David Hendersonek (Coleraine, Ipar Irlanda, 1960) 41 urte daramatza Euskal Herrian. Unibertsitatean zela, Baionan egonaldi bat egin zuen, eta, azkenean, Bizkaian bizitzen jarri zen. Euskara ikasten ari zela gogoratu zen arbasoen hizkuntzarekin: irlandera. Apurka, eta Euskal Herrian bizi bitartean, Irlandako gaelikoa ikasteko moldatu zen, eta, aurten, irlandera klaseak ematen ditu bi igandean behin, Bilboko Zenbat Gara elkartearen Gabriel Aresti euskaltegian.
Ingeles irakasle izatera etorri zinen Euskal Herrira. Nola hasi zinen euskara ikasten?
Urtebeteko egonaldia egin nuen unibertsitate ikasketak egin bitartean. Arratsaldero, Baionara joaten nintzen. Han ezagutu nuen euskara. Hiztegi xume bat erosi nuen, eta, gero, ikasliburu bat. Garai horretan, ugazaba euskalduna zuen taberna batera joan ohi nintzen, eta harekin praktikatzen nuen. Zertxobait ikasi nuen urte hartan. Ez nuen zalantzarik; Baionara itzuli nahi nuen, eta, unibertsitatea amaitzean, itzuli nintzen. 1983an, AEKn hasi nintzen. Hegoaldea ondo ezagutzeko gogoa nuen. Bilbon amaitu nuen, eta bertako neska batekin maitemindu nintzen.
Topiko asko daude irlandarren inguruan. Betetzen al dituzu?
Gustatzen zait noizbehinka Guinness bat hartzea, baina baita ardoa eta gainontzeko edariak ere [barreak]. Bilbon taberna irlandar batzuk daude, baina ez naiz asko joaten. Beste topiko bat errugbia da, baina, egia esan, Irlandan, hori baino arrakasta handiagoko kirolak daude; adibidez, futbol gaelikoa, hurlinga eta futbola. Euskal Herrian badaude futbol gaelikoko talde batzuk, bat Bilbon eta beste bat Gasteizen, esaterako. Oso interesgarria da kirol hori; klaseetan lantzen ari gara.
Zure ama hizkuntza ingelesa da, eta zure jaioterriak ez du irlandera kontserbatu. Nola hasi zinen ikasten?
Nire herrian ia ez da gaelikorik entzuten. Euskal Herrian euskara ikasten ari nintzela, neska lagunak –euskalduna bera– galdetu zidan: «Eta gaelikoa?». Baina segituan pentsatu nuen: «Hori ez da hitz egiten». Horren moduko aitzakiak jartzen nizkion neure buruari. Halere, irlandera hiztegitxo bat eta ikasliburu bat erosi nituen, eta, 1992an, irlandera ikastaro bat egin nuen. Geroztik, ikasten jarraitzen dut. Orain, adibidez, online ikasten dut astean behin, Belfasteko eskola batekin.
Nondik etorri zitzaizun irlandera klaseak emateko ideia?
Klase batzuk eman ditut Otxarkoagan [Bilbo] Iralandako dantza ikastaroetan. Horrez gain, irlandera praktikatzeko Berbalagun batzuk antolatu izan ditugu: taberna batera joan eta gaelikoz hitz egiten dugu. Aurtengo irlandera Berbalagunean proposatu nuen ikastaro bat eskaintzea, eta Gabriel Aresti euskaltegiarekin hitz egin nuen. Horrela hasi zen, baina ez nuen halako kanpainarik espero: kartelak, irratiko elkarrizketak...
Nolakoak dira klaseak?
Nork bere burua aurkeztu, eta bakoitzak bere interesei buruz hitz egiten du... Ahozkoa lantzen dugu batez ere, eta kultura apur bat. Espero dut, maiatzerako, ikasleek maila nahikoa izatea ahozko proba bat gainditzeko; uste dut horrek helburu bat ezartzen diela.
Zein da ikasleen profila?
Hamabost bat ikasle daude. Badago alemaniar bat klasean, euskara ikasten ari den londrestar bat... Ez nuen pentsatzen irlandarrak ere etorriko zirenik, baina batzuk badaude. Irlandarekiko maitasunak batzen ditu guztiak.
Zertan da irlandera?
Ez naiz oso baikorra. Mendebaldean hitz egiten da nagusiki, bertan nolabaiteko babesa du, baina eremu horretan ere galtzen ari da. Ekialdean XX. mendearen hasieran galdu zen, baina orain loratzen ari da; bereziki, Ipar Irlandan. Gaur egun, haurrak gaelikoz aritzen dira kalean, eta ikastetxe gutxi batzuek irlanderaz ematen dituzte eskolak.
Zer egin da berreskuratzeko?
Hitz egiten den guneak babestu dira, Gaeltacht izenekoak, eta berriak sortu dira. Korrikaren moduko egitasmo bat ere egiten da, Rith, baina xumeagoa, Irlanda osoan. Bestalde, Conradh Na Gaeilge elkarteak, Euskalgintzaren Kontseiluak bezala, hizkuntza eta hiztun komunitatea zaintzen ditu. Ni kide naiz, eta, beste lau lagunekin batera, Bilbon Conradh Na Gaeilge talde bat sortzeko asmoa dugu, euskararen eta irlanderaren arteko harremanak sendotzeko eta hizkuntzok elkar indartzeko. Lehen, irlandera ikasteko aukera zegoen EHUn, eta, Dublindik gertuko Maynooth Unibertsitatean, euskara; halakoak berriz egiteko eskatu nahi dugu, besteak beste.
LOTSABAKO
Garagardoa, zein koloretakoa?
Beltza, zalantzarik gabe.San Patrizio ospatzeko modurik onena?
Zerbeza beltza [barreak].Irlandako lekurik politena?
Donegal ingurua.