Irratiaren bestaldeari jarritako aurrealdea da. Jon Aizpurua Barandiaran (Ataun, Gipuzkoa, 1958) mikroari jarritako ahotsa zen lehen, eta ahotsari jarritako irudia da orain. Hika erantzun eta zuka idatzitako elkarrizketa bat.
Ataungo Udalean itzultzaile ari zena nola hasi zen esatari?
Itzultzailea nintzen, bai, garai hartan, ez baitziren udalean gauza asko itzultzen. Niri pasatzen zizkidaten aktak eta bestelakoak. Itzulpengintzaren munduan nenbilen, itzultzaile eskolan Martutenen... Banuen euskararekiko interesa. Goierriko euskal eskolan aritzen nintzen, euskalgintzan... Herrian bertan ere bazegoen garai hartan, eta gaur egungo egoerarekin konparatuz, indar bat. Harrigarria da belaunaldi hark zenbait gauza egin zituen euskalgintzari lotutakoak. Kazetaritzan hasi aurretik egiten genuen kazetari lana. Aldizkari bat ateratzen genuen, Nondik izenekoa... Bazegoen halako bor-bor bat. Ofizio hori, beraz, oso mutikotatik ezagutu nuen: elkarrizketak, erreportajeak, futbol txapelketen bideoak...
Eta irratirako jauzia?
Euskarazko irratia zetorrela eta, eskola bat muntatu zuten Donostian. Han ibili nintzen. Hortik etorri zen dena: azterketa gainditu, eta hamabi kazetari hasi ginen lanean; hogei lagun guztira. Emisioa hasi aurretik aritu ginen0 programak egiten, entseatzen.
Aurreneko saioaren kasetea gordeta omen daukazu...
Eta beste asko ere bai. Aurreneko hura musika klasikoari buruzkoa izan zen. Atera kontuak: ideiarik ere ez neukan, eta Txomin Artolak gomendatu zidan zer jarri. Hasiera hartan, fonotekako arduraduna zen bera.
Baina kiroletan eta albistegietan aritu zinen gehien.
Kiroletan, euskarazko hiztegiari zegokionez, Txapasek [Iñaki Elorza] zekien gehien. Atotxara joaten ginen, eta egiten genituen emankizunak gero antenan ateratzen ez zirenak. Grabatuta dauzkat kasetean. Entzutekoak dira. Nik: «Arbitroa...». Berak: «Epailea esan behar duk». Nik: «Banda...». Berak: «Alboko sakea esan behar duk». Bazegoen hiztegi bat Kirolkidea izenekoa, baina oso hutsetik hasi ginen, batez ere hiztegi falta horrengatik.
1982a zen: Munduko Txapelketa, Naranjito... eta zu kiroletan?
Bai, jauna! Halaxe izan zen. Baina nik Realaren jarraipena egin nuen partida batzuetan, Osasunaren jarraipena denboraldi oso batean... Baina egin kontu, hori dena asteburuetan, eta aste barruan albistegietan lan egin ostean. Gogoan dut Athleticek bigarren liga irabazi zuenean Bilbon egindako harreraren berri ematea tokatu zitzaidala ere. Istorio ederrak daude hor.
Kontatu baten bat...
Gabarra barruan Txapas joan zen. Ni Bilboko pisu batean nengoen, errekatik hiru bat kale atzerago. Justu-justu ikusten nituen pasatzen, leihoaren ertz batetik. Halaxe egin genuen emankizuna. Konexioetarako-eta arazo asko izaten genituen orduan.
Beste egoeraren bat?
Mugerzaren omenezko krosean abentura galanta izan genuen. Konexioa egiteko tokirik ez genuen lortzen. Fabrika handi bat zegoen han parez pare, eta ez zen ageri ez zaintzailerik eta ez beste inor. Tinbrea jotzera joan nintzen, eta hara non: fabrikako sirena zen. Han hasi zen sirena jo eta jo, igande goiz batean. Halakoxea izan zen hasiera hura: denetik egitea tokatu zitzaigun.
Albistegietan ibili zinen gehien?
30 urte baino gehiago. Eten bat egin nuen Salako leihoa egiteko Mari Karmen Odriozolarekin, eta beste etena, oraingoa, 2016tik amaierara, Kultur leihoa saioan.
Kaseteak aipatu dituzu lehen, baina irakurle gazte askok ez du jakingo zer diren ere.
Orain dela gutxi izan dut pasarte bat horrekin lotuta, herrian bertan. Ibilbide bat egin genuen Joxe Arratibel eta haren ipuinak oinarri hartuta, San Gregoriotik Ergoienara. Tartean, eraman nuen berari egindako elkarrizketa bat kasetean. Ez zara jabetzen momentuan gertatu arte, baina atera nuen trastea, atera nuen zinta, eta konturatu nintzen umeak begira-begira nituela; ez zeukaten ideiarik ere zer zen. Esan nien: «Punta-puntako teknologia da hau. Ez dakizue zer den?». Esplikatu nien, eta orduan jabetu nintzen gauzak zenbat aldatu diren.
Irratian ere bai?
Irratia bada hedabide bat beste zerbait egiten ari zaren bitartean entzun daitekeena. Hurbileko zerbait da, eta ez dut uste hurbiltasun hori galdu duenik.
Irratia egiteko edo kazetaritza egiteko moduan egon da agian aldaketa handiagoa?
Agian bai. Harremanak, nolabait, hoztu egin dira, arlo guztietan. Lehen, zeure harreman edo kontaktuen bidez informazioa lortzeko aukera zeneukan, beste zerbaitjakiteko modua. Orain, prentsa kabineteak daude tartean, eta kazetariak presentzia galdu egin du kalean. Gaur egun, oso xehatuta ematen digute eman nahi diguten informazioa, eta oso justukoa izaten da. Hortik aurrera jakin nahi duenak edo filtrazio baten bidez jakiten du, edo tentuz hartu beharreko beste zerbait izaten da.
Telebistak ez zaitu tentatu?
Izan nuen esperientzia bat Arkupe saioan, Hasier Etxeberriarekin eta. Ez nintzen gaizki sentitu, baina niretzat lehentasuna irratia izan da beti; gusturago sentitu izan naiz irratian.
Aurkezle gisa sekulako curriculuma daukazu. Egunkaria-ren hemerotekan zure izena sartuta: dantzari txapelketak, trikiti txapelketak, mondeju eguna, ibilbide mitologikoak... aurkeztu dituzu, eta Ataungo batzokiaren inaugurazioa ere bai.
Egia! [Barrez]. Eskatu zidaten, eta hori ere egin nuen.
Politikak tentatu zaitu inoiz?
Ez. Interesa izan dut, zer erremedio herri honetan, baina militantzia politikorik ez dut izan. Sindikalismoan bai; Euskadi Irratiko langile batzordean egin ditut, azken lau urteak kenduta, beste guztiak.
Ba ote dago zu baino ataundarragorik?
[Barrez] Asko! Mordo bat!
Hor horman dagoen hori, izatekotan bat [Joxemiel Barandiaranen erretratua ageri da].
Bai, hori bai ataundarra. Eta hori ere irratiarekin lotuta gertatu zen: Barandiaran parean tokatzea. Inoiz brometan esan izan didate espezializatu egin naizela Barandiaranen kontuetan. Baina herrikoa zen, etxean entzunda nekien gizon harrigarria zela, Ataungo sabioa deitzen zioten: «Hor doa sabioa». Eta irratian hasi nintzenean, eta tokatu zenean haren urtebetetzea, edo beste gairen bat, ni joaten nintzen harengana, eta nik hartzen nuen gaia. Baina askotan neure buruari galdetzen diot nolakoa izan zen harreman hura.
Zer dela eta?
Izan ere, ni berarekin harremanetan jarri nintzenean 92-93 urte zituen. Pentsa. Iruditzen zait urte pila bat egin nituela berarekin, baina jartzen zara begira, eta zazpi edo zortzi urtez ezagutu nuen. Eta, halere, zenbaterainoko arrastoa utzi didan... Barandiaranekin izan dudan harreman horren bidez lotu nintzen gero beste hainbat gauzarekin: jentilak direla, museoa dela, ibilbideak direla...
Hari buruzko biografia idatzi zenuten zuk eta anaiak. Nolakoa zen hurbileko tratuan?
Barandiaranengana zetozen gehienak jakintsu handi baten aurrera zetozen. Eta bera, distantzia labur horretan, justu kontrakoa zen. Gu bezalako ezjakin batzuk bere etxera joatea, ongi pentsatuta, zer zen? Molestatzera joatea. Bada, ez. Berak benetan estimatzen zuena horixe zen: bisitan joatea eta kontu freskoak kontatzea. Horrelako jende handiarekin badakizu normalean zer gertatzen den? Jendea hurbiltzen zaiela, baina aureola berezi batekin tratatzen dituztela. Eta haiek nahi izaten dute pertsona normal gisa tratatzea. Hark beti galdetuko zizun: «Etxean zer moduz? Zer berri San Martinen? Halako gaixo omen dago, han bidea egiten ari omen dira...». Gozatu egiten zuen horrelakoekin. Atsegina eta apala zen. Zortedun eta zorioneko sentitzen naiz ezagutu nuelako.
Jentilak aipatu dituzu. Baduzu jentilen etorrerari buruzko liburu bat ere idatzita. «Herriaren arima» aipatzen duzu izenburuan.
Eta hala da. Hasi ginen jentilen etorrera antolatzen, festen hasiera moduan, herriari lotutako ikuskizun gisa. Zerbait xumea zen, baina eskatzen zuen horrek jendearen parte hartzea, pertsonaiak sortzea... eta pilota joan zen hazi eta hazi. Hasi ginen antzerkitxoak egiten, paperak banatzen, eta dena kalean egiten. Hasi ginenean, ordea, teknologia erabiltzen, mikroak eta beste, ohartu ginen eguraldiaren menpe ezin ginela aritu, eta frontoian egin zenean, barrura eraman genuen. Horrek esan nahi zuen jendea eserita eta begira egongo zela, eta beste kalitate bateko eskaintza eman behar genuela: historia bat, aktoreen jarduna... Gidoiak egitea niri egokitu izan zait.
Osasuntsu dago?
Urte batzuetan larri samar, behar zirelako ondorengoak eta jende gaztea, baina gaur egun esan dezakegu erabat txertatuta dagoela herrian.
Duela gutxi ETBko Artefaktua saioan esan zenuen, besteak beste, eskertzen duzula euskara ona. Zer da euskara ona?
Nire iparrorratzetako bat izan da euskara. Eta nik irratian hala bizi izan dut, bi indar daudela borrokan: jendeak nahi duena dago batetik, eta bide irekitzailea edo bide erakuslea izan beharra dago bestetik. Euskadi Irratiari eskatu behar zaio, eta sorrerako legeak ere hori dio: izan behar duela bide erakuslea, ireki egin behar duela bidea. Kalea aipatzen da, eta badakigu kalean zer egiten den: asko eta asko, erdaraz. Ez naiz garbizale bat, baina iruditzen zait euskara ona egiteko obligazioa daukagula. Nik ulertzen dudan moduan euskara ona. Badakit ez dagoela euskara jasoa egiterik beti —arlo batzuetan bai, noski—, mikrofono batean aurrean komunikatu egin behar duzu, baina behintzat euskara zainduz eta euskara ona erabiliz. Bada hor esaldi bat dioena azkenean euskaraz ari garelakoan gaztelaniaz ari garela, eta hori hala da: arlo askotan horrela ari gara. Gizartea horrela dagoelako bai, baina horri kontra egiteko tresna izan behar dugu guk.
Eta zein da egoera gaur egun?
Ez dut uste euskara onarena erabat gainditutako ikasgaia denik irratian.
Kultur leihoa saioan egin dituzu azken urteak. Nola daude euskal kulturgileak?
Arlo asko daude kulturaren barruan. Nik literatura jarraitu dut, batik bat, eta musika, artea... pixka bat. Eta ez dakit, ez dut berpizkunderik ikusten. Egia da idazle punta-puntakoak eta bikainak badaudela... baina ez dakit. Ikusten dut asko publikatzen dela, publikatu bai, baina irudipena daukat aste batetik bestera ahaztuta gelditzen direla publikazio horiek. Lapikoa ongi berotu ostean, atseden hartzen utzi behar izaten zaio, eta uste dut hori falta dela. Batak bestea dakar atzetik, eta ez dago pausarik.
Albistegietan ere berdin?
Berdin. Gaur sekulako albistea dena bihar ezkutatuta dago. Horrek niri sortu izan dit halako sentipen bat: gauzen garrantzirik ezarena. Hain zalapartan bizi gara, atsedenik hartzeko betarik gabe. Kontsumo azkarrekoa da dena, eta kontsumitzeko, gainera, goxoki azala jarri behar diozu denari: egin behar duzu dibertitu, morbo puntu bat jarri... Bide hori ez zait batere gustatzen: dena ikuskizun bihurtu beharra, etengabe. Eta askotan inplikatuta zaude, parte zara horretan, eta jabetu egiten zara gertatzen ari denaz.
Twitter konturik ez daukazu.
Ez, ez naiz zalea. Iritzi emailea naiz, baina nire kuadrillan. Hori badakite haiek [barrez]. Serio planteatzen hasita, sare sozialek sekulako arriskua daukate. Esango dizut Barandiaranek esaten zuena. Justu-justuan ezagutu zuen hark Internet, eta zera zioen: «Ez dakit onerako izango ote den». Izan ere, sare horietan, badirudi denok dakigula denari buruz, eta ez da hala.
Haur bat ageri da zure Whatsapp zenbakiko irudian, mikro baten aurrean.
[Barrez] Polita da, ezta? Biloba da. Hiru dauzkat. Ez nuen nahi erretirorik hartu haiek irratira eraman gabe, eta eraman nituen, jakin zezaten aitona non aritu den lanean.
Etsiko duzu zuk mikrorik gabe?
Konturatu naiz azken urteotan inoiz baino ardura handiagoz aritu naizela mikrofonoaren aurrean. Sekula ez dit eragin kezkarik jendaurrean aritze horrek, baina azken txanpa honetan sentitu dut ardura edo kezka gehiago. Ez dakit faltan sumatuko dudan. Uste dut mentalizatuta iritsi naizela bukaera honetara, bizitzaren beste etapa bat dela, eta hor amaitu dela. Ez dut nahi horrekin odol txarrik egin. Atzetik datozenek ere egingo dute zerbait.
Jon Aizpurua. Euskadi Irratiko esatari ohia
«Euskara zaintzeko, euskara ona egiteko obligazioa daukagu»
Aizpuruak martxoan hartu zuen erretiroa. Sorreratik jardun da Euskadi Irratian, eta 40 urteko eskarmentua bildu du mikrofono aurrean. Bere ibilbidearen errepasoa egin du, eta kezkaz mintzo da komunikazioaz eta euskaraz. Irratiko ahots dotore hori da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu