Javier Sadaba (Portugalete, Bizkaia, 1940) filosofoa da, eta Erlijioaren Etika eta Filosofia irakasten du Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, besteak beste. Nuevos paradigmas ante la crisis hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Donostiako Londres hotelean, Adolfo Lopez de Munain neurologoarekin batera.
Paradigma berriez mintzo zara, baina filosofoen artean klixea da dagoeneko errazago zaigula munduaren amaiera irudikatzea, kapitalismoaren bukaera baino. Zuk irudikatzen dituzu eredu berriak?
Nik beti irudikatu dut kapitalismoaren amaiera. Orain kapitalismoak, bere aurpegi txarrenetako batean, agintzen du: finantza kapitalismoa, politika eta herritarrak irentsi dituena. Hori amaitzea da nire ideala. Lehia eta eraginkortasuna beharrezkoa dira, eta nolabaiteko merkatu askatasuna, mugatua bada ere. Baina ez diot uko egiten sozialismo libertarioari: askatasuna errespetatu baina baliabideak bidezko eran banatu, ez orain bezala. Ez dugu topikoan erori behar; kapitalismoa ez da garaiezina.
Baina jendea ez al dago berriz krisia noiz bukatuko den zain, sistemaren doministikua baino ez delakoan?
Kapitalismoak berritzeko ahalmen handia duela uste dut, baina, oraingoan, ezinegona dago, baita kontserbadoreenen artean ere. Honela ezin dugula jarraitu uste dute. Kontzientzia hori planeta osora zabaltzen ari da. Horrez gain, martxoak 15eko mugimendua bezalakoak daude, non jendea hasi den sistema alternatiboak irudikatzen eta proposatzen, benetako demokrazia eta behar bezalako bizikidetza izateko. Maiatzaren 15ekoak badirau, eta erakutsi du ez dela errautsa, baizik eta txingarra.
Zeintzuk dira ikusten dituzun eredu berri horiek?
Hainbat urrats proposatzen ditut. Lehena: ezetz esaten jakitea. Ez etsi, eutsi. Bigarrena: zeure burua erabakitzen duen gizabanako gisa ikustea, eta gizartearen oinarria geu garela argiago ikustea. Hirugarrena: benetako kultur iraultza, behetik gorakoa. Gizartea topikoz beterik dago, eta nork bere burua engainatzeko joeraz. Eskolan konpondu behar da hori. Azkenik, benetako morala eta bizitzen jakitea. Norberaren plazerekin gustura egon, baina jakinda ezinezkoa dela norberaren zoriona, jende guztiak ez badu era gizatiarrean bizitzerik. Gizarte neoliberala ez, beraz, norberekoikeria muinean duelako. Sozialdemokrazian ere ez dut sinesten, benetan agintzen dutenen lehen putzarekin makurtu egiten delako. Gizarte libertariagoa proposatzen dut: demokrazia askoz zuzenagoa, kargu mugatu eta txandakatuekin, non ekonomia politikariek kontrolatuko duten, eta politikariak, herritarrek.
Paradigma aldaketa eskatzen du Euskal Herriaren egoera berriak?
Bai. Blindatu egin behar da, Madrilen egiten den kaka-nahastetik babesteko. Indarkeriak aztertu behar dira, baina bakarra aztertzekotan ere, zergatik sortu zen ikusi beharko da. Espero dut adiskidetzea eta barkatzea heltzea. Baina, bestalde, euskaldunen borondatearen afera zabaldu da. Hori ez dago zalantzan jartzerik indarkeria egon dela edo halakoak argudiatuta. Benetako leialtasun demokratikoa behar dugu, eta hori bai dela denontzako une berria. Alde batetik, Euskal Herriaren eskubideetatik eginiko proposamenak ongi egin daitezen eta, bestetik, errespeta dadin geure borondatea, euskaldunok izan nahi duguna izan gaitezen.
Javier Sadaba. Filosofoa
«Euskaldunen nahiaren afera zabaldu da, eta hori bai dela denontzako une berria»
Irakasleak ez du arazorik kapitalismoaren amaiera irudikatzeko, eta, are gehiago, krisiak sorturiko ezinegonak bultzatuta mundu osoan gerorako eredu berriak piztu direla azalduko du gaur, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu