Hiru kirol bata bertzearen jarraian: halaxe definitzen da triatloia. Zaila dirudi, baina Ane Arozenaren (Zarautz, Gipuzkoa, 1994) asteroko entrenamendu plana betez gero, helmuga gertuago sentitzen da. TMD Triatloia Maite Dutegitasmoaren parte da Arozena, eta, era berean, 18 astetan triatleta erronkaren enbaxadoreetako bat da; oraingoan, distantzia luzearen gidaria izanen da.
Sinesmenak hausteko sortu zen TMD?
Bai, zeren, hasteko, pentsatzen dugu triatloi bat egiteko triatleta izan behar dela: egunero entrenatu behar dela pila bat, kiroletan ongi moldatu behar dela... eta hori pasatzen da distantzia luzeetan, baina hortik harago ere triatloi asko daude. Gure egitasmoak ikusarazten du hemezortzi asteko entrenamendua eginda gai izan gaitezkeela triatloia egiteko; bai, behintzat, distantzia txikian. Oso egingarria da, nahiz eta egunerokoan kirolik egiteko ohiturarik ez eduki.
Hasiberriei dago zuzendua, beraz?
Izan daiteke hasiberri batentzat, edo erdiko distantzian ari den batentzat distantzia handira pasatu nahi duelako. Gazteekin aritzen gara batez ere, baina edozeinentzat izan daiteke. Emakumeengana heltzen ahalegintzen gara, iruditzen baitzaigu triatloien mundu hau ez zaigula hain hurbila egiten emakume askori.
Ez dira, ez, distantzia motzak.
Alde batetik, Super Sprint distantzia dago, txikiena: 350 metro igerian, 8 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika. Beste alde batetik, Sprint distantzia dago: 750 metro igerian, 21 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika. Eta, azkenik, Olinpikoa: 1.500 metro igerian, 40 bizikletan eta 10 korrika.
Azken hori eginen duzu zuk aurten.
Hori da nire helburua, bai. Duela bi urte hasi nintzen egitasmo honetan parte hartzen, Sprint distantzian. Aurten, erronka berria daukat begi artean.
18 astetan triatleta. Zenbat da hemezortzi aste?
Izan daiteke gutxi eta izan daiteke asko, eskaintzen zaion denboraren eta momentuaren arabera. Askotan gertatzen da hemezortzi aste oso urrun ikusten direla; ematen du bidea oso luzea dela, eta, hortaz, hasieran entrenamenduak ez dira hain serio hartzen. Hemezortzi aste bainoago, ekaina da urrun ikusten dena. Nire gomendioa da hasieratik indartsu hastea, gero denbora gainera etortzen da eta. Taulei eta ariketei ondo jarraitzen baldin bazaie, ez da hain luze egiten, eta oso egingarria da. Jarreraren arabera, luzea, aspergarria edo motza izan daiteke.
Otsailean hasita, zenbat entrenamendu dira astean?
Otsailean hasi eta ekainean bukatuko dugu. Distantzia txikian hiru entrenamendu astean, eta beste bietan, berriz, bost. Denbora aurrera joan ahala, baina, egun bakoitzean bi kirol egin beharko dira; goizean bizikleta eta arratsaldean igeri, adibidez. Gero, hiru triatloi aukeran: Hondarribikoa [Gipuzkoa], Lekeitiokoa [Bizkaia] eta Donostiakoa; txikitik handira.
Norberak erabakitzen du noiz entrenatu?
Entrenamendu indibidualak dira; guk, astelehenero, taulatxoak eta eginbeharrak bidaltzen dizkiegu, eta norberak erabakitzen du non eta nola egin. Horrez gain, besteak beste, bizikletan ibiltzeko topaketak edo triatloia egin baino lehenago ibilbidea ezagutzeko topaketak eskaintzen ditugu.
Baita udalekuak ere.
Triatloia Maite Dut egitasmoak bi atal dauzka barruan: 18 astetan triatleta eta udalekuak. Irailean izaten dira udalekuak, 7-17 urte bitarteko haurrentzat; Orion [Gipuzkoa].
Hiru distantzia, hirurak euskaraz.
Gurentzat oso garrantzitsua da egitasmoak berak euskara sustatzea, eta helburu horrexekin sortu zen, gainera, 2010. urtean. Bidaltzen ditugun entrenamenduak euskara hutsean dira, webgunea ere hala daukagu... Euskararen erabilera bultzatu nahi dugu; guri dagokigunez, triatloi esparruan. 18 astetan triatleta erronkan, Telegrameko hiru talde egiten ditugu, eta hor parte hartzaileekin harremana izaten saiatzen gara. Batzuetan esan izan digute pena dela gazteleraz ez izatea, baina guk ez dugu beste biderik ikusten. Euskara sustatu nahi dugu, eta emakumeek izena ematea.
Zer erran nahi du enbaxadore izateak?
Begirale moduko bat izatea, distantzia bakoitzeko arduradun bat. Hiru gara guztira, astelehenero taulak bidaltzeko eta taldea bideratzeko ardura hartu dugunak. Dena den, jende gehiagok osatzen du taldea: atzean jende asko dago.
LOTSABAKO
Berriz eginen zenukeen triatloi bat?
Lekeitiokoa [Bizkaia].Bizikleta, korrika edo igeri?
Bizikleta.Entrenamenduak, taldean edo bakarka?
Taldean, beti.