Euskarara lerratzeko eguna

Lerra kiroletan euskaraz aritzeko aukera emango du beste urte batez ikastolek antolatutako Glissegunak. Gaur, surf lehiaketa egingo dute Miarritzeko hondartzetan

Skate erakustaldiez gain, kirol horretan trebatzeko aukera izango da Angeluko Barran, beste hainbat kirolen artean. PATXI LADEVESE.
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Lerra kirolek badute euren eguna, eta hori Seaskak antolatzen duen Glisseguna da. Aurtengoa hamaseigarren aldia izango da, eta egun osoan hainbat kirol ezagutzeko eta horietan lehen aldiz aritzeko aukera izango da bihar Angeluko Barran (Lapurdi).

Lerra kirolak ere euskal kirolak direla aldarrikatzea eta aisialdietan euskararen erabilpena bultzatzea dira ekitaldiaren helburu nagusiak, Ramuntxo Etxeberri Glissegunaren antolatzaileak azaldu duenez: «Ikastolen eta euskararen irudia gaztetu nahi dugu. Hor, baina, bada hertsapen bat, kirol horietan ez dela hainbeste euskaldun, baina ahal delarik euskaraz egiten ditugu». Hortik abiatu zen, hain justu, Glisseguna antolatzearen ideia edo beharra: «Inkesta soziolingustiko bat egin zen, eta emaitzetan ikusi zen euskararen irudia XIX. mendeari lotua zela eta gazteek ez zutela euskara modernitatearekin lotzen. Hori aldatu nahian,garai hartako Seaskako arduradunek lerra kirolen egun bat antolatzea pentsatu zuten, eta surfarekin hasi ziren».

Berritasunak

Aurtengo aldian izango dira beste urteetan egon ez diren ekitaldiak; hala nola fitness saioa euskaraz izango da aurten, eta, Zen Stretching edo luzatze ariketak nola egiten diren erakusteaz gain, entsegatzeko aukera ere izango da, eta 3 eta 6 urte bitarteko haurrek gimnastika gune bat edukiko dute. Musikak ere bere tokia izango du. Lau kontzertuz gozatzeko parada egongo da; esaterako, Maialen Alfaro sofrologoaren kontzertu berezi eta intimoa: «Hondartzako txoko batean sofro kontzertua emango du Alfarok».

Beste urteetan eskainitako lerra kirolek ere ez dute hutsik egingo: skatean aritzeko txokoa egongo da, kung fuan, hip hop erakustaldian izango dira, yoga... Sihatsu masajeak emango dituen pertsona bat ere egongo da, zortzi orduz arituko da masajeak ematen. «Masajeak emanen dituenak, adibidez, ez daki euskaraz, baina bere modua da ikastolak laguntzeko», azaldu du Etxeberrik. Nahiz eta dohainik izan, Sihatsu masajea hartu nahi duenak izena eman beharko du bihar lekuan berean. Urte hauetan formula desberdinak probatu dituztela aipatu du Etxeberrik: «Lehen, ikastoletan lerra kiroletan aritzen ziren pertsonek hitzaldiak ematen zituzten, haurrek ikus zezaten halako kiroletan ere badirela aditu euskaldunak. Orain asteburu batean fokalizatzen dugu».

Surf lehiaketa

Glissegunaren egun handia bihar bada ere, badira zenbait urte bezperan surf lehiaketa antolatzen dutena, Lapurdi Surf elkartean eskutik. Hala, Miarritzeko Kluba eta Urrezko hondartzetan izango da aurten ere lehiaketa gaur eta lau sailetan banatua da: gizonak surfean eta bodyboardean, emazteak eta 16 urtetik beherakoak. «Lehiatzera etortzen denik ere baden arren, gehienak momentu goxo baten pasatzera etortzen dira eta hori da garrantzitsuena», adierazi du Ander Ithurbide Lapurdi Surf elkarteko lehendakariak. 08:00etatik aurrera eman beharko da izena, eta txapelketa 09:00etan hasiko da. Lehiaketa bukatu eta sariak eman eta gero, 17:00etan zintzur bustitzea eta animazioak antolatu dituzte: «Sokatira izanen da, espartin jaurtiketa, euskaraz ez dakitenentzat joko bat ere eginen dugu...». Garrantzitsua iruditzen zaio Glisseguna Ithurbideri, euskara «kostaldera eramaten» laguntzen duelako.

Etxeberri kontent da Glissegunak uzten duen arrastoarekin eta adibide bat eman du: «Ikastolako haur gehiago badira surfean, lehen aldiz Glissegunean entseatu ziren, eta gerora surf elkarteetan eman dute izena, eta horrek pozten nau. Duela zenbait urte ez ziren ausartuko, pentsatuko baitzuten kostaldeko edo arrotz den mundu bateko kirol bat zela». Glissegunean elkartzen diren bi publikoen artean —propio ikastolen aldeko egun bat dela joan direnak eta hortik pasatzen direnak— «lotura» egin behar dela uste du Etxeberrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.