Olentzerok, Mari Domingik eta Anbotoko Marik bat egingo dute gaur Bilboko Campos Eliseos antzokian. Baina txalaparta, trikitia eta txistua jo beharrean, gitarra elektrikoak eta baxuak entxufatuko dituzte. Oihan Vegak (Bergara, Gipuzkoa, 1981) sortu du Olentzero & Co! musikala.
Bigarren urtea du Olentzero & Co! musikalak oholtza gainean.
Bai. Ez genuen espero halako arrakastarik. Iazko Kursaaleko emanaldian sarrerak hiru aste lehenago amaitu ziren, eta orduan ikusi genuen uste baino emaitza hobeak izango genituela.
Hortaz, ideia bete-betean asmatu duzuela esan daiteke, ezta?
Bai. Alde batetik, euskarazko lehen Broadway ikuskizun originala sortu dugulako. Bestetik, Gabon garaian gozatzeko emanaldi aproposa delako. Batuketa horrek ezin du sekula porrotik egin.
Istorio tradizional baten ikuspegi berritzailea lantzen du obrak. Orekari eusten saiatu zarete?
Olentzero inoiz ez bezala ikusiko du ikusleak, baina ez diogu identitatea aldatu. Pertsonaiari buelta txiki bat eman nahi izan diogu, baina hankaz gora jarri gabe.
Arrotza izan daiteke Olentzero rockaren superstar gisa ikustea ...
Euskal mitologiako beste pertsonaiak agertzen dira obran, hala nola Anbotoko Mari, iratxoak eta Mari Domingi. Pertsonaia horiei eman diegu rock izarraren rola, baina Olentzerori misterio eta magia kutsua mantendu diogu, esentzia aldatu gabe.
Euskal mitologia pop eta rock hotsekin nahastea gure sustraiak gazteentzat berreskuratzeko aukera izan daiteke?
Beharbada. Formula honek funtzionatzen duela argi dago, baina ez da ez bide bakarra, ez ongi dagoen bakarra. Tradizioa transmititzeko betiko bideak hor diraute, eta halako ekimena nire ekarpena baino ez da.
Euskarazko lehen Broadway musikala da. Bazen garaia, ezta?
Bai! Erabakiak hartzeko garaian hori izan zen jopuntua. Beste musikal batzuen egokitzapenak egin dira, egia da, baina ez da berezkoa den ezer egin estilo horretan. Badugu halako ezer egiteko gaitasuna, eta ezin hobeto frogatu dugu.
Nola lortu duzue ideia huts batetik abiatuta 200 artistez osatutako ikuskizun bat sortzea?
Bergaran musikalak egiteko ohitura handia egon da betidanik. Broadwayeko euskarazko egokitzapenak egin ditugu, hala nola Miserableak eta Oliver Twist. Istorio original bat egin nahi genuen, eta ez dagoenez Olentzero baino pertsonaia gurea baino gureagorik, lanari ekin genion berehala.
Beraz, zuen asmoa ez da izan Gabonetako ohiko antzezlan bat egitea, ezta?
Jendeak ez du espero ikuskizuna horrelakoa denik. Sarrera erostean umeentzako Gabonetako antzerki bat ikusiko dutelakoan daude gehienak, baina ez da horrela. Lehen unetik nabaritzen dugu, gainera; aurpegiak eta irribarreak begiratzea nahikoa da.
Edonork gozatzeko moduko ikuskizuna da, hortaz.
Olentzero & Co! adin guztietarako musikala da, ez haurrentzat espresuki egindakoa. Broadway estiloko ikuskizuna da, eta, gainera, Olentzeroren istorioa kontatzen du. Edonork gozatzeko moduko konbinazioa da.
Oihan Vega. 'Olentzero & Co!' musikalaren egilea
«Euskarak bazuen garaia Broadway estiloko musikal propio bat izateko»
'Olentzero & Co!' musikala aurten bigarrengoz izango da Euskal Herriko antzokietan. Oihan Vegak sortu du, eta Bilboko Campos Eliseos aretoan izango da gaur (16:30). Iruñean, berriz, hilaren 27an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu