Nafarroako euskalkien inguruko materiala pilatzen hasi zen Aitor Arana (Legazpi, Gipuzkoa, 1963) 20 urte zituenean. Liburutegietan murgiltzen zen eskuizkribuen bila, galdutako euskalkien hitzak aurkitzeko asmoz. Hitzak pilatutakoan, euskalki horren hiztegia osatzen du. Orain, Odietako eta Olaibarko (Nafarroa) hiztegi elebiduna argitaratu du, Koldo Colomorekin batera.
Nafarroako euskalkiak aztertzen dituen gipuzkoarra. Non piztu zitzaizun interesa?
Arantzazuko santutegian. Euskara eskolak eman nituen bertan, bi urtez. Arantzazuko liburutegian Kandido Izagirreren testuak ezagutu nituen, eta erronkarieraren berri izan nuen horri esker. Erronkarierarekin maitemindu nintzen. Horrek bete-betean Nafarrora eraman ninduen.
Odietako eta Olaibarko hiztegi elebiduna argitaratu duzu. Zergatik gaztelaniaz?
Aurreko hiztegi gehienak euskara batutik kontsultatzeko egin dira, baina ibar batzuek eskatzen digute gaztelaniaz ateratzeko, euskara batuan egiteaz gain. Hori izan da hiztegi honen kasua.
Nondik jaso dituzu hitzak?
Hitzak testu erlijiosoetatik ateratzen ditugu batez ere. Ibar horietako apaizek doktrina bertako euskaraz ematen zuten. Hori altxor handi bat da; gaur egun hiztegiak egiteko oso baliagarria da. Gainera, aintzat hartu ditut ibar horietan ibili diren ikerlarien lanak.
Ezin izan dituzu hiztunak elkarrizketatu, beraz?
Ez. Desagertu dira. Hala ere, nire helburua da euskara galdu duten ibarretako materiala gaur egungo euskaldunen eskuetan jartzea.
Hori da Lingua navarrorum bildumaren helburua?
Bai. Helburua da euskara galdu zen ibarretan geratu ziren materialak hartzea eta jendearen eskuetan jartzea. Testu horiek aldizkari espezializatuetan zeuden, eta horiek ez dira jende arruntengana heltzen. Proiektu horren bidez, interesa dutenen eskuetan geratzen da: emaitza politak ateratzen dira.
Bilduma hamazazpi hiztegik osatzen dute. Zein da hurrengoa?
Laster Arakilgo eta Lizarraldeko hiztegiak aterako ditugu. Eguesibar falta da; material asko dago, eta hori lantzeko urteak beharko dira. Hala ere, bilduma bukatzeko ez da asko falta; euskara galdu duten eta idatzitako materiala gorde duten ibar gutxi geratzen dira
Garrantzitsua da euskalkiak bizirik mantentzea?
Bai. Hautu pertsonalak dira, noski. Etxean amarekin gaztelaniaz hitz egiten genuen; aitarekin, euskaraz, gipuzkeraz. Orain, hango eta hemengo lagunak elkartzen garenean komentatzen ditugu gure herrian erabiltzen diren hitzak. Euskara galdu duten ibarretako jendeak hori ez zeukan.
Dorian Grayren erretratua hego goi-nafarrerara itzuli duzu. Zergatik Oscar Wilderen obra?
Giro desberdinak azaltzen dituelako, eta ekarpen berriak eskaintzen dizkio euskalkigintzari. Gainera, euskalkietan dagoen material gehiena erlijiosoa da, eta hortik kanpo beste zerbait ere egotea nahi nuen. Heriotza eta hilezkortasuna bezalako gaiak lantzen dituen eleberria da, eta hori interesgarria iruditzen zitzaidan.
Zein da zure lanbidearen zailtasun nagusia?
Hustuketa. Odietako eta Olaibarko euskalkien inguruan ez zegoen material askorik, baina Erronkarikoa egiteko bai, adibidez. Argitaletxeetan ere zailtasunak egoten dira, editoreek badakitelako hiztegiak oso gutxi saltzen direla. Pena da lana bertan behera gelditzea editoreei ez zaielako interesatzen.
Euskalkiak behar den bezala zaintzen dira?
Euskarak bizi duen prozesua beste hizkuntza batzuek ere izan dute. Euskarak iraungo badu, batu beharra dauka: hori argi dago. Ni ez nago horren aurka. Baina euskalkien materialak ditugun bitartean, interesgarria da horien berri ematea. Nik bihotzez pentsatzen dut euskara batua dakien pertsona batek bere euskara bertako euskararekin dotoretu, jantzi eta koloreztatu nahi badu eskubide osoa daukala. Eta horretarako bidea eman behar zaio.
Hiztegigilea eta idazlea
Aitor Arana: «Euskarak iraungo badu, batu beharra dauka»
Euskalkien hitzak lortzeko prozesuaz aritu da Arana, baita hiztegiak argitaratzeko dauden zailtasunez ere: «Pena da lana bertan behera gelditzea editoreei ez zaielako interesatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu