Ibartarrok euskararekiko zer amets genituen edo gure erronka zein zen galdetu ziguten», zuzendu zaie Onintza Aranalde Ibarrako plazan (Gipuzkoa) bildutako herritarrei. «Euskal hiztunokin bat egin dezatela bertako erdaldunek eta kanpotik etorritako etorkinek». Ibarran horixe eskatu dute euskararentzat. Aranaldek hitzez laburbildutakoa kopla batzuetan jaso dute.
Lola Diezek, Monica Martinek eta Izaskun Urrestarazuk sartu dute kopla bihurtutako ametsa plazan jarritako egurrezko kutxan. Izan ere, ametsaren hezur haragizko adibide dira: Diezek eta Martinek bi urte daramatzate euskara ikasten, Auzoko programaren bitartez; Urrestarazu, berriz, programaren dinamizatzailea da. Ez dira ohiko euskara eskolak: euskara ez dakitenak eta euskaldunak elkartzen dituzte, elkarrekin urratsak egiteko.
Eskuz landutako kutxa bat, Ibarrako plazaren erdi-erdian. Iparra Hegoa elkarteak abian jarritako Kutxa Bira ekinbidearenkutxa da. COVID-19 izurritearen eraginez euskararen aldeko hainbat ekinbide bertan behera geratu zirela ikusita, Kutxa Bira sortu zuten, herriak euskararen bidez lotzeko, kutxa lekuko. Ekinbideak hainbat laguntzaile ditu; besteak beste, BERRIA. Kutxa larunbat goizean iritsi da Ibarrara.
Kutxa martxoaren 20an abiatu zen herriz herri, Argentinako Viedmatik. Diasporatik Euskal Herrira iritsi da, eta herriz herri dabil. Maiatzaren 30ean bukatuko du ibilbidea: Urruñatik (Lapurdi) Segurara (Gipuzkoa) joango da. Bi herri horietako pertsonen arteko harremanetik sortu zen, hain zuzen, Iparra Hegoa elkartea. Seguran herri guztietako ametsak plazaratuko dituzte.
Amets Arzallusen mezua
Nagore Zaldua eta Eneko Bachiller artisau donostiarrek egin dute ekinbidearen sinboloa, kutxa. Baserri gehienetan egon ohi zen kutxen erreplika bat da, tradizionalak baino txikiagoa, eskuz esku eramateko modukoa. Gaztainonondo egurrez egina.
Diezek, Martinek eta Urrestarazuk ez dute soilik Ibarrako ametsa kutxan sartu. Amets Arzallus bertsolariak Kutxa Birarako idatzitako mezua —Hitza da gure lurra— ere irakurri dute: «[...] euskal herria, euskara eman eta hartzen duen jendea [...]».
Horixe egiten dute, hain zuen, Diezek, Martinek eta Urrestarazuk. Euskara ikastea «hazteko aukera» eta herritarrek bera ezagutzeko aukera da Diezentzat; komunikatzeko eta integratzeko tresna, Martinentzat.
Martinen kasuan, senar-emazteak joaten dira saioetara, eta alaba izaten dute bidelagun eta akuilu. Diezek aldaketa bat nabaritu du etxean euskara ikasten hasi zenetik: «2 urteko alabari euskaraz egiten diot, eta hark gauzak euskaraz eskatzeko joera du».
Gustura ari dira, eta jarraitzeko asmoa dute, baina eskaera bat egin diete administrazioei: «Jendeak euskara ikasi nahi du, baina ez dago baliabide nahikorik. Gehiago sustatu beharko litzateke».
Arzallusen testua irakurtzeak eragin dien urduritasunik gabe, dultzaina hotseko Ikusi mendizaleak ahapeka abesten ari dira.
Aurretik, dantza egin dute Alurr dantza taldeko gazteek, eta abestu egin du Juan Rodriguezek: «[...] No soy de aquí, ni soy de allá, ser feliz es mi color, mi identidad (Ez naiz hemengoa, ezta hangoa ere, zoriontsu izatea da nire kolorea, nire nortasuna) [...]».
Ekitaldiaren hasieran, bi piper erraldoik eraman dute kutxa Ibarrako plazara, herritarrek —gehienak haurrak— osatutako bidetik. Ibarrako piperrak dira, buruhandi bihurtuta. Ekitaldia bukatuta, piperrak arduratu dira kutxa eramateaz, hego haizea lagun. Nora? Idiazabalera (Gipuzkoa).
«Ba al dago pausorik ematerik ametsik gabe?», galdetu dute Idiazabalen. Handik Zerainera abiatu da egurrezko sinboloa. Herri guztietan egiten ari diren moduan, Arzallusen mezua irakurri dute: «[...] Hizkuntza da, oraingoz, munduak eskaini digun bizileku bakarra, hitza da gure lurra».
ATZEKOZ AURRERA
Euskara hartu, euskara eman
Ibarrara iritsi da Iparra Hegoa elkarteak antolatutako Kutxa Birako kutxa. Bertako erdaldunek eta kanpotik iritsitako migratzaileek euskararekin bat egin dezatela eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu