Irailaren 24az geroztik, 12.000 kilometrotik gora egin dituzte autoz Iñaki Goikoetxeak (Irun, Gipuzkoa, 1986) eta Maialen Lopezek (Irun, 1992), Hego Amerikan barrena. Hemen gaude proiektua gauzatzen ari dira: autoz ari dira bidaiatzen Hego Amerikan euskaldunek utzitako lorratzei segika, istorio horiek sare sozialetan zabaltzeko asmoz.
Nola bururatu zitzaizuen bidaia hau egitea?
IÑAKI GOIKOETXEA: Ni, duela 10 urte, euskal diasporan lanean egon nintzen; beraz, harremana daukat diasporarekin. Aurten, Mondragon Unibertsitateak antolatzen duen Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoa egin dut, eta hori bukatzeko lan bat egin behar nuen. Bururatu zitzaidan planteatzea road trip edo bidaia kultural bat, Hego Amerikako euskal kulturarekin eta euskaldunekin lotura duten tokietatik pasatuz.
MAIALEN LOPEZ: Pandemia garaian bidaia luze bat egiteko aukeran pentsatzen hasi ginen, eta, lan teoriko hori geneukanez, bi ideiak batu genituen. Gure autoa bidali dugu hona, malgutasunez bidaiatzeko. Autoa bidaltzeko hiru leku soilik daudenez, Buenos Aires hartu genuen abiapuntutzat [Argentina], eta helmuga Cartagenaizango da [Kolonbia].
Irail amaieran abiatu zineten. Nolako harrera egin dizuete?
LOPEZ: Harrera oso ona da interesa erakusten duzunean eta haiek ezagutzera etortzen zarenean. Jendea oso jatorra da, eta etxera ere gonbidatzen gaituzte.
GOIKOETXEA: Orain arte, Txilen eta Argentinan egon gara, eta beti harritzen gara zerbaitekin. Argentinako zatian batez ere, euskararekiko konpromiso handia topatzen ari gara, Euskal Etxez Euskal Etxe.
Euskaldunen urratsei buruzko istorioak ari zarete jartzen sareetan. Transmisio falta sumatzen duzue?
LOPEZ: Liburuak edo dokumentu akademikoak badaude, baina sare sozialetan edukiak falta dira. Horregatik ari gara Facebook, Twitter, Instagram eta Tiktoken lanean, ahalik eta jende gehienak izateko horien berri. Azkar eta erraz ikusten diren edukiak sortzen ari gara.
GOIKOETXEA: Ez dago eduki askorik sare sozialetan, eta euskaraz are gutxiago. Horregatik, saiatzen ari gara jende euskalduna bilatzen, leku batzuetan zaila den arren. Badakigu ez garela zerbait oso potoloa egiten ari, baina jendea animatu nahi dugu horiek ezagutzera.
Beti esaten da diasporan euskaldunak idealizatuta dauzkatela. Hala da?
LOPEZ: Bai. Denek joan nahi dute Euskal Herrira, eta noizbait egon direnek berriro itzuli nahi dute. Hara begira bizi dira, eta guk han ez dakigu hainbeste hemengoari buruz.
GOIKOETXEA: Are gehiago, askok hemengo pasaportea eta hangoa daukate, eta joan nahi dute lan egitera. Nik uste dut euskal diaspora ren eta Euskal Herriaren arteko harremana joan-etorrikoa dela; jendea, hemen dagoenean, hara begira dago, eta han daudenean, hona etortzeko gogoa daukate.
Zer garrantzi ematen diote euskal ohiturak mantentzeari?
GOIKOETXEA: Kultura da Euskal Herriarekiko lotura mantentzeko gakoa. Hortik ere irakaspen bat eramango dugu etxera, Euskal Herrian gaudelarik kultura oso eskura daukagulako, eta batzuetan ez diogulako garrantzirik ematen.
Euskaldunek Hego Amerika kolonizatu zuten. Zer pentsatzen dute horri buruz?
GOIKOETXEA: Buenos Aires inguruan egon garenean, gai hori ez da hain azkar atera, baina Patagonian, adibidez, oso kontziente dira euskaldunak etorri zirela, kolonizazio prozesuak egon zirela, eta sarraskiak egin zituztela. Hegoaldean hori oso argi daukate, eta jatorrizko herrialde horiek aldarrikatzeko mugimendu bat dago orain.
Nola uztartzen dute euskal kultura gainerakoekin?
GOIKOETXEA: Herri askotan daude hemen Federación de colectividades deitzen dietenak [kolektibitateen federazioak]. Euskal Etxeak dauden bezala, beste herrialdeetako kolektiboak saretuta daude.
LOPEZ: Hemen denek beren jatorrizko taldeak dauzkate —galestarrak, frantsesak, portugaldarrak...—, eta jaialdi batzuk egiten dituzteberen kultura besteei erakusteko. Denek dakite zer kulturatatik datozen, eta horrelako jaialdiak egiten dituzte ohiturak elkarbanatzeko.
Zailtasunik izan duzue bidaian?
GOIKOETXEA: Gure erronkarik handiena autoarekin ondo moldatzea zen, eta oraingoz ondo moldatu gara. Leku bakoitzean pare bat egun soilik egoten gara, eta beti geratzen gara sentsazioarekin itzuli beharko dugula zerbait ikusteko. Horregatik esan genuen hasieratik sei edo zazpi hilabete egongo ginela hemen; bestela, bukaezina da.
ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Goikoetxea eta Maialen Lopez. 'Hemen gaude' proiektuko kideak
«Euskararekiko konpromiso handia dute diasporan»
Diasporako euskaldunak Euskal Herrira begira bizi direla hausnartu dute Lopezek eta Goikoetxeak. Apirilera arte jarraituko dute bidaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu