Euskalerria Irratiak eskatu du epaileen hitza betetzeko

Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak babesa eman dio euskarazko irratiari.UPNk «zorte ona» opa dio esleipenaren bigarren fasean

Euskalerria Irratiko langileak Iruñeko egoitzaren estudioan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2015eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Nafarroan legealdia amaitzera doa, eta argitzeko dago oraindik irrati lizentzien afera. Urte bat pasatu da Espainiako Auzitegi Gorenak Nafarroako Gobernuari adjudikazioko bigarren fasea errepikatzeko agindu zionetik. Baina UPNren gobernua isilik da. Mikel Bujanda Euskalerria irratiko zuzendariak Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin zuen atzo, eta Nafarroako Gobernuari bi aukera dituela esan zion: «Behingoz, ustelduriko arazo hau modu arrazoizkoan eta bidezkoan konpontzea ala berriro ilegaltasunean erortzea». Gobernuari eskaera zuzena egin zion, horrenbestez, Bujandak: «Bete dezala epaileek agindutakoa, behingoz errepika dezala adjudikazioaren bigarren fasea, eta hori modu azkar eta justuan egin dezala». Gogorarazi zuen oraindik ere indarrean dagoela lehen faseko puntuazioa. Euskalerria irratiak puntuaziorik onena lortu zuen fase horretan.

Bigarren fasean, Nafarroako Gobernuak puntuazio hobea eman zien Radio Universidad de Navarra eta Net21 irratiei, baina epaileek hirutan ebatzi dute hori egiteko Nafarroako Gobernuak legearen aurka jardun zuela. Espainiako Auzitegi Gorenaren duela urte bateko epaiaren ondotik, UPNren gobernuak osatua du kontratazio mahaia. Bujandak salatu zuen, ordea, «gardentasunik gabe» jokatzen ari direla: «Mahaia noiz eta zein irizpiderekin biltzen den argitu gabe, prozesua bidegabeki luzatuz».

Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak babesa adierazi zion Euskalerria irratiari. Bilduko parlamentari Miren Aranoak salatu zuen UPNk «amarruak» egin dituela partida irabazteko, Osasunak bezala: «Nafar herritarren kontra, nafar hizkuntzaren kontra eta aukeratzeko eskubidearen kontra». PSNko Pedro Rasconek adierazi zuen espero duela afera «behingoz» amaitzea, «eta 27 urteren ondotik behingoz Euskalerria irratiak legez emititu ahal izatea». Aralarreko Nekane Perezek eskaera zehatza egin zuen: «Gobernuak epaia bete dezala, eta, ez badu betetzen, azal dezala zergatik ez duen egiten». Ezkerrako Txema Mauleonek hitz gogorrak egin zituen: «Hau ikaragarria da. UPN bazterkeriaz, bidegabekeriaz eta boterekeriaz jokatzen ari da, eta alimaleko kaltea eragiten ari zaie euskaldunei eta Euskalerria irratiari».

UPNko parlamentari Maria del Carmen Gonzalezek, aldiz, esan zuen Nafarroako Gobernuak epaia beteko duela: «Beti egin dugu hori, eta prozesua oraindik amaitu ez badu, izanen da oraindik badagoelako zirrikituren bat horretarako». Esleipenaren bigarren fasean «zorte ona» opa zion Euskalerria irratiari. PPko Amaia Zarranzek nabarmendu zuen kontratazio mahaia osatzen duten pertsonez fio dela, eta iraganean irregulartasunak egon izanak ez duela esan nahi berriro irregulartasunak izango direnik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.