Euskara eta Irlandako gaelikoa, parez pare

Gazteak eta hizkuntza gutxituak batuz eta 'Erasmus+' izeneko programaren laguntzaz, Euskal Herriko eta Irlandako gazteak elkartu dituzte. Orotara, 32 gaztek hartu dute parte, euskara eta Irlandako gaelikoa zer egoeratan dauden hausnartzeko prest. Egunotan Euskal Herrian batu dira gazteak.

Partekatzea. Elkarrekin erlazionatzeko espazioak trukatu dituzte. JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo
Donostia
2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Donostiako Tabakalera eraikinaren barruan gazte talde bat dago. Multzo txikietan banatuta daude, eta txoko bakoitzean hizkuntza bat entzuten da; orotara, lau: euskaraz ari dira batzuk, Irlandako gaelikoz beste zenbait, ingelesez hirugarren talde bat eta frantsesez mintzo denik ere bada. Denak ala denak dira errealitate beraren isla: hizkuntza gutxitu bat eta beste hegemoniko bat duen lurralde batean bizi dira. Zehazki, Erasmus+ programaren parte diren 32 gazteak dira, eta Hondarribiko Juan Sebastian Elkano aterpetxean (Gipuzkoa) egin dute egonaldia, abenduaren 2tik 9ra bitarte.

Tabakaleran bildu dira, 2deo ikus-entzunezko laborategiaren inguruko esplikazioak entzuteko. Azalpenak euskaraz jaso dituzte oraingoan, baina denak ez dira ulertzeko gai. Ondorioz, bazterrean bi emakume ari dira ahapeka ingelesez hizketan: aldibereko itzulpena egiten Irlandatik heldutako zortzi gazteentzat. Entzungailuak belarrietan jarrita segitu dituzte irlandarrek azalpenak. Horiek dira Galway konderritik heldutako gazteak; eta egunotan Euskal Herrian daude. Gainerako partaideek, berriz, Elgoibar (Gipuzkoa), Zizurkil (Gipuzkoa) eta Donibane Garazi dituzte bizileku. Guztiak dira hizkuntza gutxituen inguruko ekimenaren parte, Erasmus+ programaren laguntzarekin egin dutena. Joan den astean elkarrekin egon dira Hondarribiko Juan Sebastian Elkano aterpetxean.

Lehen begiratuan talde heterogeneoa izan daiteke, baina lotzen dituen errealitatearengatik elkartu dira. Egitasmoaren bidez, parez pare jarri nahi dituzte euskaldunak eta gaelikoz mintzo diren irlandarrak; parez pare jarri dituzte diglosia egoeran dauden herri horien errealitateak. Bi hizkuntza lotu dituzte, gazteek hizkuntzarekin duten harremanaz hausnar dezaten. Denek ez dituzte baldintza eta egoera berak.

Parte hartzaileetako bat da Leire Sasiain (Elgoibar, 2004), eta betidanik izan du harreman estua euskararekin: «Nik txikitatik jaso dut euskara etxean: nire ama hizkuntza da. Gurasoekin euskaraz aritzen naiz». Etxetik kanpo, ordea, zailtasun gehiago nabari ditu: «Lagunen artean, egoeraren eta aurrean dudanaren arabera,gaztelaniaz egiten dut». Kontzientzia hartzeko eta euskara bizitzako alor guztietara hedatzeko asmoz batu da Sasiain egitasmora. Irlandako gazteen errealitatea ezagutu du elgoibartarrak, baina, hainbeste aldendu gabe ere, gertutik ikusi du oso bestelako errealitate bat, Euskal Herrian bertan: Donibane Garaziko gazteena. Laurentz Delpechek gaztea (Donazaharre, Nafarroa Beherea, 2003) da txanponaren beste aldea: «Amak euskara pittin bat daki, baina etxean frantsesez egiten dugu, beti; eskolan, berriz, hautazko irakasgaia da, eta hor bakarrik mintzatzen naiz euskaraz», aitortu du. Are, Delpechek hurbilago du Galwayko gazteen bizimodua, Zizurkilgoena edo Elgoibarkoena baino. Margareth Maevek ere (Maine, AEB, 2004) zailtasunak ditu irlanderaz mintzatzeko: «Aita irlandarra da, eta harekin mintzatzen naiz gaelikoz, tarteka, baina ama estatubatuarra da, eta ez daki gaelikoz». Maeve amaren sorterrian jaio zen; 3 urte zituenean heldu zen Galwayra. Maevek eta Delpechek, batik bat, eskolan jaso dute hizkuntza gutxitua. «Nire eskola espezifikoa da: dena gaelikoz egiten dugu. Baina oso eskola gutxitan gertatzen da hori», esan du Maevek. Eta antzera Depelchek:«Lizeoan hautazkoa da euskara ikastea; ez da behartua, eta irakasgai bakarra da».

Izan ere, ezberdintasunak ezberdintasun, Ainhoa Larrea Zizurkilgo Udaleko euskara eta kultura teknikariaren aburuz, Elgoibarko eta Zizurkilgo gazteek euskaraz aritzeko aukera «antzekoak» dituzte. Eta aldea nabaria da Nafarroa Behereko gazteekin. «Ipar Euskal Herrian, euskara ez da hizkuntza ofiziala, eta gazte horiek beste modu batean bizi dute euskararekiko harremana», gaineratu du Larreak. Antzekoak, baina ez berdinak. Denak bizi dira hizkuntza hegemoniko bat eta gutxitu bat dauden lurralde batean, baina errealitate sozial ezberdinak dituzte. Elgoibarren eta Zizurkilen, euskara hizkuntza ofiziala da; Donibane Garazin, ordea, ez. Galwayn, Irlanda osoan legez, hizkuntza ofiziala da irlandera, baina horrek ez die ikasteko bermerik ematen. «Nik uste nuen euskara bezala edozein eskolatan ikas zitekeela gaelikoa, eta ez da horrela; oso ikastetxe gutxitan ikas dezakete gaelikoz», harritu da Sasiegi. «Uste nuen gaelikoa askoz gehiago erabiltzen zutela, eta ohartu naiz oso galduta dagoela hizkuntza». Susmoa berretsi du Maevek: «Gaelikoa galtzen ari da».

Faseka antolatuta

Kontzientzia piztea eta hausnartzea: hain justu, horiek dira proiektuari jarri dizkioten bi helburuak. Eta dinamika eta atal ezberdinetan bereizi dute esperientzia. Lehenbizi, Galwayn izan ziren gazte euskaldunak, urriaren 28tik azaroaren 4ra bitarte, eta astebeteko egonaldia egin zuten Irlandako gaeliko hiztunak diren familia batzuen etxean. Bertatik bertara ikusi, entzun eta sentitu zuten irlandar bizimodua: dantza eta musika ezagutu, hango telebistara bisita egin, eta gaeliko eskolak jaso zituzten, besteak beste.

«Gaeliko pixka bat ikasi genuen, eta haien kulturaren parte diren gauzak ikusi eta ikasi genituen», kontatu du Sasiainek. Astebete pasatuta, eta hango esperientzia soinean, Euskal Herrira buelta egin dute gazteek. Alderantzizko prozesua hasi da orduan. Euskal Herrian elkartu dira, euskal kultura eta hizkuntza deskubritzeko asmoz: Tabakalerako bisita, Euskarabenturaren inguruko hitzaldia, Durangoko Azokarako bisita eta herri kirolak egin dituzte, besteak beste.

Bi egonaldietan parte hartu ondoren, ezberdintasunak atzeman ditu Maevek bi lurraldeen artean. «Hemen askoz gehiago hitz egiten da euskaraz; guk nabarmen gehiago hitz egiten dugu ingelesez». Kontzientzia hartzeko bide horretan ere jarri du arreta Julen Alberdik (Zizurkil, 2000). Egonaldian eta dinamiketan gazteen bidelagun izan da Alberdi, begirale gisa: «Gazteek egoera ezberdinak ezagutu dituzte; beste herrialde batean, baina baita Euskal Herrian bertan ere». Esperientzia fruituak ematen ari dela uste du. Programaren protagonistek ere uste dute kontzienteago direla orain. Euskal Herrian zein Irlandan hizkuntza biziberritzearen alde «borrokan» ari dira, Maeveren iritziz: «Hilzorian dagoen hizkuntza bat da gaelikoa, eta abisu bat izan da esperientzia: gaelikoari bizirik eustekoa».

Ernamuina, Zizurkilen

Hizkuntza gutxituak galtzen ari dira. Kezka hori izan zuten Zizurkilgo Udalean, eta haiek sustatu zuten egitasmoa: «Ohartu ginen gaztelekuan zeuden gazteek geroz eta errazago jotzen zutela gaztelerara; hori Zizurkilen gertatzen bada, pentsa zer gerta daitekeen hain euskaldunak ez diren herrietan», azaldu du Larreak. Horrela egin zuten topo Europako Erasmus+ diru laguntzekin. «Interesgarria iruditu zitzaigun herriko gazteak eta hizkuntza gutxitu bat gertu duten beste gazte batzuk batzea, eta hizkuntzarekin duten harremana ezagutzea». Hurrengo fasea bidelagunak aurkitzea izan zen. «Gipuzkoako gaztelekuak saretuta daude Gaztematika dinamikaren bidez, eta mezu bat igorri genien gazteleku guztiei. Elgoibarrek erantzun zuen». Ondoren, Donibane Garaziko lizeoarekin egin zuten kontaktua; eta, azkenik, Galwayko Muintearas Teo elkartearekin.

Ordutik bide luzea eginda eta esperientzia konpartitua amaituta, nor bere herrira eta eguneroko bizitzara bueltatu da. Ikasi eta ikusitakoa hedatzeko unea da. «Euskaraz mintzatu nahi dut, nahiz eta jakin zailtasunak ditudala egunerokoan», esan du Delpechek. Maeve bat dator: «Etorkizunean, saiatuko naiz ingurukoekin gaelikoz gehiago hitz egiten». Sasiainek batzen dituena aipatu du: «Denok gabiltza gure hizkuntza gorde nahian, eta hori da garrantzitsuena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.