Euskal zerutik Afrikarantz

Europako negu hotzetik ihesi, Afrikarantz abiatu dira hegazti ugari migrazio prozesua abian jarriz. Bidaiaren eta egoeraren berri izateko, eraztunak jartzen dizkiete txoriei Gasteizko Salburuan.

Harrapatutako txorien neurriak hartzen dituzte Salburuan, eraztuna jarri baino lehen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2013ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Urtero bezala, aurten ere hasi da txorien migrazio aldia. Euskal Herritik pasatu eta leku beroagoetara ihesi doaz hegan mota askotako hegaztiak. Gasteizko Salburua hezegunetik pasatzen dira horietako asko Afrikarako bidean. Hegazti horiek egingo duten bidaia luzearen berri izateko asmoz, eraztunak jartzeko prozesua jarri dute martxan berriro ere Salburuan. Aurten, hamar urte betetzen dira kontrolerako metodo hori martxan jarri zutela.

Salburuko parkean lanean dabilen taldeak eraztunak ezartzen dizkie hegaztiei hankan, haien mugimenduaren zein egoeraren berri izateko. Eraztun horiek aluminiozkoak edota altzairuzkoak izaten dira. Bakoitzak kode alfanumeriko bat izaten du, baita helbide bat ere. Horren bitartez, hegaztiari eraztuna zein hiritan jarri dioten eta non ikertu duten jakin daiteke. Salburuko hezegunetik pasatzen direnek «Aranzadi. San Sebastian» dioen eraztuna eramango dute eurekin bide luzean zehar. Kode hori ez da inoiz errepikatzen. «Metodo honen bitartez, hegaztiak bana-banako bihurtzen ditugu, informazio kualitatiboa jaso ahal izateko», dio Azaitz Unanuek, Salburua parkean eraztunak jartzen dabilen Txepetxa elkarteko biologoak.

Eraztunak igortzen duen informazioari esker, iristen diren hegaztiak nondik datozen jakin daiteke, besteak beste. Aurten, hegaztien ziklo guztia atzeratu dela dio Unanuek. Eguraldiak eta tenperaturek «eragin handia» dute hegaztien iraupenean eta umealdian. Eraztuntze prozesuak informazio zehatza errazten die ikerlariei. Hegazti baten gainbeheraren zergatiak ikertzeko aukera ere ematen du. Herbehereetan, Frantzian eta Errusian eraztunak jarri dizkieten txoriak pasatzen dira Salburua parketik.

Lehenengo hegaztiak uztailean hasi ziren migratzen. Batzuek Sahara gurutzatuko dute; beste batzuek, berriz, lehenago egingo dute geldialdia. Azken horiek Mediterraneo inguruan geratzen dira eta migrazioa geroago hasten dute. Hegazti txikiei jartzen dizkiete batez ere eraztunak. Hegazti handienen artean zozoak daude. Tamaina txikiko txoriek gehienetan bakarrik eta gauez egiten dute bidaia luzea Afrika aldera. Besteak beste, Txepetxako lantaldeak lezkariak, benarrizak eta basoko txinboak harrapatzen ditu gehienbat.

Lantaldean, biologoak ez ezik, boluntarioak ere badaude. Haiek eraztunak jartzeko prozesuan laguntzen dute. «Hegaztiak gustuko dituen edozein etor daiteke hona, guk prozesua nola egiten den erakusten diegu», dio Unanuek. Ur benarriza deituriko txoria harrapatzea eta eraztuna jartzea da helburu nagusietako bat aurten. Europan desagertzeko zorian dagoen espeziea da. Eraztunak jartzerakoan, txoriak migrazioan dituen beharrizanak zeintzuk diren jakin daiteke, eta, horrela, arazoari irtenbidea bilatzen saiatu. «Aurten, espezie horretako bost aurkitu ditugu; lezkariak, aldiz, 800 inguru harrapatzen ditugu urtero», azaldu du Unanuek.

Gehienetan, sare baten bidez harrapatzen dituzte hegaztiak. «Hegazti mota bakoitzaren araberakoa da harrapaketa metodoa, hala ere», dio. Hegaztiaren neurriak eta pisua apuntatzen ditu taldeak. Batzuetan, aldez aurretik eraztuna zeramaten hegaztiak iristen dira. «Azken finean hori da helburua, horretarako jartzen ditugu eraztunak urtero», dio Unanuek. Euskal Herriko hainbat tokitan egiten da prozesua.

Prozesu horretatik ateratako informazio guztia Euring deituriko Europako elkarteak koordinatzen du. Aranzadi zientzia elkarteko kideek jasoriko datu batzuk ere hara bidaltzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.