«Iki, mihi, kili, klik, ipuinak hurrup eta klik; iki, mihi, kili, klik, hitz ororen iturritik»: halaxe hasi ziren kantuan Jokin Irungarai eta Kattalin Salaberri, Ik Mihi Klik ikusgarriko bi antzezleak. Atzo aritu ziren, 10:30ean, Mintzalasai festibalaren Haurren Egunaren karietara, Miarritzeko (Lapurdi) mediatekan.
Ordu laurden bat lehenago, haurrak eta gurasoak gelara hurbiltzen hasiak ziren, irria ezpainetan, eta ipuinak entzuteko gogoz. Asteazkena zen, eta haurrek ez zuten eskolarik; orduan, saldoa bildu zen auditoriumean; mediatekako Euskara Saileko langile Nora Arbelbidek eta Miarritzeko euskara teknikari Renaud Davantek egin zieten harrera. Ikusgarria hastear zela, azken haur saldo handia iritsi zen: Miarritzeko Uda Lekuko haurrak. Laster batean eseri ziren, eta ikusgarria abiatu zen: «Iki, mihi, kili, klik, ipuinak hurrup eta klik; iki, mihi, kili, klik, hitz ororen iturritik».
Guztira, hiru ipuin kontatu zituzten bi artistek, oren erdiz; eszena gaina leku irudikapen batzuez apaindua zen, istorioen giroa plantatzen laguntzeko. Haurrak isil-isilik egon ziren, kadira harrabots eta irriak tarteko, hala ere. Emeki-emeki, istorio batetik bestera, haurrak geroz eta gehiago sartu ziren giroan, eta irriak geroz eta ozenago egin; antzerkilariei erantzuten ere hasi ziren. Ikusgarriak berak, gainera, jarrera hori bultzatzen zuen: lehen ipuinean, Iki mihi klik kantua ezagutarazi zuten, eta ondoko ipuinetan berriz eman, haurrekin batera. Bigarren ipuinean Xorieri mintzo zen kantatzen hasi, eta gela osoa haiekin abiatu zen. Bukatzeko, hirugarren ipuinerako, ikusleen arteko neska bat igoarazi zuten eszena gainera, eta istorio osoaren kontaketan parte harrarazi zioten: haiekin batera, ipuineko pertsonaietarik bat bilakatu zen. Oldea osoa zen.
Miarritzeko erronka
Baiona, Angelu eta Miarritze (Lapurdi) BAM eremuan ospatzen da festibala, nahiz hasieran Mintzalasai proiektua Miarritzen besterik ez zen abiatu. Urtetik urtera, BAM osora hedatu zen, eremu horretan euskara gutxi baliatzen zela ikusirik.
Aspaldi bezala aurten ere, Miarritzeko mediatekak festibalean parte hartuko du: izan ere, egitarauko ekitaldi anitz han iraganen dira. Arbelbideri zeharo naturala iruditzen zaio mediateka Mintzalasai festibalean izatea: «Urte osoan euskarak badu garrantzia, liburu eskaintza aldetik, adibidez, eta, bestalde, musikan ere bai. Beti entseatzen gara euskarari lekua ematen; orduan, ezin gara Mintzalasain ez izan». Aitortu zuen, gainera, halako ekitaldiek bozgorailu efektua dutela, eta aukera ematen diela lekua eta eskaintza hobeki ezagutarazteko.
Euskararen aldeko joera ez da errazenetarik Miarritzen, Arbelbidek azaldu zuen bezala: «Korrontearen kontra ari gara lanean euskaraz ari garelarik kostalde honetan, eta Miarritzen zer erranik ez». Beraz, Mintzalasaik «aurreiritziak hausteko eta komunitatea indartzeko» balio lezake. Hau gehitu zuen: «Zinez inportantea egiten zait, eta bertze anitzi ere bai, zerbitzu eta leku publikoak euskaraz izatea. Liburutegi publiko bat gara, herriko etxearen tresna bat, eta harrera euskaraz eskaintzea naturala izan beharko litzateke; ez da baitezpada beti hala, baina badelarik behar da landu».
Hain zuzen ere, Mintzalasai festibalak beste aukera bat ematen die gurasoei haurrak euskaraz hezteko ahal bezainbat. Maider Telletxea bi seme-alabekin joan zen ikusgarria ikustera, eta, erran zuenez, halako ekitaldiak zinez prezatzen ditu: «Bada aktibitate bat euskaraz, eta ez dira asko; ikusgarri bat, gainera, ez da egunero izaten; beraz, kontent naiz haurrak hona ekartzeaz, horrelako ikusgarrien ikusteko, sinpleki». Ez zen lehen aldia haurrekin Mintzalasain parte hartzen zuena: kontatu zuenez, joan den urtean, jadanik, Mediatekak eskaintzen zuenaren ikustera joan ziren, eta baita festibala burutzen duen igandeko bestara ere, Miarritzeko Marion aintzirara.
Mintzalasai, elkarlanean
Mintzalasairen partaideetarik bat Miarritzeko Uda Leku da. Nahia Corrihons Elordui da zuzendaria, eta zinez garrantzitsua iruditzen zaio Mintzalasaik sortzen duena: «Urtero etortzen gara, eta programa interesgarria da beti». Haurren euskalduntze prozesuan duen garrantzia zehaztu zuen: «Haurrek ikusten dute badirela beste haur batzuk ere euskaraz mintzatzen direnak, eta aktibitatea bera ere euskaraz egiten dela».
Azkenean, elkarte bakoitzak besteari ekartzen dio: Mintzalasaikoek, adibidez, formakuntza bat ematen diete Uda Lekuko langileei, eta, Uda Lekukoek, berriz, arratsalde bateko animazioen ardura hartzen dute. Corrihonsek ohartarazi zuen: «Euskararen arloan ez badugu elkar laguntzen... Beharrezkoa da, ene ustez!».
Euskalduntzeko, Mintzalasai
Mintzalasai festibala Baiona, Angelu eta Miarritze euskalduntzeko erronkari lotu zaio hamabigarren aldiz. Haurren Egunaren karietara, emanaldi bat egin dute Miarritzeko mediatekan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu