Buenos Airesen 1855ean erroldatuak ziren 80.000 biztanleetatik, 10.000 bat etorkinak ziren, zeintzuetatik gehienak galiziarrak, liguriarrak eta euskaldunak baitziren. Orain arte ikerlariek susmatzen zutena datu arras zehatzen bidez baieztatu berri du Michael Goebel Berlingo Unibertsitate Askeko ikerlariak bere taldearekin. Hirietako zatiketa sozio-espazial eta etnikoak ditu ikergai Goebelek, erran nahi baita, kasurako, Buenos Airesen etorkinak nola banatzen ziren. Suitzako funts zientifikoak diruztaturiko lana da.
Urte hartako erroldak banaka aztertu ditu, eta mapak osatu. Alde batetik, etorkin bakoitzaren sorterrian tita bat markatu du Europako mapan. Hala, emaitza bisuala deigarria da: argi eta garbi ikus baitaiteke nondik abiatu ziren Buenos Airesen urte hartan bizi ziren etorkinak oro.
Twitterren partekatu ditu berak osatu mapak, gaitzeko arrakasta kausituz. Soka luzea ekarri du argitalpenak, eta, a posteriori, datu xuxenak salatu ditu: galiziarrak 1.294, euskaldunak 2.979 (Biarnokoak barne hartuz), Piemontekoak 502 eta Liguriarrak 5.415, zeintzuetarik 3.591 Genovakoak baitziren.
Gainera, etorkin horiek hirian bertan nola banatuak ziren ere xerkatu du. Hala, jatorriaren arabera auzo jakin batzuetan metatuak ziren. Buenos Airesko mapan kokatu ditu erroldako datuek manatu dizkionak: non xuxen bizi ziren 1855eko etorkinak. Koloreak salatzen du urte hartan bizi ziren kanpotarren jatorria. Datu batzuk eskas dituela onartu du, Buenos Airesko errolda egilearen «alferkeriagatik, ezjakintasunagatik», edo berak eta etorkinak elkar ez ulertzeagatik. Batzuek, konparazione, Gipuzkoa edo Bizkaia eman zuten sorterri gisa. Hala, kasurako, Goebel eta taldeak ezin izan dituzte errolda horiek mapan kokatu. Dena den, horiek guziak ukan eta ere, ikerlariaren erranetan, ikuspegi orokorra ez litzateke aldatuko.
Herria deserrira
Ikerketa horrek orain arte emigrazioaz erakusten dutena «konfirmatu» du, eta Goebelek argitu du zein den argitalpen hauen berritasuna: «Lanak konfirmatzen du kuantitatiboki eta oso zehazki orain arte bagenekiena. Baina erakusten duena da etorkin europarrak XIX. mendeko Argentinan taldekatuak izan zirela nazionalitatearen arabera. Argentinarako emigrazio masiboaren hastapenetan ez dira abiatze nazionalak, baizik eta oso eskualde jakinetatik partituak eta metatuak, zeinak estatuez gainekoak baitira, erran nahi baita, zeharkatzen baitituzte estatu nazio berrien mugak. Kasu horretan da bereziki euskaldunen kasua. Ez da afera nazional frantses edo espainola, baizik eta oso euskalduna da, eta badu zerikusirik estatu nazio aitzineko entitate politikoen historiarekin, kasurako, Nafarroako Erresumarekin».
Urte hura ikertzeko arrazoia pragmatikoa izan da. Izan ere, 1855. urteko errolden datu gutiz gehienak digitalizatuak baitira, mormoiei esker. Sinesten baitute hil ondotik ere arbasoak bataia daitezkeela; horregatik badute genealogia saila hain landua. Nahi duen orok ikus ditzake familysearch.org webgunean. Goebel lorietan da mormoien lanarekin: «Eskuz betetako 7500 orri dauzkagu, denak digitalizatuak AEBtan. Beraz, 1855. urteko Buenos Airesko informazio mikroa sekulakoa da historialari batentzat». Jakin behar da, hala ere, euskaldunen zaku berean sartu dituela ere bearnotarrak. Azpimarratu du emigrazio masiboaren hastapen horretan euskaldunek garrantzi handia izan zutela: «Emigrazio euskalduna oso garrantzitsua izan zen emigrazio sareen osaketa hartan, zeina gerora ez baitzen hain agerikoa. Izan ere, 1870etik goitik, emigranteen gehiengo zabala galegoak eta italiarrak izan baitziren».
Argitxu Camus historialaria euskal emigrazioan aditua da, eta bat egiten du Goebelen irakurketarekin, 1855. urtea euskal migrazioaren hastapenetan dela, hots: «1830-1930 urte bitarteko Europar emigrazioa masibo gisa kalifikatzen du historiografiak: 52 milioi partitu ziren. Lehenik, Uruguairat; gero, 1852an, Argentinan Rosasen diktadura erori eta Urquiza buru ezarri zelarik, etorkin anitz hasi ziren ekarrarazten; haientzat etorkin ideala euskalduna zen». Zehaztu du lehen fase horretan Nafarroatik, Lapurditik eta Zuberoatik abiatu zirela, baina ez dagoela datu zehatzik, bearnotarrekin nahasiak direlako. Gainerako eskualdeetako euskaldunak berantago eta gehiago abiatu ziren.
1870etik goitiko emigrazioaren masifikazioaren zergatietako bat eman du Goebelek: baporezko ontzia. «1870etik goiti masifikatu egin zen, bapore ontziei esker bidaia laburtu baitzen. Bidaia txartelaren prezioa bainoago, iraupena izaten zen arazo: ia hiru hilabete behar baziren iristeko, tarte horretan ez zutelako diru sartzerik».
Migrazioan euskaldunek izan zuten tokiaz gain, Goebelen mapei esker, soño batez egiazta daiteke emigrazioak Euskal Herrian izan zuen eragina. Eman duen adibideak ondorio argia erakusten du: «Donibane Garazik hirurehun biztanle ditu garai hartan; haietarik laurogei Buenos Airesen daude, kasik heren bat! Kontuan hartu gabe gainera: Montevideo, Cordoba, Rosario, ez ere Buenos Aires probintzia. Buenos Aires hiria bakarrik kontuan hartuz, oso inpaktu handia da Donibane Garazirendako».
Camusek ere azpimarratu ditu migrazioak Euskal Herrian ekarri zituen ondorio demografikoak: «Berrehun milako bat euskaldun gutienez joan zen. 1900. urtean milioi bat biztanle baizik ez zen; beraz, anitz da». Biztanleriaren apaltzea eragin zuen beraz emigrazio masibo horrek: «Basses Pyrénées departamenduan, 1841ean 452.000 biztanle baldin baziren, 1872an 426.000 ziren. Sortze tasak mantendu zirenez eta gerlarik ez zenez hor, argi da emigrazioak eragin zuela populazioaren apaltzea».
Emigrazioaren «zeharkako» arrazoietan sartzen ditu Goebelek Frantziako Iraultza -ondorengotza legeak zangopilatzearen ondorioz, adibidez- eta Gerla Karlista, biek «desegin» baitzuten «euskal fabrika soziala». Lehen-lehenik arrazoi ekonomikoek akuilaturik abiatu zirela erran du, maila ertaineko hirietako martxantak hastapenean. Geroago, emigrazioa zabaldu ahala, «Buenos Aireserat joateko sarbidea zuten mendi eskualdeko jendeen» aldia izan zen, zeintzuek bertan, jada, ahaideak edo lagunak baitzituzten.
Camusek, azkenik, «estereotipoak» haustea aldarrikatu du: «Hastapenean sustut gizonak izan baziren ere, 1850-1880 urte bitartean, partitu zirenen %38 emazteak izan ziren».
Euskaldunak bide urratzaile goiztiarrenak
Michael Goebelek eta haren ikertaldeak agertu dituzten mapa zehatzek erakutsi dute 1855ean Buenos Airesen erroldatuak ziren etorkin gehienak euskaldunak, liguriarrak eta galiziarrak zirela. Banaka-banaka kokatu dituzte sorterrian, eta etorkin haiek hirian non bizi ziren ere erakutsi dute. Goiz abiatu ziren herritik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu