Fernando Maiora. Idazlea

«Euskalduna izan da nagusiki Iruñerri osoa orain gutxira arte»

Irain eta liskar kontuengatik izandako auzi zaharrak ikertu ditu Fernando Maiora idazle artaxoarrak. 1441 eta 1891 arteko 3.000 kasu baino gehiago aztertu, eta liburu batean bildu ditu orain eztabaida horietan aurkituriko euskarazko laido, hitz eta koplak.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Artxiboan ematen du eguna Fernando Maiora artaxoarrak. Paper zahar artean esaldi bakoitza, hitz bakoitza aztertzen aritzen da. Ez du ezer bazterrean uzterik maite, eta denboraz aritzen da lanean horregatik. «Ez da ezer gutxietsi behar. Informazio guztia izan liteke baliagarria, niretzat ez bada beste inorentzat». Hori du metodoa: dena aztertzea. Hala idatzi zuen Nafarroako ezizenei buruzko liburua, hala Tafalla eta Artaxoako historiari buruzkoa eta hala zazpigarren liburua ere. 1441etik 1891rainoko nafarren arteko 3.000 auzitik gora aztertu ditu, eta aurkitutako txatalekin osatu du Reino de Navarra, euskera. Injurias, coplas, frases lana (Nafarroako Erresuma, euskara. Irainak, koplak, esaldiak). Bere kasa argitaratu du, eta Nafarroako hainbat liburu dendatan jarri du salgai.

Euskararen ingurukoak dira zure bilketa lanetariko asko. Zerk bultzatu zintuen lan hori hartzera?

Nire zuhaitz genealogikoa aztertzen hasi nintzenean piztu zitzaidan historiarekiko zaletasuna. Bestalde, Artaxoakooi inguruko herrietakoek beti egin izan digute irri gure hizkeran oso hitz arraroak erabiltzen omen ditugulako. Guk badakigu hitz horiek euskaratik eratorritakoak direla. Oso handia da gure hizkeran euskarak duen aztarna. Bi kontu horiek nire interesa piztu, eta nire herriko historia ikertzen hasi nintzen. Tafallakoa gero, Nafarroakoa ondoren, eta beti izan dut euskararekiko interesa.

Nola landu duzu irainen liburua?

Lan handia izan da, artxiboan ordu asko emanda atera ahal izan dut liburua. Denbora ederra eman dut eserita eta ukondoak mahaian iltzatuta. Herritarren arteko auziak aztertu ditut, borroka eta irainei buruzkoak. Agertzekotan, errazagoa da irainak eta gisako esaerak halako auzietan agertzea, ondareari buruzkoetan baino, adibidez. 3.000 prozesutik gora aztertu ditut, baina, egia esan, oso ongi pasatu dut.

Hainbeste ordu pasatuta, eskerrak.

Borrokak ikusgarriak izaten ziren. Herritarren arteko ika-mikak eta eztabaidak irakurtzen jartzean, film baten pare ikusten nituen egoera haren irudiak nire buruan. Arrautza baten inguruan sekulakoa izaten zuten. Nik neuk gogoan dut, esaterako, nire herrian, garai batean oiloak aske ibiltzen zirela herrian, eta oso erraza zen zureak arrautza bizilagunarenen artean egitea. Halakoengatik pizten ziren auzietan ageri diren auzietariko asko, eta egun zentzugabea dirudien arren, ulergarria da. Azken finean, maiz, oiloena eta gisako kontuena jendearen artean ziren ezinikusiak eta inbidiak adierazteko aitzakia baino ez ziren izaten.

Bitxia da Ezkurran 1959an elizako eserlekuen ordenari buruz izandako auzia ere.

Horrek ere ergelkeria irudi lezake gaur egun, baina garai hartan garrantzi handia ematen zioten. Herriko besteengandik bereizi eta nabarmentzeko modu bat zen. Baziren elizan besteen gainetik preferentzia batzuk zituzten herritarrak, eta horien inguruan sortzen ziren ika-mikak.

Auzietan lekukoek maiz esaten dute euskararik ez dakitela.

Oso normala izaten zen. Arazorik ez zutelako nahi egiten zuten hori. Azken finean, bi herrikideren arteko eztabaidan lekuko gisa parte hartzeko deitzen zuten eta inork ez zuen bataren edo bestearen alde lerratu nahi izaten. Horregatik esaten zuten hizkuntza ez zekitela. Bazekiten gehienek, baina Nafarroako zenbait gunetan balekoa zitzaien aitzakia hori. Horrek balio ez zienean, esaten zuten ez zutela ongi entzun, edo bizkarrez zeudela hain justu eztabaida piztu zenean. Libratzea zen helburua.

Auzi batzuetan, babel gisako bat dirudite: herritarrek euskara baino jakin ez, notarioak gaztelera soilik, soldaduak erromantzez...

Behin baino gehiagotan idazkaria ere aldatu behar izaten zuten horregatik. Iruñean, adibidez. Kasurik gehienetan, ordea, elebidunak izaten ziren. Nahitaez. Hizkuntza jakin ezean, itzultzaile bat behar izaten zuten, eta auzirik gehienak egiteko, zailtasunak izaten zituzten.

Nafarroako konkista ere aipatzen da liskar horietan.

Euskaldun hutsak direla esaten dute lekuko batzuek auzi batean. Baina ez diete onartzen aitzakia, Gaztelako soldadu asko daudelako, eta Iruñeko merkatuko tratuak gazteleraz egiten direlako. Konkistak hizkuntzaren mapan eragina izan zuela argudiatzen du prokuradoreak, baina oso kontu handiz hartu beharreko iritzia da. Iruñerri osoa orain dela gutxira arte izan da nagusiki euskalduna, XVIII. mendera arte. 1750 inguruan, Añorben, esaterako, bost lekukotik hiruk itzultzailea behar izan zuten, euskara baino ez zekitelako.

Bitxia da auzietan bildu dituzun irain askoren grafia ere: oçar ladron cçarra, gaystoa, sudur macur...

Gaztelera zen hizkuntza ofiziala, eta hartan idazten zutenean ere ez zituzten lege asko kontuan hartzen. Pentsa euskararekin. Ahal duten bezala idazten dute. Berdin zaie zeta bakarra duen edo bi; entzun bezala idazten zuten.

Irainen artean haragi kontu asko, emakumeen aurkako franko, eta arrazistak ere bai. Agot siquina, adibidez, behin baino gehiagotan ageri daiteke.

Kontu larria zen agota ez zen inori agota zela esatea. Arriskutsua zen; kartzelara ere joan zintezkeen horregatik. Batzuetan, beste irain batzuengatik, esandakoa gezurra izatekotan, jendaurrean eskatu behar izaten zuten barkamena. Elizan egiten zuten hori gehienetan, meza baliatuta.

Zein da aurkikuntza bitxiena?

Niri denak gustatzen zaizkit. Ezin dut bat aukeratu. Imarkoaingo maitasun kopla batzuk badira eta asko gustatzen zaizkit, baina besteak ere bai. Den-denak. Gainera, hizlari bakoitzaren hizkeraren arabera ere nongoa den asmatzea ere badago.

Mitoaren arabera, euskaraz ez dago irainik. Zure liburuak ia 200 orri ditu.

Irainak beti egon dira, hizkuntza guztietan, baita euskaraz ere. Mitoak dioena, ordea, ez da irainik ez dagoela, biraorik ez dagoela. Jainkoaren aurkako irainik ez dela, alegia. Nik aztertu ditudan auzi askotan ageri dira jainkoaren aurkako hitzak, baina gaztelaniaz daude idatzita beti. Izan liteke herritarrek biraoak gazteleraz esan izana, edo euskaraz esan arren idazkariak gaztelerara itzuli izana. Ezin da jakin, baina aurkitu dut kasu bat, XVIII. mendekoa, euskarazko biraotzat har daitekeena.

Zein?

Jainkoaren aurkakoak adierazteko voto a Cristo formula erabiltzen zuten gazteleraz idazkariek gehienetan. Auzi horretan, baina, esaten dena da gizon bat oihuka ari zela. «Abotoba, abotoba» oihukatzen zuela. Ez dakit zehazki zer esan nahi duen hitz horrek, baina voto a Cristo horrekin lotuta dago. Hori da euskarazko biraotzat har daitekeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.