Gaur, Pasai Donibanen (Gipuzkoa), Gora Herriak hamabostaldia hasiko da, Bixi Bixi elkarteak antolatuta. Urtero, herri bat goraipatzen dute jaialdian. Aurten, Argentinaren txanda da. Hangoa da Julieta Gaztañaga antropologoa (Bahia Blanca, Argentina, 1977), eta Oscar Alvarez historialariarekin batera emango dio hasiera hamabostaldiari, Euskaldunak Ameriketan hitzaldiarekin.
Argentinar bat Euskal Herriari lotuta. Antropologoa zara, irakaslea, ikertzailea...
Antropologoa naiz, bai, Buenos Airesko Unibertsitatekoa. Hor ematen ditut klaseak duela hogei urte baino gehiagotik. Komunikazio Zientzien Antropologia ikasgaiaren arduraduna naiz, Gizarte Zientzien Fakultatean, eta Antropologia Soziala eta Politikoa ikasgaia ere ematen dut, Filosofia eta Letren Fakultatean. Ikertzailea naiz, eta hala murgildu nintzen euskal munduan. Peronismoari buruz hasi nintzen ikertzen, gero barrualdeko peronismoari buruz, eta horrek federalismoaren kontzeptua ikertzera eraman ninduen. Euskara ikasten ari nintzenez, hasi nintzen pentsatzen ea posible zen abertzaletasuna eta federalismoa konparatzea. Hortik aurrera, euskal mundura hurbilduz joan nintzen, eta, egun, Euskal Herriko gaur egungo egoera ikertzen dut. Independentziaren aldeko asmoa interesatzen zait batez ere, borroka armatuaren amaiera testuinguru gisa hartuta.
Euskal abizena duzu. Badaukazu loturarik Euskal Herriarekin?
Deskonexioan, beti egon izan gara lotuta. Nire familia beti egon izan da lotuta bere euskal nortasunarekin, baina senideekin galdu egin dute kontaktua. Nire birraitona Andoaingoa zen, eta birramona Berastegikoa [Gipuzkoa], eta Argentinan familiak euskarari eutsi zion bi belaunaldiz. Aitonak euskaraz hitz egiten zuen, eta aitari hitz bakan batzuk irakatsi zizkion. Hala ere, euskal etxetik eta beste euskal instituzioetatik urrun egon izan dira. Nerabe garaian, nire eskolako lagunek dantzari izatera bultzatu ninduten, eta bost urtez dantzaria izan nintzen, Bahia Blancan. Hor euskara gutxi ikasi nuen. Buenos Airesera ikastera joan nintzenean, saiatu nintzen euskara ikasten, baina ezin izan nuen, ikasketengatik. 2015ean hasi nintzen sistematikoki euskara ikasten, gaur egun arte. Euskaltzaleak euskal etxearen jardun sozialean sartu nintzen, eta nire etxea bihurtu zen hura.
Zeri buruzkoa izango da Pasaian emango duzun hitzaldia?
Harritu egin nau gonbidapenak, normalean euskaldunek Argentinara egindako immigrazioa ikuspuntu historiko batetik lantzen baita, iraganari lotuta. Antolatzaileei esan diet ni ez naizela historialaria, immigrazioa ez dela nire gaia, baina diasporaren gaur egungo egoeraz hitz egin dezakedala. Argentinan dagoen euskal kolektiboaren gaur egungo egoera ikertzen dut: zerk bultzatzen du jendea euskara ikastera? Nola eta nondik lotzen ditu Euskal Herriak? Adibidez, lehen, Negu Gorriak-en abestiak ulertzeko ikasten zuen jendeak euskara. Gaur egun, euskal etxeetara Itziar Ituñoren jarraitzaileak joaten dira. Nik zera ikertzen dut, euskal etxeetako kideen osaketa soziopolitikoa eta zer-nolako loturak dituzten Euskal Herriarekin. Oso lotura dinamikoak dira, etengabe bidaiatzen dute, eta ondo dakite gaur egun zer gertatzen den Euskal Herrian. Ni euskal diasporaren konplexutasunaz arituko naiz, ikuspuntu antropologiko eta etnografiko batetik. Oscar Alvarezek emango du ikuspuntu historikoa.
Zuretzat zer-nolako garrantzia du ekitaldiak?
Euskal diaspora etorkizunean nolakoa izango den pentsatzea da hitzaldiaren helburua. XXI. mendeko euskal nortasunari buruz pentsatzeko deitu digute. Oso garrantzitsua iruditzen zait aukera hau; izan ere, azkenaldian Argentina pil-pilean dago presidente eszentrikoa daukagulako —nolabait esatearren— eta munduko ultraeskuinik eszentrikoena daukagulako. Gaur egun, garrantzitsua iruditzen zait beste mota bateko loturak berreskuratzea. Hamabostaldia euskal nortasunetik harago doa, eta normalean lantzen ez diren gaiei heltzen die jaialdiak. Gaur egun, Argentina krisian dago, eta guri buruzko albisteak tristeak edo negatiboak dira. Oso inportantea da herrialdean gertatzen diren beste gauza batzuk kontatzea. Euskal mundua oso eskuzabala da, gure herrian gertatzen ari denaren kontrara. Argentinan, euskal kolektiboak beti izan du mundu hobe bat eraikitzeko nahia.
Nola animatuko zenuke jendea ekitaldian parte hartzera?
Senideak Argentinan dituztenak etortzera animatuko nituzke. Berdin dio harremana galdu duten ala ez, kontatuko diegu zer egin zuten euskaldunek gure herrian, nola integratu ziren. Azkenean, kontaktua galdu badute, horrek esan nahi du arrakastatsuak izan direla Argentinan. Euskaldunak gure herrialde konplexuaren eraikitze prozesuaren parte sentitzea nahi dugu. Argentinara etorri ziren europarrek asko sufritu zuten, eta malko horiek gure herrialdea eraikitzen lagundu zuten. Jendeak animatu behar du Argentinarekin lotura modernoago bat sortzen. Harrituta geratuko dira euskaldunek Argentinan utzitako itzalarekin.
LOTSABAKO
Euskal Herrian gustukoen duzun herria?
Hernani.Euskarazko hitz bat?
Auskalo.Gehien entzuten duzun musika taldea?
Itoiz eta Kortatu.