Euskal sustraiak, bizirik

Bihar ospatuko dute Xalbador Eguna Urepelen, euskal erroei bizirik eusteko asmoz.Zubikoa eta Errezil bertsolariak omenduko dituzte

Jende andana biltzen da Xalbador Eguneko bazkarira eta ondorengo kantu eta bertso saiora. BERRIA.
Iruñea
2015eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Bertze behin, Xalbadorren mezua euskal herritarrei helaraziko diete Urepelen (Nafarroa Beherea), asteburu honetan. Gaur, Kalakan taldearen kontzertua eta afaria egonen dira, baina ekitaldi nagusiak bihar izanen dira, Xalbador Egunaren harira. Urtero euskal kulturan nabarmendutako norbait hautatzen dute antolatzaileek, eta aurten Ximun Ibarra Zubikoa (1905-1979) eta Juan Joxe Eizmendi Errezil (1917-1965) bertsolariak omenduko dituzte.

2004an sortu zen Deiadarra elkartea, Xalbador Egunaren ardura hartzeko eta euskaldunen ohiturak babesteko asmotan. «Gure nortasuna eta gure sustraiak atxiki nahi ditugu, hori da gure helburua. Xumeki egin nahi dugun gauza bat da, baina gure erroak bizirik mantendu nahi ditugu, eta, nola ez, euskara ere bai. Xalbadorrek ere horixe nahi zuen», azaldu du Itxaro Bethart Deiadarra elkarteko kideak.

Fernando Aire Xalbador izanen da egunaren bizkarrezurra, baina, urtero bezala, euskal kulturan ibilitako norbait omentzeko parada izanen dute. Aurten, Zubikoa eta Errezil bertsolariak hautatu dituzte. 36ko gerra garaian Ipar Euskal Herrira joan ziren ihesi —Bankara eta Urruñara, hurrenez hurren—, eta, horren ondorioz, Xalbadorrekin bertso saio askotan ibili ziren. «Aspalditik omendu nahi genituen. Gure lana da hain ezagunak ez diren bertsolariak ere ezagutzera ematea eta gogoratzea. Adibidez, Zubikoa Nafarroa Behereko biztanle gehienek ez dute ezagutuko, eta hori tristea da. Gure sustraietara itzuliko gara, beraz».

Bihar goizean Xalbadorren etxolara mendi ibilaldia eginen dute, eta ondoren meza nagusia, Xalbador, Zubikoa, Errezil, Emile Larre eta bertze hainbat lagun gogoratzeko. 11:15ean bideo emanaldi berezi bat eskainiko dute, omendutako bi bertsolariei buruz. Ondoren, mahai ingurua izanen da, Joxe Mari Iriondoren eskutik. Bethartek dioenez, «une hori biziki polita eta aberasgarria izanen da».

Bertzalde, urtero Euskal Herriko dantza talderen bat eramaten dute, eta aurten Bizkaiko Salatzaile dantza taldeak eskainiko du emanaldia. Herri kiroletan, aldiz, beti talde berek parte hartzen dute: Donazaharre (Nafarroa Beherea) eta Mutrikuko (Gipuzkoa) taldeek, hain zuzen. «Mugaz gaindiko harremanak ez ditugu behar bezainbat zaintzen, eta halakoak egitea biziki hunkigarria izaten da. Xalbador Egunaren harira, harreman berriak lotzen dira, eta urtero egiten den festa denez, lotura horiek mantentzen saiatzen gara», gaineratu du antolatzaileak.

Elkarteko kideak dioenez, Euskal Herriko jendeak «biziki estimatzen du» Urepelen sortzen den familia giroa. «Guztion ohiturak dira, eta horrek batzen gaitu. Besta xume bat da, baina, aldi berean, izugarri esanguratsua. Askotan gauza xumeenak politenak izaten dira, eta hori izatea lortu du Xalbador Egunak». Euskaldunen ohituretan eta nortasunean sartzen da xumetasun hori, Betharten ustez. «Gure iragana jakin gabe ez goaz inora», gehitu du.

Eguerdian, bazkaria izanen da, Zuberoako kantariek alaiturik. Arratsaldean, bertso saioa izanen da, Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Jose Luis Gorrotxategirekin. Trikitilarien erromeriarekin bukatuko dute eguna.

Xalbador Eguna

Bihar, 09:00etatik aurrera, Urepelen (Nafarroa Beherea).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.