Antzerkilaria

Amaia Bono: «Euskaldunak daude, erdaldunak daude, eta gero gu, akastunak»

‘Belarriprest’ taularatuko du gaur Bonok Tafallako kulturgunean: «Euskarazko nire lehen antzezlana da. Euskara ikasteko nire istorio propioa kontatzen dut, enpatiaz, ironiaz eta, batez ere, umorez».

AMAIA BONO ANTZERKILARIA
Amaia Bono, 'Belarriprest' antzezlana taularatzen, Bilboko Kafe Antzokian. BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
2024ko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Gaur da eguna. Tafallako (Nafarroa) kulturgunean, 20:30ean. Amaia Bonok (Gasteiz, 1989) euskaraz egin duen lehen antzezlana taularatuko du bertan: Belarriprest. Bonok, zalantzaz beteta bada ere, urrats bat egin eta euskaraz sortzea erabaki du. Antzezlanak euskararen ikaskuntzari buruz pentsatzera gonbidatzen du: identitatea, kultura, hitzak, biografia... Hori guztia, euskaldun berrien kontakizun baten eta hizkuntzaren azterketaren bidez.

Zerekin topo egingo du antzezlana ikustera joaten denak?

Estetika sinpleko ikuskizun bat da, performancearen eta hitzaldiaren arteko zerbait, bakarrizketa baten itxura duena. Euskara ikasteko nire istorioa kontatzen dut, eta, aldi berean, prozesu horretatik igaro diren askorena. Enpatiaz eta ironiaz egiten dut, eta, batez ere, umorez. Asko gustatzen zait hizkuntzarekin jolastea, eta euskara oso hizkuntza figuratiboa da.

Zu beti belarriprest?

Zergatik ez? Noiz hasten da ahobizi izaten? Urte asko dira, eta denetik probatu dut: euskaltegiak, barnetegiak... Oraindik beldur handia dut euskaraz aritzean; zalantzak, zalantzak eta zalantzak. Lan honekin pentsatu nuen beldurrak gaindituko nituela, eta egia da askoz seguruago sentitzen naizela, baina sentsazio arraro hori hor dago oraindik. Hala ere, bidean gaude!

Euskal Herrian hiru pertsona mota omen daude...

Bai! Euskaldunak, erdaldunak, eta gero gu, akastunak! Eta harro gaude! Askotan ez gaude toki publikoetan, baina gu ere euskal kulturaren parte gara.

Aldarrikapen bat ere bada obra?

Asko eta asko dira ama hizkuntza euskara dutenak edo ikastoletan ikasi dutenak, edo euskara erraz ikasi dutenak, eta batzuetan ez dute enpatiarik euskaraz komunikatzeko zailtasunak ditugunekin. Mugatuta ikusten dugu geure burua, hitz egiteko erraztasunik gabe, hitz jariorik gabe... eta uste dut ikuskizun honen bidez horren inguruko sentsibilizazio apur bat sortzen dela. 

«Urte asko dira, eta denetik probatu dut: euskaltegiak, barnetegiak... Oraindik beldur handia dut euskaraz aritzean: zalantzak, zalantzak eta zalantzak». 

Beti euskara ikasten?

Bai, eta oraindik jarraitzen dut! Esan dut hizkuntzarekin jolastea gustatzen zaidala. Plazera eta jolasa: hori da nire leloa. Arte eszenikoetan ditudan indarretako bat hori dela uste dut. Jabetzen naiz oraindik ezin naizela euskaraz askatasun osoz jolastu, eta horrek apur bat zapuzten nau, baina trukean beste estrategia batzuk aurkitu behar ditut; bide berriak, bide politak... Antzerkia, azken batean, sormena da, laborategi bat. Edonork hutsetik zerbait berria egitea itzela da. Ideia bat sortu, edo ideia batetik hasi, irudi bat garatu, testu bat aurkitu, oholtzan zure egoteko, izateko eta egiteko bidea bilatu...

Kutsidazu bidea Ixabel-eko protagonistarekin identifikatuta zaude?

Bai, jakina! Antzeko istorio bat bizi izan nuen nire lehen barnetegian. Horri keinu txiki bat egiten diot ikuskizunean.

Zintuzketeken...

Nork erabiltzen ditu aditz horiek? Euskara oso hizkuntza aberatsa da, eta ulertzen dut forma horiek erabili behar direla, baina ikasten ari zarenean horma bat jotzea bezala da... Niezazkiokeen? Zeniezazkiekeen?

Bakarrik ateratzen zara ikuskizunean. Erronka handia da hori, ezta?

Bai, eszenan bakarrik nago. Proiektu hau oso pertsonala da, eta bakarrik egitea tokatzen zitzaidan, baina oso babestua egon naiz. Azala funtsezkoa izan zen ikuskizun hau sortzeko. Oso aberasgarria izan zen leku horretan lan egiteko aukera izatea. Idoia Zabaleta ikuskizun honetako nire mentorea da, eta oso ondo ulertu genuen elkar hasieratik.

Beti ibili izan zara antzerkiaren munduan?

Bai. Nire pasioa da, eta orain nire lana ere bada. Zoragarria da lehen ez zeuden irudiak agerraraztea... Emanaldiek ere badute zerbait berezia. Hemen eta orain zaude, eta hain azkar doan mundu batean sentsazio hori altxor bat da.

LOTSABAKO

Erreferente bat?
Esther Ferrer.

Antzezlan bat?
Altsasu, Maria Goirizelaiarena. Itzela da obra.

Antzeztea biluztea da?
Batzuetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.