Euskararen agerraldia

Euskarak Ager eremuan dituen erronkez arituko dira gaur Azkoienen, Ager topaketetan. Gogoetarako tailerrak eta festa uztartuko dituzte

Errigorak Agerraldia egitasmoa aurkeztu zuen eguneko argazki bat, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
ane insausti barandiaran
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Nafarroako erdialde eta hegoaldean, erromatarrek Ager vasconum deitutako eremua da Ager eremua. Hantxe jaio da Agerraldia mugimendua, han bizi diren euskaldunak batzeko eta euskarak dituen erronkak zehazteko helburuz. Ager eremuko euskalgintzaren «lehentasunak adostea eta norabidea bateratzea» ez da egiteko makala, baina erronka horri helduko diote gaur Azkoienen (Nafarroa), Ager topaketetan, Bat egiteko garaia da lelopean.

Errigoraren eskutik sortu da Agerraldia mugimendua, baina izaera propioa du. Euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko, euskararekiko jarrera baikorrak birsortzeko eta eremu horretan euskararen alde ari diren eragile eta norbanakoak saretzeko ekitaldiak eta jarduerak antolatzen dituzte, eta gaurko Azkoiengo topaketa da horietako bat.

Galderak mahai gainean jarri eta erantzunak topatzen hasteko lehen saiakera izango dute gaurkoa. Indarrak batuz, zonifikazioari aurre egin nahi diote, euskarak Nafarroan mugarik izan ez dezan. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dute Ager eremuan euskarak dituen erronkak eta erantzunak «bertatik» zehaztea, eta, beraz, gogoeta egiteko eta ospatzeko, egun osoko egitaraua antolatu dute.

Goizean hasiko dira hausnarketan eta lanean, kultur etxean: hasteko, 09:30ean, harrera eta aurkezpen ekitaldia egingo dituzte, eta, horren ondoren, EHUk Agerko euskal komunitateari buruz egindako ikerketa aurkeztuko dute; Agerraldiaren uzta izeneko hitzaldia ere egingo dute.

Agerko euskaltzale eta euskaldunek beren beharrak, gaitasunak eta aukerak zein diren aztertzeko eta horiekin zer egin erabakitzeko tailerrak egingo dituzte gero. Horretarako, lantaldeetan banatuko dira, gaiaren arabera: guztiak ordu berean egingo dituzte; beraz, pertsona bakoitzak arlo bakar batean parte hartu ahal izango du: gazteak, hezkuntza, kirola, kultura, erakundeak eta komunikabideak hartu dituzte gaitzat.

13:30ean egingo dute amaiera ekitaldia, eta kultur etxetik kiroldegira joango dira, herri bazkarira. Hortik aurrera festa itxura hartuko du topaketak: Ojos Violeta taldea izango da lehena oholtzara igotzen, kantaldia egingo baitute kiroldegian, 16:00etan.

Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek Kui kui ikuskizuna egingo dute ondoren, kiroldegian. Pailazoen emanaldia bukatutakoan, pilota partida ereegongo da: Garatea eta Santxez Iriarte eta Sarasaren aurka arituko dira.

20:00etan hasiko dira eguna biribiltzeko antolatu dituzten kontzertuak: Tatxers, Streetwise, Odolkiak Ordainetan, Neskatasuna eta Kiliki Frexko DJ Set arituko dira, hurrenez hurren, pilotalekuan. Haien doinuekin emango diete amaiera Ager topaketei.

Ager topaketak

Gaur, 09:30etik aurrera, Azkoienen (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.