Euskal zinemaren asteak berrogei urte bete ditu aurten, eta Vital fundazioak aldi guztietako datuak biltzen dituen liburua argitaratu du. Kepa Sojo gidoilari, zuzendari eta zinema historialaria (Laudio, Araba, 1968) eta Sonia Pacios zinemagile eta kultura kudeatzailea (Villaverde de la Abadia, Gaztela eta Leon, 1971) dira liburuaren egileak —senar-emazteak dira—. Sojo testuak idazteaz arduratu da, eta Pacios, irudiak biltzeaz. Urteka antolatu dute kontakizuna, eta atal bakoitzean urte bakoitzeko kartela, informazio orokorra, palmaresa, estatistikak, gonbidatuak, argazkiak eta anekdotak bildu dituzte.
Zuena da liburua sortzeko ideia?
Soniak eta biok hiru urte daramatzagu jaialdiaren antolaketan parte hartzen. 40. urteurrena zetorrela ikusita, pentsatu genuen jaialdiaren historia gogoratzeko liburu bat egitea ideia ona zela, eta Vital fundazioko arduradunei esan genien. Baietz erantzun zigutenez, lanean hasi ginen.
Nolakoa izan da dokumentazio prozesua?
Jose Luis Ramosen oharrak oinarritzat hartuta eta jaialdiaren urteroko katalogoak ikusita, diskurtso bat sortzeko datu asko bildu nituen. Jose Luis Zinemastearen sortzailea izan zen, Ismael Peralesekin batera, eta, gizon oso ordenatua zenez, urtero koaderno batean apuntatzen zituen datu guztiak: parte hartzaileak, erakusketak, filmak... Prozesu guztian oso lagungarriak izan dira haren oharrak. Sonia, berriz, argazkien bila ibili zen Santxo Jakituna fundazioan, argazkilariekin hitz egiten eta hedabideei galdezka.
Datu objektiboez gain, parte hartzaileen testigantza eta anekdotekin osatu duzue kontakizuna.
Hori da. Urte bakoitzeko jendearekin hitz egin dugu, kontakizuna hain hotza izan ez zedin eta hura mamitsuago egiteko. Anekdota pila bat bildu ditugu.
Adibidez?
Mitikoena Concha Velascorena da. 1998an gonbidatu genuen, eta etorri zen. Esku artetik ihes egin zigun egoerak. Ilara ikaragarriak sortu ziren argazkiak ateratzeko eta autografoak lortzeko. Orain hitzaldiak emateko daukagun gela erakusketa gela bat zen lehen. Bada, imajinatu Concha Velasco erakusketa gelan giltzapetuta. Atera zenean, Beatles taldekoak atera izan balira bezala oihuka hasi zen jendea. Oso dibertigarria izan zen. Concharekin afaltzera joatea zen gure asmoa, baina, azkenean, taxi bat eskatzeko esan zigun, hotelera joateko [barrez].
Berrogei urteotan zer ekarpen egin dio Zinemasteak Gasteizi?
Euskal Herriko zinemarekin eta euskal zinemarekin lotutako jende guztia pasatu da Gasteiztik, gerora izar bilakatu direnak ere bai: Santiago Segura, Najwa Nimri, Itziar Ituño, Susana Abaitua...
Oztoporik aurkitu duzue liburua idazterakoan?
Ez. Egia da nik pentsatzen nuela errazagoa izango zela Jose Luisen [Ramos] koadernoa hartu eta elkarrizketa batzuekin osatzea, baina, prentsa berrikusten hasi nintzenean, uste baino konplexuagoa izango zela ikusi nuen. Hala ere, emaitza polita lortu dugula uste dut.
Nolakoa izan da Zinemastearen eboluzioa?
Nik uste dut euskal zinemaren eboluzioa islatzen duela Zinemastearen historiak. 90eko hamarkadan hasi ziren euskal zinemari laguntzak ematen, eta orduan agertu ziren [Imanol] Uribe, [Pedro] Olea, [Montxo] Armendariz eta beste batzuk. Gero, [Alex] De la Iglesia, [Julio] Medem eta beste horrenbeste heldu ziren. Eta XX. mendean euskarazko zinemari bultzada eman zitzaionean iritsi ziren Moriartikoak, [Telmo] Esnal, Pablo Urkijo eta abar. Gizartean eragina izan zuten hainbat gertaera ere islatu ditugu liburuan: 1992ko Olinpiar Jokoak, 2008ko Zaragozako nazioarteko erakusketa, pandemia...
Beste berrogei urte ospatzeko moduan dago Zinemastea?
Bai, nik uste dut baietz. Iazko eta aurtengo uztak oso emankorrak izan dira, eta geroz eta festibal handinahiagoa da.
Lotsabako
Aldi bat?
1998koa. Concha Velasco etorri zen.Jaialdira aurkeztu den filmik gustukoena?
20.000 especies de abejas.Film laburrak edo luzeak?
Biak.