Ana Toledo (Antzuola, Gipuzkoa, 1954) euskaltzaina da, eta irakaslea Deustuko unibertsitatean. Aitorren oihartzuna Hego Euskal Herrian hitzaldia emango du gaur, 11:30ean, Baionako Iker-Gaztelu Berrian. Idazle zuberotarraren inguruko jardunaldi berezia egingo dute, 10:00etatik aurrera. Toledoz gain, Beñat Oihartzabal, Txomin Pellen, Xabier Kintana, Jean Haritxelhar eta Patri Urkizu arituko dira pertsonaia erromantiko horren inguruan.
Garibai eta Xaho, historia asmatu zuten bi idazleok lotzen dituen sokari tira egingo diozu gaur. Zer dute elkarrekin hiru mendez bereizitako pertsonaiok?
Euskaldunon identitatearen gaia. Garibaik planteatu zuen XVI. mendean. Tubal sortu zuen euskaldunon aitalehen gisa, ekialdetik etorritakoa. XIX. mendean, erromantizismoaren etorrerarekin, berriro berebiziko garrantzia hartu zuen gaiak. Herderrek esan zuen orduan herri bakoitzak berezko nortasuna eta berezitasuna daukala. Horren ildotik etorri zen Xaho.
Agosti Xaho erudito handia zen, eta, aldi berean, fantasia handiko idazlea. Gaur egun, xelebre samar egiten zaigu «historia asmatzea» kontzeptua, baina ez da beti horrela izan, ezta?
Aitor pertsonaia sortu zuenean, ez zuen tranparik egin. Legenda gisa aurkeztu zuen. Garibaik, berriz, historia lan batean ekarri zuen Tubal. Kontua da XVI. mendean historia genero artistikoa zela, eta ez soilik Euskal Herrian. Xahoren garain, berriz, zientifikoagoa zen historia, eta zehaztasuna eskatzen zioten. Xahok argi utzi zuen Aitor fikzioa zela. Beraz, eruditoa zen, zientziarako, eta irudimen handikoa literaturarako.
Esan daiteke Aitorrek —legenda gisa eta pertsona izen gisa— arrakasta handiagoa izan duela Euskal Herriko hegoaldean, Xaho zuberotarra izan arren?
Baliteke. Hegoaldean XIX. mendean Tubal eta Aitor agertzen zaizkigu. Navarro Villosladak eta Vicente Aranak jaso zuten Aitorren figura. Baina Felipe Arresek Tubal esaten jarraitu zuen, Ama euskereari azken agurrak lanean, Xahorentzat euskara Aitorren hizkuntza, Aitorrek sortutakoa izan arren. Iparraldean, ordea, Arnaut Oihenart historialariak beste modu batean aurkeztu zuen Euskal Herriaren historia. Ez zuen ezer jakin nahi izan ekialdetik etorritako aitalehenez.
Batzuetan, bere garaiko pertsonaia tipikoa dela ematen du Xahok; besteetan, garaia baino aurreratuagoa dela.
Espiritu erromantikoaren lehen agerpenetako bat izan zen: gehiegikeria, pasioa, grina, bizimodu konbentzionala izatea, dena modu superlatiboan bizitzea...
Batzuek, hain zuzen, euskaldunen tradizioa asmatzeko joera gaitzesgarriaren adibide gisa jarri dute Xaho; beste batzukEuskal Herria imajinario horren alde agertu dira.
Gaur erabat konbentzituta nago gauza batez: guk ez dugu egin besteek egin ez duten ezer. Asmatu dugu, besteek asmatu duten bezala. Aitalehen bat aurkitzea, herri prestu gisa agertzeko eta hizkuntza garbi nahastugabea izatea herri guztien kezka izan zen XVI. mendean, eta fantasia erabili zuten denek hori lortzeko. XXI. mendean ere, ez dugu Mendebaldeko Europako beste herriek baino gehiago asmatu. Garaiak zituen eskakizunei erantzun zieten guztiek. Erromantizismoak beste hauspo bat ekarri zien zokoraturiko herriei arnasa hartzeko eta, legenden bidez, autoestimua altxatzeko.
Ana Toledo. Euskaltzaina
«Euskaldunok ez dugu geure historia beste herriek baino gehiago asmatu»
'Agosti Xaho eta erromantizismoa Euskal Herrian' jardunaldietan ariko da Ana Toledo irakaslea gaur, Baionan, euskaldunon izaeraren gaiari XVI. eta XIX. mendeetan emaniko erantzunak azaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu