Itzulpengintzan —Gipuzkoako Foru Aldundian—, udal politikan —Donostiako Udalean— eta komunikabideetan kolaboratzen —Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn zutabeak idatzi zituen— bide luzea egin du Ramon Etxezarretak (Urrestilla, Azpeitia, Gipuzkoa, 1954). Kontxako pasealekutik gertu dagoen taberna batean da elkarrizketarako hitzordua. Lerrootan ez dira kabitzen hark esandako guztiak.
Nork deitzen zaitu Urrestilla?
Garai hartako jendeak, oraindik adiskide jarraitzen dutenak asko. Eta oso gutxi batzuek Jakue deitzen didate; ZerukoArgia-n idatzi nuen lehen artikuluan ezizen hori erabili nuen: Jakue Abardoi. Urrestillan, berriz, Errai Botx; ni ez naiz Ramon Etxezarreta, gure aita zena zen hori.
Zergatik Errai Botx?
Urrestillako berriemailea nintzen El Diario Vasco-n, eta Errai Botx ezizenarekin sinatzen nituen testuak. Famatuak izan ziren nire kronikak inguru haietan.
Nola gogoratzen duzu duela 50-60 urteko Urrestilla?
Hamarkada osoa hartuta, askotarikoak eta oso ezberdinak dira oroitzapenak, baina zaharrenetara joz gero, oso katolikoa eta apostolikoa, Euskal Herri ia osoa bezalatsu, eta oso euskalduna baina hizkuntza kontzientziarik ia gabea.
Francisco Franco hil zenean, 21 urte zenituen. Zertan zenbiltzan hori gertatu zenean?
Iraultzan, iraultza ezin abertzaleagoan. Euskaran, euskaraz, literaturarekin eta adiskideekin gozatzen ikasten, maiteminetan.
Euskara irakasle gazterik hasi zinen, ezta?
Ba, bai. Atrebimendu handiz, handiegiz. Batzuetan aski ondo egin nuen lan hori, harro nago. Beste batzuetan ezin okerrago aritu izanaren sentsazioa dut, jendea gaizki bideratu izanarena eta ikasketetan galdu izanarena. Iruditzen zait ikasle pila batek ardurak eska diezazkidakeela; lotsagorritu eta ikaratu egiten nau.
Eta literaturaren bueltan, nola murgildu zinen?
Koldo Izagirre izan zen pozoi hori sartu zidana; geroxeago, Oh euzkadi!-koak izan ginen kuadrillakoekin batera. Neukan baina baliorik ematen ez nion hizkuntza baten xarma kutsatu zidan, eta literaturaren ateak zabaldu.
1983an, Hiztegi erotikoa eman zenuen argitara. Nolatan sortu zen hura?
Izagirre zegoen hor ere. Desafioa, garaiko giroan akzioa zen hura, nolakoa gainera! Orduko lekukotasunerako, beste gauza gutxitarako balio du.
Itzulpengintza izan da zure ofizio nagusia. Nola hasi zinen horretan?
Zaletasunez. Zentzatu eta lanean hasi beharra zegoen, etxera ogia eraman behar guraso batek, eta profesionaltasunaren aukera izateko oposizioak egin nituen diputaziorako. Isilik eta lotsaz egin nuen bidea. Funtzionario bihurtzea umiliagarri egiten zitzaidan.
Zergatik umiliagarri?
Dena aldatu da. Garai hartan, gazte batentzat funtzionarioa izatea gauza tristea zen, iluna, sistemak irentsitakoa, maite ez nuen jendearekiko morrontza. Ez zen lanbiderik prestigiatuena.
Zein dira itzulpengintzaren gauza onak eta txarrak?
Bitxia dirudien arren, euskal herritarrak elkarren artean ulertzeko ezinbesteko tresna da. Munduko kultur ondarea etxekotzekoa ere bai. Eta etxekoa kanporatzekoa, nahi bada, behintzat.
Testu asko itzuli behar izaten dira Gipuzkoako Foru Aldundian?
Egun dagoen aginte politikoarentzat gero eta gutxiago itzuli behar da aldundian, eta gero eta gehiago aldundiarentzako. Mesfidati dira itzulpenarekin, ia oztopo kontsideratzen dute normalizaziorako; ofizioa desakreditatzen ari diren irudipena dut. Uste ekibokatu bat izan daiteke, baina.
Politikaren ibilbideari dagokionez, Euskadiko Ezkerraz hitz egin behar da. Zein zen Euskadiko Ezkerraren xedea?
Liberazio nazionala eta liberazio soziala ziren EIAren leloak, independentzia eta sozialismoa beste batzuena. Xedea politika ezkertiarra eta abertzalea egitea zen diktaduratik demokraziarako bidean zen euskal gizarte hartan.
Iruditzen zaizu Euskadiko Ezkerraren esparrua ordezkatua dagoela egun Eusko Legebiltzarrean? Zer indarretan?
Nekez ikus daiteke Euskadiko Ezkerrarik egungo legebiltzarrean, behar inoiz baino gehiago behar den arren. EH Bildukoak dabiltza antzeko zerbait egin nahian, baina berrogei urteko atzerapenarekin.
«Nekez ikus daiteke Euskadiko Ezkerrarik egungo legebiltzarrean, behar inoiz baino gehiago behar den arren. EH Bildukoak dabiltza antzeko zerbait egin nahian»
EH Bildun ikusten al dituzu Euskadiko Ezkerraren gauzak?
Ukazio osotik indar instituzionala bihurtu da, gobernu indarra ere izan nahi du: sistemak erabat asimilatu du, eta berak sistema bereganatu.
Nola bizi izan zenuen Euskadiko Ezkerraren desegitea? Batzuk PSEn sartu zineten, baina denak ez zeuden ados, ezta?
Ezta neu ere. Ni ez nintzen PSE-EE konbergentzian sartu: neure kabuz sartu nintzen 1994an. Penaz bizi izan nuen zatiketa. Baina bizitzak badu hori: hurkoa, hurbilenekoa bilakatzea etsai.
Donostiako Udaleko zinegotzi izan zinen garaian, bizkartzainarekin ibili behar izaten zenuen. Nola baldintzatzen zuen horrek zure egunerokoa?
Bizkartzainek ez, biolentziaz pertsekutatzen zaituztenek baldintzatzen dute zure bizitza eta zure gertuko guztiena.
Donostian sortu zen udal liburutegien sarea hor da. Horretan jarri zenuen enpeinua, ezta?
Merezi zuen horrek. Aparteko lantaldea neukan horretarako, eta herritarrek gogoz erantzuten zuten oso. Baina oraindik ere Euskadi deitzen dioguna Espainiako azken putzetako bat da liburutegi zerbitzu publikoan. Edozein dabil gu baino aurreratuago. Zenbat eskolak dakite liburutegi bat zer den? Euskal harrokeriak ez digu, sarritan, ez ingurua, ez mundua ikusten uzten.
Eskolak eta liburutegiak gaiarekin egin daiteke zerbait?
Arazo bat daukagu hor. Luze joko luke... Eskoletan hizkuntza eskakizunik betetzen ez zuten irakasleak baztertzen zituzten liburutegira. Orain, ez dakit liburutegirik ere badagoen. Eskoletako liburuzainen lanbidea desagertzen ari da funtzio publikoan.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde karguan oso denbora gutxi iraun zenuen. Zergatik eman zenuen dimisioa?
Hilabete batez luzatutako haurdunaldi bat izan zen hura. Ez nintzen integratua sentitu Kultura Sail hartako taldean. Ez genuen berdin pentsatzen. Nire jatorria, Donostia, politikoagoa zen, ez hain funtzionarioa.
«Hobe genuke indartsuak eta liderrak garen sektoreetan euskara sakondu, eta ez kolorinetan eta folklorekerietan talentua eta baliabideak xahutu»
Nolako hizkuntz politikak beharko lituzke Euskal Herriak?
Transbertsalak. Kultura eta gainerako alorretan intentsiboagoak eta ez hain estentsiboak. Badakit denetan dagoela euskararen eskubidea, baina hobe genuke indartsuak eta liderrak garen gizarte sektoreetan euskara sakondu, eta ez txorakerietan, kolorinetan eta folklorekerietan talentua eta baliabideak xahutu.
PSEko ordezkari batzuek esan izan dute inposaketa izaten dela euskararen kontuetan. Ados zaude horrekin?
Hori, askotan, argudio fetitxe bat da; besteetan, arrazoizko argudioa. Zenbaiti, euskara kontuetan, ezin zaio zuzenketarik egin, iritzi kritikorik adierazi, antieuskaldun edo euskarofobotzat hartzeko arriskutik igaro gabe. Ados ez dagoenak ez dauka zer isildurik, eta ados ez egoteko ugariak dira arrazoiak.
Zutabegintzan eta irratiko tertulietan luze aritu zinen. Zer nahiago duzu, tertulietan aritu ala zutabeak idatzi?
Zutabe bat aukera bat da. Zutabe on bat, harribitxia. Edozein modutan, iritzia eman nahi duenarentzat, arnasbidea da. Tertuliak baino gehiago, tertulia giroa falta da herri honetan. Utzi egin nuen ustezko pluralzaletasunean bizi izatearen sentsazio mozkorra eta gezurra, koartada zital merke bat besterik ez delako.
Zer komunikabideri eta egunkariri erreparatzen diezu?
Ia guztiei, baina denei gero eta gutxiago. Gero eta exijenteago eta asezailago bilakatua nago. Idatziei eta entzunezkoei begiratzen diet nagusiki.
Literatura idazten jarraitzen al duzu?
Ezkutuan egindako bekatuak, guztiak, lotsagarriak eta aitorrezinak dira.
Irakurle moduan, badituzu gertuko idazleak. Ramon Saizarbitoriaren literaturaz zer esango zenuke bi hitzetan?
Literatura eta euskaltasuna, euskaltasuna eta literatura elkarri gain hartu ezinik.
Idazleen lanari nahikoa balio ematen al zaio Euskal Herrian?
Gure elkarte gastronomiko sonatu horietako batek mendea edo erdia betetzen duenetako ospakizunetan, parrileroari profesional gisa ordaintzen diote; elkartearen historia idazten duena, onenean ere, oparitxo batekin konformatzen da. Onak gaude poeta bati ordaintzeko.
Eta itzultzaileen lana?
Merkatuak markatzen du ordaina, ez euskarari ematen diogun balioak. Lana majo eginda atera daiteke bizimodu doi bat. Eta kulturaz egindako itzulpena... ez gaude inoren zaletasunak ordaintzeko, tamalez eta dirudienez.
Donostia turistaz beteta dago. Horrek zerbait eragiten al dizu?
Mundua dago turistaz betea. Geuk besteei egiten dieguna guri egiten digutela sentitzeak azkura eragiten du. Konponbiderik behar badu, norberarengandik hastea da hoberena eta errazena, ezta? Hasi!
Metroa behar al du Donostiak?
Topoa ezinbestekoa du Donostiako eta Gipuzkoako garraio publikoak. Metroa deitzea kaikukeria bat da. Txorakeria gutxi garraio publikoarekin, Reala baino inportanteagoa da!
Gauza xelebreak ikusi izan dituzu garraio publikoarekin?
Behin, Donostiako Udalari okurritu zitzaion autobusa jartzea Zubietako hipodromora, zaldi karrera egunetarako. Lehen bidaian, autobusak Lasarte-Oriako eremu bat zeharkatu behar zuelako, diputazioak Ertzaintza bidali zuen. Bidaiari bakarra zihoan, eta jaitsarazi egin zuten.
PSE-EEko kide gisa, nolako etorkizuna irudikatzen duzu Euskal Herriarentzat?
Ez dakit zer joera hartuko dugun, baina etorkizuna geuk moldatu eta apailatu beharko dugu.
Euskarak izango al du etorkizunik?
Batere ez, Arabian euskaraz hitz egitean berriatuarrak edo urrestildarrak garela adieraztea Fustiñanako [Nafarroa] ikasleek ulertzea baino inportanteagoa den bitartean.
Jagoba Arrasateri buruz ari zara?
Arrasateri buruz, komunikabide publiko eta pribatuetako esatari eta kolaboratzaileei buruz, sare sozialetako txokokeriazaleei buruz, euskaltzain mordoxka bati buruz, bizkaiera ezberdinen asmatzaileei buruz, gipuzkoarrei buruz, eta, bereziki, ondarroar, azpeitiar, azkoitiar eta Euskal Herri osoko iletratuei buruz. Euskalki ustekoan egin beharra al dago jatortasuna aldarrikatzeko? Norberaren sasieuskalkian? Sukalkiek itoko digute euskara. Euskara landua zertarako da? Soilik BERRIArako, politikarako eta literaturarako? Zuberotar batek eta Tafallako [Nafarroa] batek elkar ulertzeko ez al du balio euskara batuak? Euskara lantzen ez baldin bada, euskara landua ez baldin bada, porrotera doa. Jatorkeria nagikeria da. Euskara zerk salbatu du orain arte? Lantzeak, idatzi duen jendeak, batasunak... Gutxiago korri, gehiago idatzi eta irakurri!
Autobiografiarik idazteko asmorik?
Neuri gero eta gutxiago axola bazait biografia propioa, besteei...
Jubilazioa ondo doa, behintzat?
Bai, oso ondo. Baina gero eta denbora gutxiagorako.