Euskarazko irratigintzak 90 urte beteko ditu bihar. 1932ko martxoaren 2a zen: 20:00etan puntuan, euskarazko lehen irratsaioa aurkeztu zuten Ander Arzelus Luzear-ek eta Joseba Zubimendik, Donostian, Union Radio irratian —gero Radio San Sebastian izango zena—. Jeiki jeiki, euskotarrak! kantua sintonia bihurtu, eta ordubeteko saioa osatu zuten. Horrela egin zuten asteazkenero, 137 astez. Bi urte eta erdi iraun zuen saioak, Espainiako II. Errepublikaren Gobernuaren debekua iritsi zen arte.
Zuzeneko emankizuna zen asteazkeneroko hura. Eusko Gaztedi zen antolatzailea, eta Angel Lizarraga aritzen zen parte hartzaileak bilatzen. Txomin Olanok eta Bruno Imazek pianoa jotzen zuten. Izan ere, musika eta bertsoak ez ziren falta izaten saioan.
Gonbidatu prestuak ez ziren gutxi izan. Luzearrekin eta Zubimendirekin mikro aurrean hitz egitera joan ziren Telesforo Monzon, Xabier Lizardi, Joxe Ariztimuño Aitzol, Orixe, Emeterio Arrese, Elbira Zipitria, Basarri, Tomas Garbizu, Aita Donostia eta Jean Lafitte, besteak beste. Saiora eraman zituzten txistulariak, abeslariak, errezitatzaileak, abesbatzak eta andereñoen mugimendu sortu berrikoak ere.
Irratsaio hartan entzun zen uhinetan lehen aldiz emakumezko ahots bat euskaraz: neska txiki batena, Amale Arzelusena —Luzearren alabarena—. Trebea zen jendaurreko hitz jarioan. Haren seme Jon Andoni Zinkunegik 70 urte ditu, eta emozioz gogoratu ditu amaren —2015ean hil zen— eta aitonaren gorabeherak. «Amak 4 urte zituela eman zituen lehen diskurtsoak, poxpolinen emanaldietan». Mikro aurrean euskaraz aritzera, berriz, 1932ko martxoaren 16an jarri zuen aitak lehen aldiz. 8 urte zituen, eta hura izan zen euskarazko irratigintzako lehen aktorea ere; Luzearrek alabarentzat idatzitako bakarrizketak eta elkarrizketak antzezten zituen. Oholtzetan ere aritzen zen aktore, txikia zenetik.
Lauaxetak idatzi zuen Euskal Herrian ez zegoela etxerik ume haren ahotsa bihotzeraino sartzen ez zenik. Ez dago euskarazko lehen irratsaio haien grabaketarik gordeta. Halere, garaiko prentsan zenbait artikuluk aipatu zuten Luzearren eta Zubimendiren euskarazko emankizuna. Duela hamar urte, Koldo Ordozgoitik, Elixabete Garmendiak eta Inazio Mujikak lan bat osatu zuten euskarazko irratigintzaren hastapenei buruz —jardunaldi batzuk ere antolatu ziren—. Lehen irratsaioetan Euskal Herri osoko artistak entzun ahal izan zirela azaldu zuten, eta garaiko kazetatan saioen egitarauak argitaratzen zirela.
Zubimendik eta Arzelusek bazuten eskarmentua artikuluak idazten: Luzear El Día egunkariko Euskal Orria-ren arduraduna zen, 1930etik —aurretik, Argia aldizkariko zuzendaria izan zen—; bestalde, Zubimendik kudeatzen zuen El Pueblo Vasco egunkariko Euskal Orria. Lauaxetarekin batera, euskarazko kazetaritzaren erreferente ziren 1930eko hamarkadaren hasieran.
Zinkunegik azaldu duenez, Luzear 14 urterekin hasi zen Kutxan lan egiten. «Aurrezki kutxakoa zuen lana, eta handik aurrera egiten zuen guztia militantziagatik zen, euskararenganako maitasunagatik. Egiten zutena ez zen diruagatik». Ez zuten sosik kobratzen irratsaioa egiteagatik. Luzearren bilobak uste du garrantzitsua dela haien lana gogoraraztea. «Sinesgaitza da zer ahalmena zuten. Edozer egiteko kapaz ziren».
Debekua eta estropadak
Union Radioko euskarazko saio hartan emakumezko ahotsak entzuten ziren; esate baterako, 1933ko urtarrilaren 4an, Donostiako poxpolinak eraman zituzten irratsaiora. Maritxu Barriolak, Elbira Zipitriak eta Elixabete Maiztegik zuzendu zuten taldea.
Asteazkeneko ohiko orduan eman ez zuten bakarra ehungarrena izan zen: 1934ko urtarrilaren 28an egin zuten, Kursaal antzokian, igandez. Bi orduko egitaratua ez zen nolanahikoa izan: Eusko Abesbatzaren kantak, Arantxa Barrenaren olerki esatea, Basarriren bertso berriak...
Asteazkeneroko saioaren bukaeran, Agur, jaunak kantatzen zuten esatariek, «hemen gera» esan ordez «hurrengora arte» abestuz. Baina Espainiako Gobernuak eten egin zuen saioaren bidea, debeku bidez. Zubimendiren kontabilitate liburuaren azken orrian jasoa dago 1934ko urriaren 10ean amaitu behar izan zutela saioa. Ez zuten etsi Zubimendik eta Luzearrek euskararen aldeko lanean. 1935eko irailaren 19an, Zubimendik euskaraz egin zuen Kontxako Banderaren kontakizuna, Igeldotik.
1937an, Arzelusek Eguna egunkariaren sorreran eta antolakuntzan parte hartu zuen. 36ko gerrak eten zuen Eguna, ordea.