glisseguna ere gaur egingo dute, aurten Mintzalasairen egitarauaren barruan antolatu dutelako.
2003an egin zuten lehen aldiz Glisseguna, inkesta soziolinguistiko bateko emaitzekin kezkatuta. Hala azaldu du Ramuntxo Etxeberri Seaskako antolatzaileak: «Ikusi zuten Baiona, Miarritze, Angelu eta inguruko gazteendako euskara baserriko hizkuntza bat zela, iraganeko tresna linguistiko bat».
Horregatik antolatu zuten Glisseguna, «erakusteko euskarak ere bere lekua izaten ahal zuela hemengo kostaldean eta biziki modan diren kiroletan». Gaur egun, ikusten dute gazte askok Glissegunean probatu zituztela lehen aldiz hainbat kirol, eta ondoren kirol elkarteetan izena eman zutela.
Seaskako arduradunak ere berretsi du ordutik hona egoera aldatu egin dela, eta badela mugimendu orokor bat euskararen normalizazioaren alde: «Hogei urtez normalizatu da euskararen kontua; gaur egun gero eta familia gehiagok nahi dute beren haurrek euskaraz ikastea eskolan».
Etxeberrik dio giroa «oso familiarra» izan ohi dela, eta lerra kiroletan alde batetik bestera ibili ohi direla haurrak. Euskaratik urrun dauden pertsonak ere erakarri nahi dituzte: «Angeluko zoko hori biziki leku turistikoa da; asteburu guztiz milaka pertsona pasatzen dira itsasoa begiratzeko... Hor pasatuko dira larunbatean ere, eta ez dakite ezer euskarari buruz, ikastolari buruz... Gure apustua da jende horiek hunkitzea eta euskara pixka bat entzutea».
Eguna Mintzalasairen barruan antolatuta, «bientzat arrakastatsua izatea» espero dute. Izan ere, bi ekintzak osagarriak dira, Etxeberriren arabera, eta uste du familia askok bietan parte hartuko dutela.
Lerra kiroletako tailerrez gain, hip-hopa, yoga, fitness eta Guraso taldearen kontzertua izango dira, besteak beste. Surf txapelketaren alboan, berriz, joaldunak: «Erakusteko surfa eta euskal kultura ez direla hain urrun. Aurtengo bitxikeria hori da. Beharbada harridura sortuko du...».
Euskararen alde lerratuz
Mintzalasai egitasmoak, Baiona, Angelu eta Miarritzen euskara sustatzeko jaialdiak, hamargarren aldia du aurten. Glissegunarekin bat egin dute oraingoan, lerra kiroletan ere euskaraz aritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu