Egunsentitik, plaza blusaz eta neskaz betetzen da, jaietako benetako protagonistak. Kuadrillak, ereserki eta pozezko oihuekin, plazan daude, euren berotasuna bertaratutako guztiei kutsatuz. Kuadrilla askotako adabakiak ikusten dira alkandoretan: Gasteiztarrak, Bereziak, Karraxi, Alegrios, Gaupazaleak... Asko dantzan ari dira, beste batzuei gehiago kostatzen zaie jaietako laugarren egunean gora egitea: ajea nabari zaie batzuei aurpegian. Poteoan jende asko biltzen den gunea da Aihotz plaza, jaietako egunak hasteko gunea. Euskararentzako arnasgune izatea ere badu helburu, Geu Gasteizko euskararen elkarteko txosna bertan baitago.
Urtero legez, Aihotz plazara itzuli da Geu. Urte osoan egiten duten bezala, jaietan ere euskararen erabilera bultzatu nahi dute. Kartel askotarikoa prestatu dute horretarako, eta, gutxienez, Aihotz plazan giro euskaltzalea egotea dute xede. Giro hori bultzatzeko, hain justu, trikitilari eta bertsolariekin girotu dute eguerdia. Udal Folklore Akademiako trikitilariak aritu dira lehenik, eta Maddi Agirre, Iñaki Viñaspre, Gorka Pagonabarraga eta Maialen Lujanbio bertsolariak ondoren.
Eguerdiko hamabietan ireki dute txosna elkarteko kideek. Halere, antolatzaileek ez ezik, boluntarioek ere txandak egiten dituzte barran, elkarlana baita elkarteak sustatzen dituen oinarrizko balioetako bat. Barran lanean dabil Iraitz Perez de Goldarazena Gasteizko Harrikada curling taldeko kidea. «Nola ez ditut galderak erantzungo? BERRIAko bazkide eta harpideduna naiz, txo!», hasi da, txantxati: «Euskaldun askok osatzen dugu taldea, eta guretzat plazera da Geu elkartekoei barran laguntzea. Aurten nahiko txanda lasaia tokatu zaigu, baina izan ditugu txanda konplikatuagoak. Barrara sartu, azalpenak entzun, eta, ikasi orduko, txanda amaitzen da».
Trikitilariak giroa berotzen hasi dira, hamabiak pasatuta, eta gutxinaka hasi dira eserlekuak betetzen. Aurrealdean daude ikuskizunaz eserita gozatu nahi duten pertsonak; beste asko, ordea, atzealdean daude, dantzan. Jaione Fernandez pandero jotzailea eta Onintze Bayer trikitilariena izan da oholtzara igo den lehen bikotea. Hasieran «urduri» zeudela aitortu duten arren, «asko gozatu» dute gero. «Ez da erraza gora igotzea, eta ez gaude hain ohituak. Hala eta guztiz ere, gustura gaude egindakoaz». Presioa gainetik kenduta, bigarren bikotearen saioa ikusten geratu dira.
Trikiti emanaldia amaitu bezain laster hasi da bertso saioa, 13:00etan. Euskarak oholtzan tokia izan dezan antolatu dute bertso saioa. Jai giroa izan da nagusi, eta, horregatik, bertsolariek umoretik aritu dira bertso gehienetan. Bertsolariak elkar zirikatzen aritu dira, eta jendea adi-adi haiei begira. Publikoko bertsozale amorratuenak koruak egitera ere animatu dira, bertso amaieretako errepiketan.
Egunak aurrera egin ahala, Aihotz plaza lagunen eta senideen topagune bihurtu da, Gasteizko jaietan giro euskaldunaz gozatu nahi duenarentzat akuilu.