Abesten baino gehiago, lanean ematen ditu kantu-jiraren orduak Koldo Amatria Orreaga fundazioko presidenteak (Iruñea, 1949): bazkariko txartelak banatzen ditu, itsasgarriak saldu... Kanturako tarte gutxi gelditzen zaio. Hala ere, denak elkartzen direnean momentu bereziak bizi ditu.
Memoriaz jakingo dituzu euskal kantak.
Batzuk bai, baina milaka eta milaka euskarazko abesti daude. Euskal folklorea oso aberatsa da. Orreagako lankide batek publikatutako liburu batean, Nafarroako 3.000 abesti biltzen dira. Abesti batzuk oso herrikoiak dira, eta horiek badakizkit.
Hainbeste ekitaldirekin, zer du desberdin Sanferminetan Kantarik?
Euskara ikusarazteko balio du, eta jendeari aukera ematen dio hemengo hizkuntzan kantatu eta entzuteko ere. Euskal giroa indartzeko, azken finean.
Errepertorioa denon artean erabakitzen duzue?
Badaude zuzendaria eta musikariak, eta haien artean erabakitzen dute zer abestu. Egitaraua ez da oso finkoa, eta, beraz, aldaketak egon daitezke momentu bakoitzean.
Nolako jendea biltzen da?
Normalean, jende heldua. Ni gaztea nintzenean, otorduen ondoren abesten genuen, baina hori jada desagertu da; uste dut jende gazteak ez duela ohiturarik. Dena den, jende gaztea gero eta gehiago biltzen da, nahiz eta jende gehiena heldua den.
Gazteek interesa galdu al dute euskal kantetan?
Ez dute galdu; orain beste kanta batzuk entzuten dituzte. Guk ez ditugu ezagutzen oraingo taldeak, eta haiek etortzen badira gure kontzertuetara, ezta ere. Esango genuke ez dituztela ezagutzen betiko kantak.
Giro alaia sortzen da kantu-jiran. Zerk erakartzen du jendea?
Kalean abestuz ongi pasatzeko aukera dagoela, euskaraz bizi garen bitartean.
Zeintzuk dira kantu-jiran parte hartzeko baldintzak?
Abestea eta horretarako gogoa izatea. Beldurrik gabe: kantatzen ez badakizu, berdin dio; inportanteena parte hartzea da.
Zer lan dakarkizue sanferminetan horrelako ekitaldi bat antolatzeak?
Lan handia, nahiz eta urtero egiten dugun. Azken finean, garrantzitsuena da kalera ateratzea; beraz, lana egitea ez zaigu inporta. Eramangarria da. Bidea eginda dago, eta jendeak ezagutzen du kantu-jira.
Euskaraz abestea bide ona izan daiteke atzerritarrak euskarara erakartzeko?
Gauza hauek ez dira ikusten atzerrian, eta kanpotarrak harrituta gelditzen dira.
Koldo Amatria. Orreaga fundazioko presidentea
«Euskara ikusarazteko balio du ekitaldiak»
Sanferminak kalekoak dira. Euskarak ere karrikan du txingarra, eta, gaur, Sanferminetan Kantari egitasmoak Iruñeko Alde Zaharrean piztuko du euskal kanten metxa. Hamargarren urtea bete du aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu