Euskarak loturik hasi dute espedizioa

Euskarabentura espedizioa gaur hasi da, Atharratzen. Parte hartzaileak eta antolatzaileak goizean heldu dira Basabürüko hiriburura, eta elkar ezagutzeko jolasekin hasi dute aurtengo aldia.

Euskarabenturako gazteak, espedizioko aurkezpenean, gaur, Atharratzen. EUSKARABENTURA
Euskarabenturako gazteak, espedizioaren aurkezpenean, gaur, Atharratzen. EUSKARABENTURA
Xalbat Alzugaray
Atharratze
2024ko uztailaren 1a
18:30
Entzun

«Ura, ura, ura, Euskarabentura» oihukatuz lekua hartu dute Euskarabenturako 127 gazte eta antolatzaileek gaur goizean Atharratzeko (Zuberoa) plaza estalian. Elkar ezagutzeko jolasekin hasi dira aurtengo aldia berotzen. 

Espedizioko gazteak urduri daude; batzuk lotsaturik ageri dira berriki autobusetik jaitsirik. Atharratzera arribaturik, «oso inpresio ona» ukan duela adierazi du Uxue Markuerkiaga parte hartzaileak. Bertzalde, proiektua ezagun pila batek azaldu ondotik parte hartzera motibatu direla adierazi dute Izaro Santano eta Lorea Madarieta jizioquitarrek —hala deitzen diete espedizioko parte hartzaileei—. Euskarabenturaren berri klasean izan dutela ohartarazi dute hirurek; bideo baten bidez gogoa piztu eta gaur Atharratzen pozik  daudela erran dute. Ibilbideaz «gauza anitz ikastea» espero du Markuerkiagak, herri anitzetako jendea ezagutzeko parada izateaz gain. 

Horrez gain, Madarietak erronkatzat hartu du euskalkien arteko trukaketa: «Nahiz eta batzuetan ez dugun elkar ulertuko, jakin beharko dugu harremana izaten gure euskalkien arteko mugak gaindituta». Bakoitzak aukeratua du hilabetean zehar bisitatuko dituzten herrietako kuttuna. Hirurek erran dute jauzi batean Iruñea dutela gogoan, sanferminez gozatu nahi dutelako. Markuerkiagak pena du ez direlako kontzertuetarako garaiz helduko: «Gaur hasi bagina espedizioarekin, uztailaren 7an Rotten XIIIren kontzertua ikusiko genuen. Ea ibilbidea alda dezakegun pixka bat edo lehenago heldu [irriz]». 

«Nahiz eta batzuetan ez dugun elkar ulertuko, jakin beharko dugu harremana izaten gure euskalkien arteko mugak gaindituta».

LOREA MADARIETAEuskarabenturako parte hartzailea

Aurten, hamar taldetan banaturik, Euskal Herri osoa zeharkatuko dute jizioquitarrek. Odei Jauregi antolakuntzako kideak «esperantzaz betea» dela adierazi du, aurtengo aldia antolatzaile gisa biziko duelako lehen aldikotz. Iazko espedizioko lehen egunetako urduritasuna gogoan duela, «fantasia» bizitzeko prest dela gaineratu du. Nahiz eta ibilbidea antzekoa den, urte guziz ibilbidea begiratzeko modua aldatzen dela erran du Jauregik:  «Urtero, begi desberdinetatik behatzen diogu ibilbideari. Agian, pasatzen garen herrietan festak direlako, edo giro berezi bat, baina oso ondo pasatzen dugu leku guztietan». 

Euskarabentura espedizioko gazteak, motxilak hartuta, Atharratzen. EUSKARABENTURA
Euskarabentura espedizioko gazteak, motxilak hartuta, Atharratzen. EUSKARABENTURA

Harreman guziak euskaratik eta euskaraz izateko aukera aipatu du Gari Murgado espedizioko begiraleak: «Sekulakoa da hilabete oso batez euskaraz aritzea; ni eremu erdaldun batetik nator, eta niretzat aukera paregabea da». Aurreiritziak desegiteko balio du Euskarabenturak. Euskalkien arteko trukaketaz eta aniztasunaz harago, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko bereizketa hausteko bidea ematen du, Jauregiren ustez: «Paradigma hori deuseztatzeko eta aurreiritziak apurtzeko baliagarria da espedizioa». 

Atharratze lehen aterpe

«Zuen lekuan nahi nuke izan». Hala adierazi du Maite Pitrau Atharratzeko auzapezak espedizioko gazteen aitzinean egin mintzaldian. Herriko etxearentzat espedizioari hasiera ematea «erronka» izan dela esplikatu du Pitrauk. Iaz harremanetan sartu ziren Pitraurekin, Basabürütik abiatzea antolatzeko xedea zutela. Pozik agertu da auzapeza hasierako ekitaldia herrian izan delako: «Oso garrantzitsua da ekitaldi hau niretzat: oinarrizkoa da. Euskara da gazte hauen guzien puntu amankomuna, eta idekidura bat ematen die espedizio honek». Euskal kultura eta hizkuntza bizitzeko modu bat da ibilbidea: «Euskararekin hemengo kultura, ohiturak eta hemengo paisaiak bizitzea ezinbestekoa da niretzat, beharrezkoa da». 

Antolakuntzari dagokionez, hainbat traba azpimarratu ditu Pitrauk: «Duela hilabete bat jakin dut kiroletako gela ezin genuela baliatzen ahal lo leku gisa». Euskal Hirigune Elkargoarena da herriko gela. Otsailetik «batailan» ari dela esplikatu du. Hainbat gutun eta hainbat ohartarazpen egiten aritu ondotik, berriki eman zioten ezetza Pitrauri: «Gogorra izan da ezetza ukaitea. Azken momentuan abisatu naute, eta beste aterabide bat fite atzeman behar izan dugu». Inguruko herrietako azpiegiturak nahikoa ez zirela eta, Atharratzeko herria zen aukera bakarra: «Altzain [Zuberoa] bada azpiegitura bat, baina ez da nahikoa jende honi guziari harrera egiteko». Atsekabeturik agertu arren, auzapezak azpimarratu du «pisu sinboliko handia» izan duela Atharratzen harrera antolatzeak: «Nik euskaraz ez dut egiten, eta galtzen ari da gure inguruan. Horregatik, uste dut garrantzi oraino handiagoa duela espedizioa hemendik abiatzeak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.