ATZEKOZ AURRERA. Gonzalo Etxebarria. Margolaria

«Euskaldunok konposatuak gara»

Sorterrira itzuli ezinik 33 urte egon ondoren, Deban erakusketa prestatzen ari da artista bilbotarra. Hark dioenez, euskaldunik kosmopolitena ere basa da. Plazerez ikusi du kostaldeko bizinahia.

Edu Lartzanguren.
2014ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Gonzalo Etxeberria (Bilbo, 1954) ikasle izan zen, 1974-1976 urteen artean, Oteizak bultzaturiko DebakoArte Eskolan (Gipuzkoa). 1981ean, ihes egin zuen; lehenbizi, Paris aldera. Barkoxen (Zuberoa) jarri zen bizitzen, eta margotzen hasi gero. Apirilean itzuli zen, lehen aldiz hogeita hamar urtean, sorterrira. Debako Santa Mariaelizako klaustroan erakusketa zabalduko du larunbatean.

Itzulera baten historia da Deban hilabete osorako jarriko duzun erakusketa?

Guztiz garrantzitsua da erakusketa niretzat. Lehen aldiz, neronek —laguntzarekin, prefosta— antolatu dut erakusketa bat hegoaldean. Sinbolikoki, profesionalki eta zentzu guztietan garrantzia handia izan du Debako eskolak neure bizitzan. Bi urte pasa nituen han, Oteizak utzi eta gutxira: oso esperientzia aberatsa izan zen. Askatasun handiarekin aritu ginen han, oso bide esperimentalean.

Ordurako erabakita zenuen espresionismo abstraktua erabiliko zenuela adierazpide gisa?

Ez. 1970eko euskal abangoardiaren eragin handia nuen orduan: Zumeta, Sistiaga, Basterretxea... Emeki, Alemaniako eta beste leku batzuetako margolarien eragina jaso genuen. Ordu hartan, bazegoen garaiko estetikaz mintzatzerik; orain, askoz zailagoa litzateke. Orduan, izugarri indartsuak ziren euskal artistak, eta garai hartako estetikaz zein etikaz ari gaitezke.

Zer eragin izan du zeuregan 1981. urtean ihes egin behar izana?

Gero konturatu naiz sortzaileei oso emankorra izan zaiela ihesa. Aurrez-aurrekoa izan dute beste kulturekin: Europatik Ameriketara joandako alemaniarrek, esaterako, edo Afrikarrek, Parisera joandakoan. Beti da truke bat, eta aberasgarria izaten da erbestea. Niri erakutsi zidan zelako beharra nuen sortzeko. Zuberoan geratu izanak gauzak erraztu egin zizkidan: hemen bada sorkuntzarako giro bat, dinamikoa eta azkarra. Beraz, gauza positiboa izan da niretzat. Prefosta, sorkuntza mailaz ari naiz; politikoki eta gizaki gisa, beste kontua da: gogorra da, gauza anitz galtzen baitira eta haustura gertatzen baita, gero oso zaila berriz eraikitzeko. Baina ez da dena beltz edo zuri.

Bilbotik Barkoxera, Euskal Herri bera, baina zelako mundu ezberdinak, ala?

Bai eta ez. Bilbora itzultzean ohartu naiz naturaz inguraturik dagoela, eta jende askok, neu barne, ez genekiela. Bitxia da, baina Zuberoan ulertu dut hori. Euskal Herriko edonon, alimaleko presentzia du naturak, hiri gorrienetan ere; Eibarren, kasurako. Bai eta geure baitan ere. Hiriko kosmopolitismoa dago, baina bilbotarrak ere ez dira hiritar hutsak. Euskaldunok konposatuak gara.

«Alimaleko» esaten duzunean, «sekulako» esan nahi duzu bakarrik?

Ez, baita hitzez hitz ere. Basa, basatia. Nire lana basakerian eta ordenuaren arteko aurrez-aurrekoan oinarritzen da. Gure gizartea konplexua da; arazoa dago nortasun kolektiboan eta norbanakoan, krisia zentzu guztietan... Hori azaltzeko, hizkuntza berri bat behar dugu, eta, pinturan, figuratibismoaren eta abstraktuaren nahasketa daukagu horretarako.

«Indar baikorra» sumatu zenuen hegoaldeko kostaldean, apirilean itzuli zinenean. Oker dabiltza euskal ezkorrak?

Jendearen arteko begirada trukeak ikusi nituen, jakin-minekoak. Parisen eta Europako beste hirietan jendeak ez dio elkarri begiratu ere egiten. Globalizazioa beste modu batean gertatzen ari da hemen, eta maite dut izugarri. Ekonomia aldetik gizartearen zati handi bat gaizki bizi bada ere, bizitzeko gogoa eta indarra ikusi nuen. Plazer handia da hori antzematea, geroa badela sentiarazten dizulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.