Oso mantso doan iraupen lasterketa bat da euskararen aldekoa Erriberan (Nafarroa), Agerraldia elkarteko kide Libe Jusueren aburuz (Tutera, Nafarroa,1995). Hain zuzen ere, horixe da Errigoraren eskutik sorturiko elkartearen helburu nagusia: euskararen erabileraren eta normalizazioaren aldeko arineketa irabaztea, erromatarrek Ager Vasconum deitu zuten lurraldean. Egiten dituzten hamaika ekintzetako bat da Santxikorrota lasterketa, eta bigarren urtea du aurtengoa. Urriaren 5ean eginen dute, Arguedasen (Nafarroa), euskara eta lurraldea lotzeko asmoz; parte hartzaileek izena eman dezakete dagoeneko, Agerraldia elkartearen webgunean.
Nor zen Santxikorrota?
XV. mendean bizi izan zen bidelapur bat. Bardearen inguruan zeuden jauntxoei egiten zien lapurreta, kendutakoa behartsuenei emateko gero. Robin Hooden gisako bandoleroa zen. Bardeako muino baten izena ere bada; hor inguruan hasten da lasterketa.
Zer helbururekin sortu zenuten Santxikorrota lasterketa?
Agerraldia elkarteak antolatzen du. Ohiko jarduerez gain, zerbait desberdina egin nahi genuen: euskara, Erribera eta Bardea lotu nahi ditu lasterketak.
Euskararen aldeko jarrera positiboa sortzeko, ezta?
Bai. Egia da lasterketa honek ez duela Erribera euskaldunagoa bihurtuko, momentu jakin bateko ekimena baita, baina hizkuntzaren normalizazioan laguntzen du, presentzian bederen.
Euskararen inguruko jarrera negatiboa da Erriberan?
Bai. Ez dakit areagotu den, baina aurkako jarrerek entzute handiagoa lortu dute. Gizartea geroz eta polarizatuagoa dago, eta nabaritzen da hori ere.
Halere, hobetuz doa euskararen egoera?
Bai, bueno, uste dut oso mantso doan lasterketa bat dela euskararen normalizazioaren aldekoa. Errigora eta Agerraldia sortu zirenetik geroz eta ekimen gehiago sortu dira... Traba gehiago ez daude, baina jarraitu egiten dute betikoek.
Tokiko erakundeek jarritakoak dira trabak?
Tuteran, esaterako, euskarari dagokionez, hutsaren hurrengoa da udalarekiko harremana. Eremu ez-euskalduna da Erribera, eta euskara sustatzeko laguntzak ez dira existitzen. Lasterketa Arguedasen egiten da, eta bertako udalak bai, asko lagundu digu.
Zenbat parte hartzaile espero dituzue aurten?
Iaz izan zen lehendabiziko urtea praktikan, eta ia ehun korrikalari izan ziren. Aurten espero dugu jende gehiago animatzea.
Gogotsu zaudete aurtengorako?
Bai. Iazkoa arrakastatsua izan zen, eta horrek gogotsu ekiteko indarra eman digu.
Nola eta nork antolatzen duzue lasterketa?
Arguedasen bada Agerraldiako lantalde bat, eta haiekin batera beste hainbat boluntario biltzen gara. Lehenik, ibilbidea zein izanen zen erabaki genuen, eta baimenak eskatu genituen ondoren. Beharrezkoa da jendearen parte hartzea; izan ere, herri lasterketa bat da, auzolanean egindakoa.
Zein izanen da ibilbidea?
Bi zirkuitu egonen dira; motza, 7,28 kilometrokoa, eta luzea, 21,8 kilometrokoa. Ibilbide luzeko lasterketa 10:30ean hasiko da, eta motza, 11:30ean. Santxikorrota tontorraren ondoan dagoen Corral de Mendigachatik abiatuko dira lasterkariak, eta Bardeako tiro poligonotik pasatuko dira segidan, baita Castil de Tierratik ere. Arguedas erdigunean egonen da helmuga. Garrantzitsua da Castil de Tierra bezalako tokietatik pasatzea; izan ere, Bardeako leku erreferentziala da, eta argazki ezin hobea eskaintzen digu horrek. Lasterketa Arguedas erdigunean amaitzeak ere balio handia du, bertakoek ikusten gaituztelako.
Non eta nola eman behar da izena lasterketan parte hartzeko?
Agerraldiaren webgunetik eman daiteke: bertan ageri da informazio guztia. Izena emateko epea zabalik dago jada, eta urriaren 5eko 00:00ak arte eman daiteke izena. Lasterketa luzean aritzeko, 20 euro ordaindu beharko dira, eta motzerako, 15.
Saririk gabeko lasterketa izanen da. Zergatik?
Herri lasterketa bat da, eta garrantzitsuena ez da saria, lasterketaren helburua baizik.
Bardeako klimak areagotu eginen du erronka, ezta?
Klima lehorra da, eta, horri beroa gehitzen badiozu, erronka are zailagoa da, bai... Iaz bero handia egin zuen, baina ez da ohikoena.
Lasterketan parte hartuko duzu?
Ez [barrez]. Ni antolakuntzan aritu eta ariko naiz; egunen batean, agian...
LOTSABAKO