Euskara pasioa da Villa Marian

Argentinako Villa Maria herrian barnetegi bat antolatu dute Etxepare institutuak eta Argentinako Euskal Etxeen Federazioak (FEVA). Hamasei ikaslek eta bi irakaslek milaka kilometroko bidaia egin dute egitasmo horretan parte hartzeko.

Euskara ikasleak Argentinako Villa Mariako barnetegian. MARKOS TEDIN-URIBURU CASTRO
Euskara ikasle batzuk Argentinako Villa Mariako barnetegian. MARKOS TEDIN-URIBURU CASTRO
marcos tedin
Villa Maria
2025eko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun

«Pasioa da, ezin da beste era batean definitu», baietsi du Mariana de Sautuk. 1973an jaiotakoa da, Argentinako Pergamino herrian; txiki-txikitatik bertako euskal etxean hazi da. Izan ere, haren aita instituzioko lehendakaria izan zen. De Sautu dantzan aritu zen lehenengoz, osasun arazoak izaten hasi zen arte. Gero, esan duenez, egitasmo guztietan murgiltzen ahalegindu zen. Ahalegin horretan zebilela, euskara ikasteko aukera topatu zuen 2020an. «Gerora aukera hau izango nuela jakinez gero, kasu gehiago egingo nion», aitortu du. Harentzat, hasieran, klaseak «bilera sozialak» ziren gehienbat. Gaur egun, hala ere, egoera erabat aldatu da: hizkuntza ikasteko lau urteko programa batean eman du izena, etorkizunean irakaslea izateko. Eta programa horren zati funtsezkoa da barnetegia, urtean bitan —udan eta neguan— Argentinako hainbat herritan antolatzen dena: Villa Mariakoa da horietako bat.

Hamar egunez, pasioak herritik eta familiatik urrun eraman du De Sautu: «Ordu asko eskatzen dizkizu euskara ikasteak, eta denbora hori, funtsean, familiari kentzen diozu. Nik uste dut hori pasioa dela: hizkuntza honek sentiarazten duena ezin da hitzen bidez azaldu». Pergaminotik Villa Mariara egin du bidaia barnetegian egoteko: hots, hirurehun kilometro baino gehiago egin ditu.

«1990. urtean, eskolak ematen zituzten Argentinako euskaldunak hiltzen hasi ziren, eta euskara galtzen hasi zen»

SABRINA OTEGIBarnetegiko irakaslea

Bidaia are luzeagoak egin dituzte beste batzuek. Andrea Malkorra Rio Coloradokoa da, eta zortziehun kilometro baino gehiago egin ditu eskoletara joateko. «Garrantzi handia du euskarak nire bizitzan, aita gogorarazten dit eta», aitortu du. Azaldu duenez, aitak, nahiz eta Argentinan jaio, euskaraz hitz egiten zuen osabarekin. Malkorra ez da inoiz Euskal Herrian izan, baina euskalduna da. Barnetegira etorri da euskara maila hobetzeko eta irakaslea izateko. Lau urteko programa bukatu eta gero, Rio Coloradoko euskal etxean eskolak eman nahi ditu.

Elias Mancini ere etorri da barnetegira irakasle izateko. Paranan jaio zen, 1991n, eta hango euskal etxean eman nahi ditu eskolak. Herrialdeko toki askotan ikasle asko daude, baina irakasle gutxi. Hori dela eta, eskaera hori betetzeko prestatzen ari dira.

Zilbor heste ugari

Ikasle bakoitzak lotura berezi bat du hizkuntzarekin. Mancinirena, zalantza barik, kuriosoenetako bat da: beste askok bezala, arbasoengandik jaso du euskara, baina, haren arbasoak Italiakoak ziren. Antza, Argentinara heldu zirenean, euskaldunekin eta Europako toki guztietako etorkinekin nahastu ziren, eta euskarazko hitz solte batzuk ikasi zituzten, eta gerora Manciniri irakatsi. Horrek piztu zion hizkuntzarekiko pasioa.

Beste batzuentzat, Itziar Ituño aktorea izan da inspirazio iturri nagusia. Sol Cicero Moronirentzat adibidez: La Casa de Papel telesaila ikusi ostean, basauriarraren (Bizkaia) beste lanak bilatu zituen, eta Loreak aurkitu zuen. Asko gustatu zitzaion, eta berehala sortu zitzaion hizkuntza ikasteko gogoa.

«Argentinan euskaraz bizitzea pixka bat zaila da, baina egunero saiatzen naiz irakurtzen eta pentsatzen. Gainera, nire bikotekidea ezagutu nuen programa honetan; beraz, garrantzi handia du nire bizitzan», kontatu du Cicero Moronik, lanbidez pediatra denak. Barnetegian egon diren askori bezala, hizkuntzak bizitza aldatu dio. Orain, irakaslea izatea gustatuko litzaioke.

«Gauza pila bat zor diot euskarari: formakuntza, bidaiatzeko aukera, jende asko ezagutzea... izaera ere aldatu dit»

GABRIEL ARCEEuskara ikaslea

«Jendeak beti galdetzen dit zergatik ikasten dudan hizkuntza hau, eta nik beti erantzun berriak aurkitzen ditut», adierazi du Agustina Madarietak. 2019an hasi zen eskolak hartzen, eta gaur «maiteminduta» dago: «Nire bizitza osoa hartu du euskarak». Ispasterko (Bizkaia) arbasoak ditu, eta gaur egun saiatzen da inguru euskaldun bat sortzen, ikasteko. Egunero euskaraz irakurtzen, entzuten eta hitz egiten du. Idatzi ere egiten du: «Idaztea ariketa bat da praktikatzeko: hitzekin jolastu naiteke, eta hitz berriak ikasten ditut».

Mariana Juezek, besteek bezala, irakaslea izan nahi du. Horrez gain, bere familiaren ondareari jarraitu nahi dio. Juezen birraitonak Lasatik (Nafarroa Beherea) emigratu zuen Argentinara, eta euskaraz hitz egiten zuen. Haren familiak, berriz, ez. Horregatik hasi zen ikaten, eta «oso hizkuntza interesgarria» iruditzen zaiolako. Berarentzat ere oso garrantzitsua da hizkuntza. Izan ere, «erronka handi bat» dela dio. Horrez gain, haren ustez, euskara ikastea familia omentzeko modu bat da.

Euskara ikasleak Argentinako Villa Mariako barnetegian. MARKOS TEDIN-URIBARRI CASTRO
Euskara ikasle batzuk Argentinako Villa Mariako barnetegian. MARKOS TEDIN-URIBARRI CASTRO

Maria del Mar Alderetek ere arbasoengatik ikasten du hizkuntza: «Nire aitona-amonek Nafarroan ezagutu zuten elkar, eta familiak erbestea transmititu zidan apur bat. Euren lurra maitatzen irakatsi ziguten. Ni Euskal Herrikoa sentitzen naiz, edozein euskaldun bezala». Buenos Airesekoa da Alderete, eta Nafar Etxean hasi zen ikasten. «Pasio handikoak gara argentinarrak», uste du. Garraldan (Nafarroa) jaiotako aitonak irakatsi zizkion hitz solte batzuk, eta txikitatik ikasi nahi izan zuen hizkuntza.

Bistan denez, askotarikoak dira ikasleek euskara ikasteko dituzten arrazoiak. Hala ere, euskaldun arbasoak izan ala ez, Euskal Herria ezagutu ala ez, guztiek ziurtatu dute pasio bat dela, eta guztiek irakasle bihurtu nahi dute pasio hori zabaltzen jarraitzeko. Hizkuntzak badu zerbait erakartzen dituena, nahiz eta ezin duten hitzetan jarri.

Gero eta ugariago

«Pasioa, konstantzia, borondatea… nik miresten ditut», esan du Kinku Zinkunegi Etxepare institutuaren ordezkariak. Izan ere, uste du Euskal Herritik 11.000 kilometrora euskara ikastea «izugarrizko erronka» dela. Hala ere, pasioa ez da nahikoa. Horrelako barnetegi bat aurrera eramateko, beste gauza asko ere behar dira: azpiegitura, antolakuntza, diru laguntzak… horretaz arduratzen dira Etxepare institutua eta Argentinako Euskal Etxeen Federazioa. Horiek bihurtzen dute posible egitasmo hau.

Argentinan Euskaraz programa 1990. urtean sortu zen. «Garai hartan, euskal etxe batzuetan bazeuden euskara klaseak, baina hango euskaldunek ematen zituzten. Azkenean, euskaldun horiek hiltzen hasi ziren, eta batzordeetako jendea konturatu zen euskara galtzen ari zela», gogora ekarri du Sabrina Otegik, barnetegiko irakasleetako batek. Orduan, Argentinako ordezkariek lehendakariari eskatu zioten laguntza. Erantzuna berehalakoa izan zen: «Hauei lagundu egin behar zaie». Agindua eman eta denbora gutxira, lehenengo barnetegia antolatu zuten, Argentinako Macachin herrian; «ezerezaren erdian», Zinkunegiren hitzetan. Bi irakasle etorri ziren Euskal Herritik, eta, hiru hilabetez, hamazazpi ikasle prestatu zituzten gerora klaseak emateko gai izan zitezen.

«Pentsatu genuen hor bukatuko zela euskara gosea, baina ez zen hala izan. Eta hau da benetan Argentinako euskaltzaleek duten balioa: ikasle bakoitza, bueltatu zenean, klaseak ematen hasi zen», azaldu du Zinkunegik, eta azpimarratu du lehenengo barnetegi horretatik beste hainbat sortu zirela. Hortik aurrera, egitasmoak urtero-urtero jarraitu zuen, baina beste modalitate batean. Orain, lau urte irauten duen programa bat da: klaseak online egiten dira, eta, sei hilabetean behin, aurrez aurreko barnetegi bat antolatzen da, bi astekoa.

Euskara ikasleak Argentinako Villa Maria herrian. MARKOS TEDIN-URIBARRI CASTRO
Euskara ikasle batzuk Argentinako Villa Maria herrian. MARKOS TEDIN-URIBARRI CASTRO

Zinkunegi 1995ean hasi zen programan lanean. Haren hitzetan, lehenengo helburua beti izan da «Argentinan argentinarrek giza baliabide propioak izan zitzatela jarduera hori aurrera eramateko». Lortu dute.

Gabriel Arce horren adibidea da. Nahiz eta arbaso euskaldunak izan, askok bezala, ez zekien euskara zer zen ere. Soziedad Alkoholikaren abesti bati esker hasi zen hizkuntza ikasten. Sabrina Otegi izan zuen irakasle, hain zuzen ere. Gaur, Arce bera ere irakaslea da. «Gauza pila bat zor diot euskarari: formakuntza, bidaiatzeko aukera, jende asko ezagutzea… izaera ere aldatu dit», aitortu du. Berak eta Otegik ezin dute imajinatu bizitza euskara barik.

Sarea zabaltzen

Euskaraz Argentinan programak izan duen beste lorpen bat da herriko toki guztietara heltzea. Argentina munduko herrialderik handienetan zortzigarrena da, eta euskal etxeak nonahi daude sakabanatuta. Hori dela eta, bai Etxepare Institutua eta bai FEVA ahalegindu dira ahalik eta herri gehienetara heltzen.

Ignacio Eskiroz ikaslea Trelewkoa da, eta uste du «funtsezkoa, oinarrizkoa eta oso beharrezkoa» dela erakundeek herrialde osora heltzeko egiten duten saiakera. Hegoaldekoa izanda, eskertu du jarrera hori: «Federaziotik landutako proposamenak oso interesgarriak dira, aukerak eskasagoak diren toki horietara heltzeko. Patagonian badago jende asko euskal arbasoak dituena, eta euskal etxe ugari sortu dira. Askok ikasi nahi dute euskara».

«Pasioa, konstantzia, borondatea... nik benetan miresten ditut Argentinako euskaldunak»

KINKU ZINKUNEGIEtxepare institutuko ordezkaria

Argi dago pasioaren atzean ahalegin handia dagoela: ikasle, irakasle eta federazioek egindako ahalegina. «Hemen gertatzen dena munduko beste leku batean ulertezina eta esplikaezina da», ziurtatu du Aime Temis Barrutia ikasleak. Nahiz eta Neuquengoa izan, Vigotik (Espainia) etorri da barnetegira. Haren ustez, Argentinan, bizitza oso «aldakorra» da, eta lau urteko programa batean izena ematea, euskara ikasteko, «zoramena» da: «Zergatik gertatzen da hori? Pasio handikoak garelako, emozioek bultzatzen gaituztelako».

«Oso harro» sentitzen da Otegi programa honen parte izateaz: «Beti saiatzen naiz nik daukadan pasioa transmititzen, horrek asko laguntzen baitu ikasteko». Argi dago zein den ikasle eta irakasleen motorra. Pasioari, borondateari eta konstantziari esker —Zinkunegik esan duen moduan—, ikasleek, irakasleek eta erakundeek lortu dute hizkuntza batek bizirik irautea. 11.000 kilometrora, Argentinan, euskarak loratzen jarraituko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.