Euskalgintzak edan dezake ekologismotik, eta, orobat, euskarak elikatu dezake mugimendu ekologista. Hala uste du Joanes Igeregi (Sopela, Bizkaia, 1985) Sukar Horia talde ekologistako kideak. Bi arloen arteko lotura ikertu du, eta horretaz mintzo da Euskararen kolapsoa ala kolapsoaren euskara? hitzaldian: astelehenean, Algortako (Getxo, Bizkaia) Azebarri kulturgunean izango da, eta urtarrilaren 30ean, Arrasaten (Gipuzkoa).
Euskara kolapsatzeko arriskuan al dago?
Titulua hitz joko bat da. Uste dut euskara egoera delikatu eta prekario batean dagoela, gutxienez, baina kolapsoaren ideia gehiago dator ekologismotik: hor bai hitz egiten da gizarteak kolapsatzeko aukeraz. Tituluak erreferentzia egiten dio krisi horrek euskaran eragin dezakeenari: kolapso horretan lekurik aurkitzen ez badu, agian kolapsatzeko arriskua du.
Beraz, kolapso horretan lekua topatu behar du euskarak, ezta?
Hori da. Edozein gizartetan, bere lekua aurkitu behar du hizkuntza batek. Euskararen herrian, lehenago ere izan dira gizarte trantsizio batzuk; azkena, industrializazio sasoian. Euskalgintzak ahalegin kontziente bat egin behar izan zuen euskarak leku bat izan zezan gizarte industrial —hiritar— horretan. Euskara moldatuta zegoen nekazari gizarte batean bizitzeko, eta, gizarte aldaketa azkar batean, baserritik kalerako saltoa egin behar izan zuen. Iruditzen zait krisi ekologikoan ere euskarak bere lekua topatu beharko duela gertatuko diren gizarte aldaketa horien barruan.
Zein izango dira aldaketok?
Erregai fosilak amaitu egingo dira,eta nire hipotesia da segur aski ez dela egongo ordezko energiarik horiek ordezkatzeko, ez behintzat fosilek adina energia emango digunik. Eta horrek ekar dezake gizarte eraldaketa handi bat. Ez dakigu zer norabidetan joango den, baina baliteke azken hamarkadetan gertatu diren joera batzuk iraultzea.
Zein joera?
Gaur egun, gero eta gehiago bizi gara hirietan, eta gero eta gutxiago nekazaritzarekin lotutako lanbideetatik; ez badaukagu energia iturri bat aukera emango diguna nekazaritza automatizatzeko eta elikagaiak munduko edozein puntatik ekartzeko, posible da landa eremua berriro indartzea. Kasu horretan, euskarak bilatu beharko luke atzera ere mundu horretan izan duen eta neurri batean galdu duen lekua.
Egokitzea da gakoa, orduan. Hizkuntza gutxituek zailtasun gehiago dituzte egokitzeko?
Zailtasun gehiago dituzte hasieratik. Orduan, kontzienteago egin behar da egokitze lan hori. Gaztelaniak ez zuen sufritu industrializazioarekin, gizarteko geruza guztietan baitago. Euskalgintzak apustua egin zuen 1960ko hamarkadan: ikusi zuten gizarteko funtzio zentralak landa eremutik hirietara mugitzen ari zirela, funtzio formalek gero eta indar handiagoa zutela, eta euskaldunengan eragin handiagoa zutela hedabideek, eskolak, etxetik kanpoko lanbideek... Krisi ekologikoan, gerta liteke beste espazio batzuek izatea zentraltasuna.
Zeintzuek?
Seguru aski, gero eta pertsona gehiagok egin beharko dute lan oinarrizko beharrak asetzen. Gizartearen gaur egungo era oso ezohikoa da. Milaka urtetan, gizartearen %90ek lan egin behar izan dute janaria ekoizten. Gaur egun ez da horrela, nekazari bakoitzak milaka lagunentzako janaria ekoizten baitu, eta horrek aukera ematen digu askori beste lan batzuk egiteko.
Zer ekarriko du aldaketa horrek?
Nekazaritzatik kanpoko lanbideek indarra galdu ahala, probablea da merkatu eta estatu deitzen diegun esfera horiek pisua galtzea, eremu informalagoen edo intimoagoen mesedetan. Eta indarra irabaz dezakete gizarte antolatuko erakundeek, familiak, lagunarteak eta komunitate hurbilak. Euskarak esfortzu bat egin beharko luke horietan zentraltasuna edukitzeko.
Zer lotura dute bioaniztasunak eta hizkuntzen aniztasunak?
Begiratuz gero non pilatzen diren hizkuntza gehien eta non pilatzen den bioaniztasunik handiena, korrelazio bat dago. Uste dut jatorria beste kausa bat dela, biak batera ahalbidetzen dituena. Historikoki dominazioaren logika bat egon da, estatuek, patriarkatuak, klase esplotazioak eta abarrek ezaugarritua, eta logika horrek eragin du, aldi berean, bioaniztasuna eta hizkuntza aniztasuna txikitzea.
Zein da euskararen lekua borroka ekologistan, gaur egun?
Esango nuke ez dagoela lotura kontziente bat. Bakoitzak bere bidea darama. Feminismoak egin duen bezala, jabetu izan behar dugu zapalkuntzak elkarri lotuta daudela eta borroka askatzaileak ere elkarri lotuta egin daitezkeela.
ATZEKOZ AURRERA. Joanes Igeregi. Sukar Horia talde ekologistako kidea
«Euskarak bere lekua topatu beharko du krisi ekologikoan»
Krisiak eragin ditzakeen gizarte aldaketetara egokitu beharko du euskarak, Igeregiren arabera. Egoera gorabehera, euskalgintza eta ekologismoa batu daitezke; egun, ordea, «bakoitzak bere bidea du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu