Euskal tearen tenorea

Euskal Herriko lehen te landa ezarri du martxan Mikel Esclamadonek Uztaritzen. Oraino gazteak badira ere, hostoak bildu ahala emendatuko zaie emankortasuna eta ahalbidetuko diote bere ametsa: ofizio bilakatzea. Jatorrizko kultura Asiakoa bada ere, euskal tea sortzeko xedea du.

Te lilia. Zenbat eta hosto gehiago kendu, orduan eta lili gutiago emanen du landareak. BOB EDME.
Ainize Madariaga
Uztaritze
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Jagoitik, Euskal Herriak ezin errandezake te landarik ez duenik. Uztaritze (Lapurdi) Muxugorriko bordako lurrek kasik hektarea bateko te landa baitute. Albistea deigarria izan da, izan ere, te ekoizpena exotikoa baitzen orain arte, txokolatea, kafea edo azukre kanaberaren gisa berean, eta jendeak ez baitu baitezpada bere baitan Mendebaldeko Europako mapan kokatzen.

Alta, Mikel Esclamadonek irudimenaren iruditeriari koloreak aldatu dizkio: te landa abiatu baitu, bizpahiru aste badirela: «Helburua dut bertako te landare egokituak sortzea, niretzat, baina baita ere interesa duen ororentzat. Euskal Herriari egokitua den espeziea sortzea dut xedea. Ezpeletako piperra bezala: noizbait ekarri zuen norbaitek Ameriketatik, eta orain, Ezpeletakoa bilakatu da. Helburua ez da Asiako kultura hona ekartzea, baizik eta hemengo tea sortzea».

Oraino ikusi gabeko paisaia botaniko berria sortuko du Esclamadonek: harizti eta iraztorrei te-zuhamuxkak batzea. Landareen adarren arteko korapilo hostotsuek «mahaiak» osatuko dituzte, zeinak metro eta erdiko altueran mantenduko baititu; bertze gisaz, zuhaitzak bezain gora luzatuko ziratekeen, bost metro gora.

«Ez luke arazorik ukan behar landare hazkuntzak. Beldur bakarra hotzak zuen ematen: landarea bizi baitaiteke zero azpitik hamar gradura arte, beraz, alde horretatik ongi gaude», gehitu du Esclamadonek.

Aspaldiko ametsari bide egin dio, ttipitik izan nahi baitu laboraria. Uztaritzeko Herriko Etxeak etxeak eraikitzeko bideratuak ziren hemezortzi hektarea sustatzaileen atzaparretatik erauzirik, ireki zitzaion Esclamadoni lainoetatik jausteko parada: bertako mozkinak ekoizteko begiratubaitituzte. Bera bezala, bertze hiru instalatzekotan dira: sendabelar ekoizle bat, ahuntz hazle bat eta baratzezain bat.

Hostoak ostu

Kontsumitzen den tea landare baten hostoen transformaziotik lortzen da: Camellia sinensis. Izenak argiki salatzen duen gisan, Euskal Herriko baratze frankotan ikusten den kamelia (Camellia japonica) liliaren ber familiakoa (Camellia) eta generokoa (Theaceae) da. Alta, haien hostoetarik ezin daiteke edaririk atera: «Ingelesek eta portugesek aspalditik nahi izan zuten tea Europan ekoitzi, baina txinatarrek Japoniakoa eman zieten, zeina ez baita apaingarria baizik! Luzaz atxiki dute sekretupean! Jakina da kosta Atlantikoa egokia dela berarentzat», kontatu du Esclamadonek. Haren historia zaharrak ekarri du munduan gehien kontsumitu edarietan bigarrena dela tea, uraren ondotik.

Uztaritzen hazten ari diren te landareek «kalitate handiko» tea dute jomuga. Horretarako, landarearen eta katiluaren arteko prozesua arta handiz burutuko du: oro eskuz eta ingurumenaren errespetuan.

Oraingoz, landare landatu berriak pausan dira. Martxoko hondar karroinetatik landa, landareak moztuko ditu, forma eman eta sasitzeko gisan: «Bi begi guziez moztuko ditut, adarrak egiten uzteko. Hola, pixkanaka zabalduko da», xehatu du tezainak. Apirilean, berriz, kimua eta lehen hostoak bilduko ditu, zeinari biltze inperiala deitzen baitzaio, «kalitate bikainekoa». Erien artean tinkaturik aterako ditu hosto horiek. Gisa hortaz, landareak bere burua tipitzen sentitzearekin, peko bi begiek hosto bat aterako dute: «Zenbat eta hosto gehiago bildu, orduan eta gehiago sasituko da landarea. Hala ere, ez da landarea akitu behar, oreka bat bilatu behar da». Apiriletik irailera bitartean, bospasei bilketa egiten dira: landare bakoitzean hiru aste guziez.

Hostoak osteka biltzeko

Behin hostoak bildurik, transformatzeari ekinen dio Esclamadonek. Te motak urrats honek ditu egiten: idortze prozesuak. Hastapenean, te berdea eta zuria egiteko ideia du: te berdea «aski erraza» baita kausitzen; bildu ondotik idortzen utzi behar da kanpoan bi eta hamabi oren artean, hostoa zimurtzen hasten den arte.

Orduan, hostoak eskuetan igurtziz zimeltzen dira: «Hostoaren hainbat molekula elkarren artean kontaktuan ezartzen dira».

Te berdearen kausitzeko, oxidazioa eten egin behar da, hostoa lurrunean egosiz edo labean biziki tenperatura handian errearaziz. Baina Esclamadonek bertze metodo bat hautatu du: wok bidez txigortuz: 10-15 minutuz tai gabe eskuz irauliz. Hala, hostoaren hezetasunaren %20 lortuko du. Ondotik, berriz idorrarazi behar dira, edo labean, edo piperra bezala kanpoan, sare batean: «Prozesua zenbat eta luzeagoa, orduan eta hobe. Hori baita proiektuaren izpiritua: giza neurrian aritzea, eskuz Atik Zraino, bilakatu gabe gas fabrika. Horregatik bilduko dira bakarrik lehen hostoak, peko lauak utziz: izugarriko kalitatearen lortzeko».

Preseski, sortzen diren lehen hosto argi, xamur eta arrunt tipiek dute te zuria egiten, zeina delicatessen tea baita; gustuz hobea. Geroko prozesua, te berdearen bera da, non ez den, lehen urrats hori luzeagoa; oxidazioaren etena berantagokoa, hots.

Bi arrazoiek bultzatu dute hautatzea te zuri eta berdearen ekoiztea: «Horiek baitira nihaurek gehien maite ditudanak, eta, gainera, kulturalki, hemen, gehien kontsumitzen direnak baitira». Dena den, ekoizpena «laborategia» denez, egokituz joanen da Esclamadon, ohartuko balitz, adibidez, Muxugorriko bordako landareak egokiagoak direla te beltza edo gorriaren ekoizteko, ez lioke muzin eginen.

Aurten landatu berri dituen hiruzpalau urteko 870 te ondo landatu ditu, 8.000 metro karratutan. Baina ez nola nahika; kalitatearen gailurra baitu jomuga: «Berez, Asian, 2.000 metro karratutan bizpahiru mila landare ezartzen dituzte, elkarrengandik biziki hurbil, hots. Oraingoz, enea dentsitate apalekoa da, Japonian te hoberenak hala egiten baitituzte».

Lau espezietakoak dira landatu dituen te landareak; egia da, hurbiletik so eginez gero, ñabardurek salatzen dutela haien arteko desberdintasuna: batzuek hostoa doi bat nabarra baitute, bertze batzuek, ordea, hertzak hortz zorrotzez hornituak eta kasik kolore hori biziak beztituak baitira.

Harmoniaren bidegurutzea

Uztaritzeko harizti eta iraztorrek batzarri ederra eginen diote etorkin asiarrari: «Landarea sentibera da, ez baitu laket bero soberakinik: 20-25 gradu artean ontsa da. Horregatik, berriro joan den udagisakoa izanen balitz, ez litzateke beretzako on. Baina horri begira, preseski, ekialdera buruz dauden lurrak ditut hautatu. Eta iratzeek lan bikoitza dute burutuko; alde batetik, hezetasuna mantenduko dio, eta bertze aldetik, itzala emanen». Hotzak bere burua erakusterat emanen balu, garoak berotasuna emanen lioke, baina erretzerat utzi gabe. Alorra besarkatzen duten zuhaitz eta zuhaixkek itzal emaile izanen dira.

Ageri denez, taula gainean nehor ez da sobera, denek baitute rol bat. Baita Esclamadonek ere. Ingurumenaren zaintza du bere bizitza filosofiako protagonista, horretan egin baitzituen ikasketak. Horietan, mahastigintza zuen hautatu sakontzeko adar gisa: erlaitz gainean dagoen Egiategia deskubritu zuen. Handik, Zeelanda Berrian segitu zuen arlo horretan gehiago sakontzeko. Tearen unibertsoan murgildu ahala, mahastigintzaren eta te ekoizpenaren arteko antzekotasunez ohartu da tezaina: «Prozesuan berdintsuak dira». Gero, Hegalaldia elkartean aritu zen lanean animalia basatiak artatzen: «Hor ohartu nintzen parke naturalak sortzen badakigula, baina gure inguruan, hortxe bertan dagoen faunak sufritzen duela eta norberak baduela rol bat horren babesteko. Jabetu nintzen laborariek zeinen harreman estua duten naturarekin». Artetik errateko, Hegalaldia elkarteak bi osagai galdu ditu Esclamadon AEK-ko Iparraldeko koordinatzaile denetik: langilea eta euskara bera.

2019an Azore uhartedira (Portugal) egin zuen bidaiak horretaratu du: «Te plantazioak ikusi nituen, uste nuelarik Asian baizik ez zirela hazten. Hor nintzen maitemindu». Uharteetakoa eta Euskal Herrikoa klima berdina dela ikusi zuen eta: «Lotura guziak hor egin dira: naturari berriz lotzeko gogoa bainuen, oreka bat bilatuz, bazterrak ere bizitzen utziz. Agrobasogintza plantan ezartzen entseatuko naiz, produktu kimikorik gabe, naturaren errespetuan». Te landa plastiko malguz hesitu du, orkatz eta basurdeez babesteko gisan, baina haien usaiak hautsi gabe. Ohartu da hala egiten dutela, herexak baitira non nahi. Eta oraingoz berri ona da: ez baitituzte te hostoak gogoko, ez eta untxiek ere.

Tearen bidean, Bretainiako eta Tarbeko (Okzitania) te ekoizleak bisitatu ditu, ofizioa hobeki ikasteko gisan. Euskal Herrian badira bizpahiru proiektu gehiago ere, Miarritze eta Donibane Lohizunen, oraino abiatu ez direnak. Baina ideia du haiekin harremanetan egotea: «Elkarren berri beti ukaitea, informazioa partekatzeko gisan, elkar laguntzeko».

Urtsua, Baigura eta Larhun mendien magalean, beraz, euskal teak bere xendra abiatu du: aurten bilketa «arras apala» izanen da landareen emankortasuna kontuan harturik: 16 hosto/landareko. Hori heldu da, 100 gramoko 50 eta 100 arteko pakete, zeinak zuzenean salduko baititu, edo, tokikoa eta kalitatea helburu duten denda tipien bidez. Prezioaz oraino pentsaketan ari da,baina ez du zerikusirik izanen Txinatik heldu industrializatuarenarekin. «Euskal Herria te kontsumitzaile handia da, eta nahi dut ene tea hemengoek kontsumi dezaten».

Hamar bat urteren buruan landareak helduak izanen direlarik, buruka ehunka hosto biltzen ahalko ditu. Horrek ahalbidetuko lioke bere ametsaren betetzea: te ekoizpena bizibide bilakatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.