Euskara bat norberarena

Ederrak iruditzen zaizkion euskal hitzak bildu ditu Sonia Rueda artistak erakusketa batean. Etimologiari baino gehiago, hitzek eragindako sentsazioari erreparatu dio.

Begizulo-ri dagokion irudia, binilo gardenean pintatuta. M. DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Hitz bat izan zen aurrena, haren soinuak eta egiturak liluratu egin baitzuten Sonia Rueda artista: eskuzabal, zabalik dagoen eskua. «Oso ederra iruditu zitzaidan». Zirrara bera eragiten dio ezbai-k. «Zalantza adierazteko, batzen dira ez eta bai. Ezin da hobeto azaldu!». Berba batean, esanahien mundu bat: hura osatzen duten zatiena, elkarketak sortzen duena, eta hartzaileari iradokitzen diona. Sintetikoa, eta aberatsa. «Poema bat», Ruedaren irudiko. Halakoen aukeraketa batekin bete du artistak Bilboko Foru Liburutegia, areto nagusia eta hainbat solairu hartzen dituen erakusketa batean: Hitz politen soinuak eta zeinuak. Ageri dira berbak, esanahiak, eta horiek inspiratutako marrazkiak. Azaroaren 18ra arte ikus daitezke.

Hitz politak liburua du oinarri mostrak (autopublikazioa, 2022), eta bigarren edizioa kaleratu du berriki, Miren Agur Meaberen kondaira batekin jantzita. Euskara ikasteko prozesuan, ederrak iruditzen zaizkion hitzak apuntatu zituen artistak, pintura ikasleek aipatzen zizkiotenak, tabernan entzuten zituenak... Laurehun bat bildu zituen, eta 160 aukeratu libururako. Areto nagusian, bilketa lan hori jaso dute hainbat bitrinatan: ageri dira boligrafoz eta arkatzez idatzitako hitz zerrenda luzeak, paper zikinduagoak, garbira pasatutakoak, edozein txatal eta libretatan gordetakoak, horiek gogora ekarritako bozeto azkarrak, irudi osatuagoak... Zorroztasun etimologikotik aldenduta, nolanahi ere. «Definizioak zuzenak dira; esanahi asko daude, eta nik batzuk aukeratu ditut. Baina, batez ere, hitzok nigan eragiten duten sentsazioen bilketa bat da».

Musikak biribiltzen du bilduma, eta dolua da bizkarrezurra, oharkabean. 2015ean, Ruedaren bikotekide eta artearen inguruko ikerlari eta dibulgatzaile Xabier Saenz de Gorbea hil zen. «Artetik eta bizitzatik baztertu nintzen», oroitu du artistak. «Bizitzarekin nuen kontaktu bakarra Armintzan [Bizkaia] ematen ditudan pintura eskolak ziren, eta nire lagun Esther Simon, zeinak esan baitzidan euskararekin jarraitu behar nuela». Orduan hasi zen hitzak pilatzen eta irudiak egiten, «proiekturik gabe, kontziente izan gabe. Gerora konturatu nintzen marrazkietan oinazea zegoela, igarotzea eta etorkizuna». Musika pieza banarekin lotu du etapa bakoitza: arima ematea-z mintzo da Luis de Pablo eta Iñaki Alberdiren Capricho (1984-2019) piezaren bidez; zaharberritu da Zuriñe F. Gerenabarrenaren Gautu-rekin (2018); eta berpiztu, proiekturako propio ondutako lan batekin, Carlos Nuñez Medina eta Raul Jimenez del Rioren Ber konposizioarekin (2023) —Kepa Junkeraren ibilbide pertsonalean eta profesionalean oinarrituta dago—.

Artea da, artearen ohiko erakustokietatik kanpo komunikatua. Eta komunikazioa da, artea bihurtuta. «Lengoaiari egindako kantu bat da; batez ere, menperatzaileak ez diren horiei». Izan ere, euskararekin uztartu ditu zeinu hizkuntza, braillea eta morsea. «Euskara ikasten hasi nintzenean, uste nuen ez nuela inoiz hitz egingo; orain, hitz egiten dut, baita lehenagotik ere, okerrago hitz egiten nuenetik. Euskaraz komunikatzeko gai izatea bataioa izan zen. Eta, komunikazioaz gain, topatu dut plastika bat, eta edertasuna». Beste horrenbeste gertatu zaio keinu hizkuntzarekin, kasurako. «Kontua ez da beste hizkuntzak ikastea; sortu egin behar ditugu, haiekin komunikatu behar dugu ahal dugun bezala».

Jakintzara egokitua

Erakusketan, hitzak eta irudiak liburutegira moldatu ditu. Solairu bakoitzean, lamina handi bat ipini du, eta bestelako irudi batzuk kokatu ditu binilo gardenetan, irekitzen den leihoaren sinbolismoa txertatzeko. Lehenengo solairuan, Argitalpen Orokorretan, begi luze bat pintatu du. «Begiluze: ezin da kuriositatea hobeto deskribatu». Buruz behera dagoen giza figura batean mamitu du, ostera, helburu kontzeptua. «Jasotzen dugun jakintza nola edo hala iragazi behar da, helburuak izan behar ditugu, asmoak».

Bigarren solairuan, Argitalpen Periodikoetan, ufa berbaren inguruan sortutako ilustrazioak ematen du ongietorria: lagun bat ageri da putz egiten. «Irudikatzen du bakoitzak jasotzen duena, eta hori helarazteko duen gaitasuna». Eta, gertu, iturbegi, ura jariatzen duen begi batean gorpuztua. «Liburutegia da jakintza sortzen den leku bat, eta uraren etengabeko jarioak argitalpenen maiztasuna erakusten du». Ura ageri da, halaber, hirugarren solairuan, gai eta baliabide mordoa biltzen dituen horretan, non, besteak beste, ikusmen urritua dutenentzako gela bat dagoen. Hitz arabiar bat hautatu du: gurfa, esku ahurrean kabitzen den ur kopurua. Euskaraz, jakintzarekin lotu du orobat sorgin, sortu eta-gin partikulak eratua. «Sortzen duen hori», hain zuzen. Eta ipurtargi-rekin, ukitu «dibertigarria» gehitu dio mostrari. «Oroitzeko erraza da».

Laugarren solairuan, ikerlarien txokoan, Saenz de Gorbearen erretratu bat pintatu du, eta hari ere hitz bat esleitu dio: ezinbesteko; ezin eta beste: «Ezinezkoa da beste bat egitea». Ruedak berak azalduko ditu proiektuaren ertzok bisita gidatuetan, asteazkenero, 19:00etatik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.