Jaiak. Oiartzungo xanistebanak

Euskara bidelagun hasi dira festak

Ttur-ttur euskaltzaleen bilguneko kideek botatako txupinarekin abiatu dira Oiartzungo xanistebanak

Suziria jaurtita hasi dituzte jaiak oiartzuarrek. ANDONI CANELLADA / ARP.
2012ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Arratsaldeko lehen ordutik antzeman zitekeen atzokoa ez zela egun arrunt horietako bat gehiago. Oiartzuarrei xanisteban jaiak gainean zituztela iragartzeko soinu jotzaile, txistulari eta trikitilariak auzoz auzo ibili ziren, eta iragarritakoa 19:30ean bete zen. Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko bi kidek izan zuten xanisteban jaietako txupina botatzeko ohorea. DoneEztebe plaza bete zuten herritarrei jaiak ondo pasatzeko eta euskaraz bizitzeko mezua eta desioa helarazi zieten Ttur-tturreko Nagore Zapirainek eta Aitzol Perez de San Romanek. Txupinak eta jaiak batera egin zuten eztanda.

Euskal Herrian Euskaraz, Euskeran Itotiyak, AEK, Oiartzun Irratia eta beste hainbat elkarte eta taldetako euskaltzaleek osatzen dute Ttur-ttur Bilgunea, eta 10 urte bete ditu. Ibilbidean euskararen alde egindako lana eskertu nahi izan diete herriko talde eta eragile gehienak biltzen dituen Jai Batzordeak. Pozik onartu zuten izendapena Ttur-ttur elkartekoek.

Festa atzo egin zuen eztanda, eta astelehena bitartean, bost egunez izango dute oiartzuarrek eztanda horren berri. Gaur da San Esteban, eta denetariko ekitaldiak prestatu dituzte egunari gorazarre egiteko: sokamuturra goizean goiz, erraldoien kalejira, herri krosa, sokatira demak, kontzertuak… Adin guztietarako eta denetariko zaletasuna dutenentzako aukera.

Biharkoa da jaietako egun berezienetakoa: Baserritar Eguna. Oiartzungo jaietan, herritar talde bati eskaintzen diote festetako egun bakoitza, eta baserritarrei eskainitakoa izaten da oihartzun handiena duenetakoa. Sagardo lehiaketa prestatu dute biharko, Helduen Tailerrekoen erakusketa eta herri kirolak ere bai, eta Donez Eztebe plazan Beñat Gaztelumendi eta Sebastian Lizaso bertsolariak ariko dira, 12:45ean. Aspertzeko tarterik ez dute izango oiartzuarrek.

Igandekoa Gazteen Eguna izango da. Bazkaria prestatzen 09:30erako hasiko dira, plazan, eta prestatutakoa 14:00etan bazkalduko dute, hantxe. Aurretik, gazte txupinazoa botako dute, herriko gazteak biltzeko, 13:00etan. Goizean goiz hasitakoak arratsaldean izango du segida:jolasak, kalejira, apar jaia...

Arkume erretzea eta bazkaria

Astelehenekoa izango da Haurren Eguna. Gaztetxoen danborrada, erraldoien kalejira, kantu kantari ekitaldia, Haurtzaro ikastolako jolastokian jarritako parkea, txokolate jatea... Txikienei begira prestatu dute asteleheneko egitaraua. Bada bestelako ekitaldi jendetsurik ere: arkume erretzea eta ondorengo arkume jatea. Urteen joanean indarra hartu du ekitaldiak, eta ehunka oiartzuarren bilgune izaten da asteleheneko bazkaria. Aurtengoa ere jendetsua izateko bidean da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.