ATZEKOZ AURRERA

Euskal planisferioa, prest

Aranzadiko Astronomia Sailak Elkano euskal planisferioa sortu du. Euskaraz idatzitako eta Euskal Herriko latitudean kokatutako lehena da. BERRIA dendan eskuragarri dago jada.

Elkano euskal planisferioaren aurkezpena, atzo, Getarian. Argazkian, Aranzadi, BERRIA eta Elkano eta Kutxa fundazioetako ordezkariak. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
Getaria
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Aranzadi Zientzia Elkarteak Elkano euskal planisferioa sortu du. Euskara hutsez idatzitako eta Euskal Herriko latitudean kokatutako lehena da, 43 graduko ipar paraleloan. BERRIA arduratuko da zabalkundeaz. Atzo aurkeztu zuten, Getarian.

Izarren mapa moduko plano bat da planisferioa. Atzo arte ez zegoen euskarazkorik, ezta Euskal Herriko latitudean kokatutakorik ere. Virginia Garcia Aranzadiko Astronomia Saileko zuzendariak adierazi du arlo horretan gabezia sumatzen zutela: «Astronomia Sailean behar hau ikusten genuen. Planisferioak erabiltzen genituen, baina ez genituen latitude honetakoak, eta euskaraz ez zegoen ezer ere».

Planisferioak ez du soilik Euskal Herriko zerua behatzeko balio. Euskal kostaldeko latitudean dago kokatua, Elkano marinelari keinu eginez. Halere, 43 graduko ipar latitudean dagoen edozein puntutan erabil daiteke, baita hiruzpalau gradu iparralde edo hegoalderago ere. Beraz, besteak beste, Madril, Paris, New York edo Pekinerako ere balio du.

Aranzadik Elkano fundazioarekin batera egin du proiektua, munduari emandako lehen biraren 500. urteurrena dela eta. Rafa Zulaika Elkano fundazioko ordezkariak «zerutik ekarritako opari» gisa definitu du planisferioa. «Ekarritako» eta ez «etorritako», proiektua aurrera eramatea «lan handia» izan baita. Zehazki, bi urte inguru behar izan dituzte planisferioa ekoizteko. Halere, egitasmoa ez da amaierara heldu. Garciak adierazi du orain ikastaroak emateko eta dibulgazioa egiteko asmoa dutela.

Kutxa fundazioak finantzatu du egitasmoa. Bertako ordezkari Iñigo Atorrasagastik gehitu du planisferioak jasangarritasunarekin ere baduela lotura, gizartea kutsadura luminikoaren inguruan «kontzientziatzeko» balioko duelako.

Aurkezpenean izarren mapa nola erabili azaldu du Aranzadiko Astronomia Saileko zuzendariak. Berezitasunak ditu, lur planeta mugitzen den heinean «zerua aldatuz» baitoa. Horregatik, eguna eta ordua zehaztu behar direla jakinarazi du Garciak. Planisferioak plastikozko disko bat eta erregeleta bat ditu horretarako. Gainera, kontuan izan behar da astronomian beti denbora unibertsala erabiltzen dela. Udan, Euskal Herrikoa bi ordu atzeratu behar da. Hala ere, planisferioak informazio guztia biltzen duen eskuliburu bat dakar.

Gaur egun, astronomia arloko aplikazio ugari daude. Halere, planisferioa paperean egitea erabaki dute, Garciaren hitzetan, aplikazioek «beti ez baitute ongi funtzionatzen». Horregatik, marinelek astronomia ezagutu behar dutela azaldu du. Horixe da planisferioaren eta Elkanoren arteko lotura: lehen aldiz munduari bira egin zioten garaian, ez zegoen gailu elektronikorik, eta izarrak ezagutzea beharrezkoa zuten orientatu ahal izateko.

BERRIA dendan eskuragarri

Planisferioaren zabalkundean pisu handia izango du BERRIAk. Jada eskuragarri dago BERRIA dendan, 25 euroko salneurrian. BERRIAlagunek bost euro merkeago eskura dezakete. Irati Azkue BERRIAko Kaleko Sustapeneko arduradunak adierazi du hedabidea «bidelaguna» izango dela «Euskal Herriko zerua euskaraz» ezagutaraziko duen erremintaren zabalkundean.

Datorren astelehenetik aurrera, bestelako liburu dendetan ere eskuragarri egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.