Jario handikoa da Ion Martinez Txiki (Donostia, 1980), eta bakarrizketa txiki bat eskaini du ia ordubeteko elkarrizketan. Hogei urte igaro ditu oholtza gainean, pasioaren izenean, baina erabaki du nahikoa dela. Nekatu egin da. Agur gisa, umorezko azken bakarrizketa ematen ari da herriz herri: Euskaldunen jatorria, historia eta irria. 2024ko urri edo azaro aldean egingo du azkena; ondo bidean, Donostian. Basque Culinary Centerreko mantentze lanekin uztartzen du sormen lana.
Umorista bati elkarrizketa seriorik egiterik ba al dago?
Bai. Nik beti ezberdintzen ditut Ion Martinez eta Txiki. Oso jende gutxik ezagutzen du Ion, eta askok Txiki. Nik nahiago ditut Ion ezagutzen dutenak. Askoz pertsonalagoa da Ion, sentikorragoa.
Baina nor da, orduan, oso ezaguna ez den Ion Martinez hori?
Proiektuetan eta bizitzan bertan pasio handikoa den pertsona bat, kulturaren eta euskararen alde auzoan [Donostiako Antiguan] lan asko egindakoa. Asko gustatzen zait bidaiatzea, norbait ezagutzen dudanean ere indar guztia horretan jartzen dut harreman polit bat sortzeko… Nahiko sentibera naizela uste dut, baina oholtzan hori ez da nabaritzen.
Ezin da nabaritu?
Bakarrizketak egitean, ez. Tira, Euskal Herriaren historia kontatzen dut azken bakarrizketan [Euskaldunen jatorria, historia eta irria], eta zergati bat dauka horrek. Gure herriaren historia gutxi ezagutzen dugu, eta hori plazaratu nahi nuen, jendeak jakin zezan denok nafarrak izan ginela, orain gure kultura oso garrantzitsua dela, pertsonaia ikoniko horiek ez direla ezerezetik sortuak, denak daukala ibilbide bat, eta altxor bat daukagula, euskara, gaur arte iraun duena eta bidea egiten jarraitu behar duena.
Oso gauza serioa omen da umorea…
Nire ustez, antzezlanak serioagoak edo metodikoagoak dira. Bakarrizketetan, umorea sortzea izaten dut helburu, jendeak ondo pasatu dezan, ia hausnarketarik gabe. Azken bakarrizketan, ordea, bi aldeak uztartu nahi nituen, komedia eta historia, umorea eta seriotasuna.
Umetatik broma giroan bizi izan zenuen egunerokoa?
Bai… Gelan ere ni nintzen bihurriena eta gehien hitz egiten zuena. Betidanik izan naiz oso azkarra erantzuten. Kuadrillan ere, energia handikoa izan naiz beti, oso umoretsua, eta oraindik ere eusten diot horri, 42 urte izan arren. Geroz eta serioagoa naizela uste dut, hala ere, eta asko maite dut, gainera, sakon hitz egitea.
Askok sinpletasunarekin lotzen dute umorea, baina lanketa handia dago bakarrizketa bakoitzaren atzean, ezta?
Bai. Igandean bakarrizketa bat egin nuen Amezketako zelai batean, eta denak harrituta gelditu ziren. Baina nik 130 aldiz egina dut bakarrizketa hori, eta oso ondo dakit zer eta nola esan behar dudan nik nahi dudanean barre egin dezan jendeak. Dena natural botatzea, hori da kontua. Azken bakarrizketaren amaieran jendea hunkituta gelditzen da, azken emanaldia delakoan, baina argi esaten diet haien herriko azkena dela, agur bira bat egin nahi dudala nik; orduan joango naizela betirako. Herriz herri ari naiz agurtzen, gustatzen zaidalako Andoaingo Bastero kulturgunean agurtzea, baina baita Burgiko [Nafarroa] eta Amorotoko [Bizkaia] lokal batean aritzea ere.
Agur askoko agurra da zurea, handienen parekoa.
Zazpi probintzietara iritsita esan nahi diot agur Euskal Herriari. Lortzea espero dut; horrekin, pozik joango naiz. 2024ko urri edo azaro aldean agurtzea espero dut, emanaldi berezi batekin. Donostian itxi nahi dut zirkulua.
Eta gero, zer?
06:00etan esnatzen hasiko naiz, txoriak ikusteko. Ornitologo lanetan hasiko naiz, agian [barrez]. Gogorra da antzerkiaren, bakarrizketen eta kulturaren arloa. Ordu asko dira, oso lan bakartia da, nik sortzen baitut dena. Harro nago egindako bidearekin, baina oso nekagarria da. Emanaldia bera gutxienekoa da, baina gainerako guztiak asko nekatzen du. Kulturajale izango naiz aurrerantzean ere, oso sortzaile onak baitauzkagu herri honetan.
Psikologikoki nekatu zara?
2010ean Aldatzen Laguntzen antzerki taldearekin hasi nintzenetik, urte bakar batean ere ez naiz gelditu, eta nekagarria da psikologikoki, fisikoki eta zentzu guztietan. Baina pasioak aurrera egiten laguntzen du beti, pieza berriak sortzen, eta hortik etorri zen Birritan bortxatua lana, adibidez. Sentitu nuen ezin nuela egin hori baino gehiago, eta, [Jorge] Oteizak zioen moduan, horregatik erabaki nuen uztea. Lau antzezlan egin genituen guztira. Lan neketsua da sorkuntza, eta zaila da gutxieneko baldintza batzuk bermatuta dauzkaten saioak lortzea. Nekagarria da.
Noiz sartu zinen antzerkiaren munduan?
[Donostiako] Ibai ikastolan jada beti gustatzen zitzaidan Pernando Amezketarraren rola jokatzea. [Donostiako] Politeknikora joan nintzenean sartu nintzen lehen aldiz antzerki talde batean, eta urte haietan jada kulturazaletasuna piztuz joan zitzaidan pixkanaka, musikara gerturatuta nenbilen ordurako, zinemara ere bakarrik joaten hasi nintzen… 2002an hasi nintzen bakarrizketak egiten, aktore izan baino lehen, eta 2010ean egin nituen antzerki sorkuntzarako ikastaroak. Alex Tello lagunak asko lagundu zidan, eta orduan sentitu nuen bide hura egin nahi nuela, barrua askatzen laguntzen zidalako.
Etxean nola bizi dute zure antzezle eta umorista bidea?
Ni ez naiz aktore lanetik bizi, nahiz eta hainbat saio egin eta diru pixka bat lortu. Oso zaila da hortik bizitzea. Euskal Herrian kulturatik bizi direnen artean, gehiago dira artista ez direnak, artistak baino: kultur teknikariak eta beste hainbat. Ezin dut ulertu eta tristatu egiten nau.
Etxetik jasotakoa duzu antzerkiaren inguruko pasio hori?
Ez. Gurasoak ez dira oso kulturazaleak. Baserri mundukoa da ama, Orendaingoa, eta donostiarra aita, sukaldari izandakoa. Hamaika saltsatan ibili zen aita, baina etxean ez dut barneratu kulturarenganako maitasun hori. Zinemara, antzokietara, kontzertuetara… bakarrik joaten hasi nintzen, eta gerora, musikak lagundu zidan bereziki kultur munduan sartzen, kontaktu asko baineuzkan. Arreba eta anaia zaharragoak dauzkat, eta etxeko txikia naiz ni. Bi ume ditu anaiak, eta asko maite dut ilobekin egotea. Gustatzen zait harreman hori, eta oso harro nago haiek ere ikusi dutelako osaba herriaren eta euskararen alde zerbait egiten ari dela.
Aita sukaldaria izan zela esan duzu. Horregatik ari zara lanean Basque Culinary Centerren?
Mantentze lanetan aritu izan naiz beti. Erregulazio Automatikoko Sistemak ikasketak egin nituen, programaziokoak, baina elektrikari hasi nintzen gero, Donostiako farolak mantentzen; Kutxan aritu nintzen ondoren… Orain, hiru urte daramatzat Basque Culinary Centerren. Goizez aritzen naiz han, eta aukera ematen dit arratsaldean antzerkian aritzeko. Aita ikusita, sukaldaritzak ez nau inoiz erakarri izan.
Umorea eta euskara. Duela hogei urte, zein zen errealitatea?
Bertsolariak dira onenak bakarrizketetan. Pernando Amezketarra, [Andoni] Egaña, [Angel Mari] Peñagarikano… Zer-nolako bertsoak, txisteak… bota dituzten eta botatzen dituzten. Edo Iker Zubeldiak berak ere bai. Erdaraz hasi ginen gu bakarrizketekin, El club de la comedia-ren bidetik. Herri txikietatik deitzen ziguten gero, ordea, eta pentsatzen genuen: “Nola joango naiz hara erdaraz hizketan?”. Orendaingo osabak ere hala esaten zidan: “Ion, hain borrokalaria eta erdaraz?”. Pixkanaka hasi nintzen euskaraz idazten eta probatzen, Jon Plazaolarekin batera, eta uste dut biok izan garela euskarazko bakarrizketetan lehenengoak, Kike Amonarrizen baimenarekin.
Azken urteotan Barre librea-rekin eta Hiru Damatxorekin-eta bidea egiten ari da, baina, nire izaera kontuan hartuta, oso bestelakoa. Nire herriari dagokionez, oso erromantikoa izan naiz beti, toki askotara joan naiz musu truk, eta erdi profesionalak dira oraingoak. Tristatu egiten nau horrek. Euskara eta umorea edozein herritara eramatea da nire funtzioa.
Gai guztiak dira umorerako aproposak? Non dago muga?
Uste dut gai guztiekin egin daitekeela umorea, bai. Gaur egun, asko hitz egiten da arazo psikologikoei buruz, emakumeen aurkako bortizkeriari buruz ere bai; politikari buruz hitz egitea oso erraza da: EAJz, EH Bilduz edo Voxez, berdin zait. Egoera politikoa aldatu egin da, eta jendea baretu egin da. Ikusleek jartzen dute umorearen neurria, eta ez da gauza bera umorea Viktoria Eugenian edo Abaltzisketan egitea. Lehen hamar minutuetan jendea zeureganatzea da kontua; hortik aurrera, edozer gauza esan daiteke jada. Usaindu egiten da plaza bakoitza.
Euskal Herria luze-zabalean ezagutu duzu. Zein herrirekin maitemindu zara?
Ezusteko asko hartzen dira, eta horretarako ez dira behar berrehun ikusle. Oionera [Araba] joan nintzen, adibidez, euskaltegira, eta jende zoragarriarekin topo egin nuen. Antolatzaileak pasioz eta goxo egiten badu bere lana, %95ean ondo funtzionatzen du gero bakarrizketak. Burgi [Nafarroa] berezia da niretzat, Bergara, Lapuebla de Labarca [Araba]…
Zure gertukoek esana da grina handikoa zarela lanean, gorputz eta arima aritzen zarela, intentsitate handikoa zarela…
Oso pasionala naiz, bai proiektuekin eta baita bizitza pertsonalean ere, baina pasio horrek nekea sortzen du gero. Ondo nagoenean, izugarri gozatzen dut gauza bakoitzarekin, baina, ondoren, handiak izaten dira kolpeak ere. Asko sufritzen dut txarrean.
Etxean prestatutako txisterik landuena bota duzu jendaurrean, eta ez barrerik, ez txalorik…
Gertatzen dira horrelakoak ere, baina gauza horiek hobeto kudeatzen ikasten da denborarekin. Zirrikituak bilatzen ikasi behar da. Saioren bat ez denean ondo atera, kolpea hartuta sartzen naiz autoan, baina autotik lagun bati deitzen diot ia saio bakoitzaren ondoren, barrua askatzeko eta bidaia errazago egiteko.
Zein dira ikusleak zeureganatzeko huts egiten ez duten bizpahiru sekretuak?
Nire kasuan, energia eta pasioa. Berdin zait 100 edo 500 euro kobratzea; nik berdin egiten dut lan, bihotz eta arima. Ahoz ahokoa izan da nire bidea, eta izugarria da herri batetik deitzea esateko hara eraman nahi nautela.