Zeruari begira egon ziren joan den astean Zangozan (Nafarroa). Euria, lokatza eta hotza nagusi ziren, eta eguraldiak igandeko besta oztopatuko zuen beldur ziren. Baina atzo, azkenean, eguzkia piztu zen lainoen artean, eta eguraldia lagun izan zuten Nafarroa Oinez-en.
Biharamunean, nekea eta poztasuna nahasi dira Nagore Oria Zangozako Ikastolako zuzendariaren baitan. Aurreko egunetako baldintza meteorologikoen gorabeheren ondoren, aurtengo Nafarroa Oinez «oso positibotzat» jo du zuzendariak, eta arlo guztietan «giro bikaina» izan zela adierazi du: «Aurreko astea oso gogorra izan zen. Eguraldiak ez zigun batere lagundu. Baina gizatalde ikaragarria izan dugu, eta horri esker irtenbidea aurkitzeko gai izan gara».
Zangozan izan da laugarren aldiz Nafarroa Oinez. Zangozako Ikastolan, lehendabizikoa 1987an izan zen; bigarrena, 1998an; gero, 2014an; eta azkenik, atzo. Aurten Piztu! izan da leloa: piztu euskara, piztu euskal kultura, eta argitu Nafarroa euskalduna. Aurten ere helburua euskara zabaltzea dela adierazi du zuzendariak: «Euskararen arnasgune da ikastola. Duela 46 urte sortu zen, eta, horri esker, Zangozan euskarak eta euskal kulturak bizirik jarraitzen dute. Hori bultzatu behar dugu etorkizunean euskara presente egon dadin».
Arnasgune horretan hazi da Usua Lizarraga Nafarroa Oinez-eko Komunikazio Batzordeko arduraduna eta Zangozako Ikastolako ikasle ohia: «Kalitatezko hezkuntza euskaldun baten alde egin nahi dugu». Urteotan euskara sustatzeko lan egin duten familien lana azpimarratu nahi izan du zuzendariak: «Askotan esaten dugu euskarak badituela arnasgune batzuk, baina periferian gauden horiei esker daude arnasguneak. Uste dut polita dela lan hori ezagutzea». Gaur egun, 121 familia ari dira euskara pizten Zangozako Ikastolan. «Gurasoak klaseak garbitzen, patioa margotzen eta ekitaldiak antolatzen ikusi ditugu. Denok elkarrekin lan egin dugu helburu komun baten alde: euskararen alde», esan du Lizarragak.
Ekitaldiak denentzat
Zangozako Ikastolak askotariko egitaraua prestatu du aurten, eta milaka pertsona joan ziren prest zituzten guneetara. Piztu gunea Zangozako bandarekin esnatu zen, eta eguerdian Motxila 21 taldea igo zen agertokira. Ondoren, dantza izan zen protagonista, Mingain Dantzari ikuskizunaren eta Ortzadar taldearen eskutik. Gune horretan egon zen Adur Lafuente aita, 4 urteko semearekin, puzgarriez eta jolasez gozatzen. Goizean goiz sartu ziren autoan, eta iluntzean itzuli ziren Iruñera, hiru guneak bisitatu ondoren: «Haurren jolasak oso ongi prestatuta zeuden. Ongi pasatu genuen, bai handiek baita txikiek ere. Oso gustura egon ginen».
Mintzatu gunea Gora Musikarekin girotu zuten, eta gero herri kirolak hasi ziren; eguzkia gainean izanik, izerditan hasi ziren parte hartzaileak. Kiroletan aritu ondoren, izerdia dantzan hasteko ordua iritsi zen, DJ Martzel, Ibil Bedi, Anari, Lumak eta beste zenbait artistaren laguntzarekin. Azkenik, Gozatu gunea zegoen, eta, Kiki, Koko eta Mokoz gain, Leihotikan, Kaleko Urdangak eta Trikidantz taldeak aritu ziren besta musikarekin apainduz.
Gainera, egun osoan tailerrak ere egin zituzten, eta bertan despopulatzea izan zen gai eta kezka nagusia. «Zangozaldean despopulatze tasa handia dugu, zerbitzu eskasak ditugu, eta jaiotza tasa behera doa», esan du Lizarragak. Hala ere, Nafarroa Oinez-i esker, Zangozaldeko hainbat herritan jarduerak egin dituzte, eta kultur egitarau zabala garatzeko gai izan dira, ikasle ohiaren arabera: «Herriak piztuta ikusi nahi ditugu. Horrek komunitatea sortzeko eta gure arteko harremanak sendotzeko ere balio izan digu».
Emaitzei begira
Zangozako Ikastolak eskerrak eman dizkie parte hartzaileei, eta bisitariek aparkalekuetan izan duten pazientzia azpimarratu dute, antolakuntzaren jarraibideei kasu egiteagatik. Antolatutako hiru aparkalekuetako batean zegoen Endika Matxin boluntarioa, herrira iristen ari ziren bisitariei laguntzeko. Matxin 08:00etan hasi zen beste zazpi boluntarioekin batera erdigunetik urrun zegoen aparkalekuan bisitariei harrera egiten, baina 09:30 arte ez ziren autoak pilatu: «Txanda 12:00etan amaitu nuenean hasi zen jende gehiago etortzen». Dena «ongi» atera zela esan du boluntarioak, baina aurreko egunetan kezka nagusia zela antolatzaileen artean: «Txandak egin ziren lokatza kentzeko; traktoreekin ibili ziren aparkalekuak garbitzen». Hala ere, lokatza ez zen oztopo izan parte hartzaileentzat, eta autoek bete zituzten aparkalekuak.
Atzo lortutako etekinak ikastolak dituen zor batzuei aurre egiteko erabiliko dituztela esan du Oriak. Hasteko, Lehen Hezkuntzako geletako leihoak aldatzeko eta hormen isolamendua hobetzeko. Bestetik, 2005ean eraiki zuten Haur Hezkuntzako eraikinaren zorrak ere ordaindu nahi dituzte. «Etengabe aipatzen dugu despopulatzearen gaia, baina badago arazo larri bat. Horrek eragiten du zor hori familia gutxi batzuen bizkar gainean egotea».
Lekukoa Atarrabiako (Nafarroa) Paz de Ziganda ikastolaren eskuetan dago orain: haiek antolatuko dute 2025eko ikastolen besta. Lekukoa Zangozako Ikastolak hartu zuenean «bertigoa» sentitu zuen Oriak, proiektua aurrera eraman ahal izango ote zuten zalantza zuelako. Hala ere, «poliki-poliki», ikusi zuen behar den antolaketa lana egiteko gai zirela, eta babesa eskaini nahi izan die Paz de Zigandakoei: «Prozesuaz goza dezatela. Leher eginda gaude, baina prozesua oso aberasgarria izan da. Ikastola gisa indartu, kohesionatu eta ahaldundu gaitu. Ziur nago zoragarri egingo dutela».