Donostiako Aste Nagusia

«Euskal musikarion gailur bat da Sagues»

Bulego musika taldeak Donostiako Aste Nagusian joko du gaur. Argitaratutako abestiak baliatuz ikuskizun bat prestatu dute.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Igone Urtaza
Azkoitia
2023ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Bulego musika taldeko partaideak dira Ruben Lizarralde (Azkoitia, Gipuzkoa, 1970), Tomas Lizarazu (Azkoitia, 1993) eta Xabi Arrieta (Azkoitia, 1994). Gaurkoa Donostiako Aste Nagusian jotzen duten lehen aldia dute. 23:45ean hasiko dute kontzertua, Tomas Alba plazan, Donostiako Saguesen. Urtea gaztetxeetako bira amaituz hasi zuten. Geroztik, zuzeneko berria prestatzen jardun dira. Taldearen aurtengo erronka nagusia, hain zuzen, argitaratuta dauzkaten abestiekin ikuskizun bat sortzea izan da. Horretarako, Bulego taldea handitu dute. Fitxaketa berrien artean, Joel Crespo argi teknikari eta diseinatzailea dago; Morgan eta Izal musika taldeetan ibilitakoa da, besteak beste. Oraingo honetan, bira berriko argi diseinuaren arduradun gisa lan egingo du. Zuzeneko berria Durangon (Bizkaia) estreinatu zuten.

Zergatik da berezia Saguesen jotzea?

TOMAS LIZARAZU: Guretzat, kontzertu guztiak dira garrantzitsuak. Jende asko bildu edo ez, euria egin edo ez... dena emango dugu. Egun batzuek, ordea, bestelako pisu emozional bat dute. Horren adibide dira, esaterako, Azkoitiko andramariak eta Donostiako Aste Nagusia bera. Saguesen jotzea zurrunbilo txiki bat da. Gipuzkoarrak izanik, ilusio berezia egiten digu bertan gure abestiak kantatzeak.

XABI ARRIETA: Saguesen jotzea ez da musika talde guztiek duten edota urtero izan daitekeen aukera. Pribilegiatuak sentitzen gara, eta ardura pixka bat sentitzen dugu. Gainera, edonork ez du hondartzaren aurrean jotzeko aukera [barreak].

LIZARAZU: Irakasleek ikasgeletan bezalaxe, guk ere dena ikusten dugu eszenatoki gainetik. Jendearen zirrara, dantzatzeko gogoa eta abar nabari dugu.

Nola jakin zenuten Donostiako Aste Nagusian joko zenutela?

RUBEN LIZARRALDE: Joseba Razkin gure managerrak esan zigun, eta poz handia hartu genuen. Gauza zoragarriak egiten ditu, eta berak lotzen ditu kontzertuak.Taldeari ilusioa egiten dioten agertokiak lortzen saiatzen da.

ARRIETA: Saguesen jotzea bada gailur bat euskal musikariontzat.

LIZARAZU: Gidabaimenik ez nuenean, lagunekin elkartu eta Donostiara joaten ginen kontzerturen bat ikustera. Hunkitu egiten naiz pentsatzean gazteren batek berdin egingo duela gu ikustera etortzeko.

Zer esango luke 2019ko Bulegok Saguesen joko duzuela ikustean?

ARRIETA: 2019ko Bulegok bertan jotzea amesten zuen, baina ez genuen espero hain azkar gertatuko zenik. Lau urte igaro dira.

LIZARAZU: Horren denbora laburrean nola lortu dugun galdetuko lioke bere buruari!

Nolakoa izan da orain arteko bidea?

LIZARAZU: Bulegoren azken urteak nahiko martzianoak izan dira. Kantu bakarra genuenean, konfinamendua iritsi zen. Disko bat atera behar genuen, eta ezin izan genuen kontzertuetan erakutsi. Pandemiaren ostean, ordea, jarraitzaileak genituen, irratian gure abestiak jartzen zituzten... Hunkituta geunden.

LIZARRALDE: Aurreko urteko udako biran, BBK Liven jo genuen, Abandoibarran [Bilbo], Sonoraman [Burgos, Espainia]... Zazpi egunetik lautan, kontzertuak ematen genituen; guretzat amets ziren tokietan.

LIZARAZU: Eta gaztetxeetan jo gabekoak ginen oraindik. Gaztetxeak eta tabernak euskal taldeen ibilbidearen lehen pausoa izan ohi dira. Guk, ordea, gerora egin dugu gaztetxeetako bira; horretarako gogoa genuen.

Nolakoa izango da kontzertuaren hezurdura?

LIZARAZU: Kontzertuak energia desberdinak nahasten ditu. Bulegoren hasierako kantuak joko ditugu, baita Erdian oraina diskoko abestiak ere. Dantzatzeko aukera izango da, noski! Arraroa izaten da azken abestira iritsi eta jendea geldirik egotea. Orokorrean, dantzatzen jarraitzen du ikusleak. Agian, abesti berriren bat joko dugu. Maiz, kantu bat argitaratzeko prozesua luzea egiten zaigu, eta kontzertuetan baten bat jotzen dugu.

Abenduan, bi partaidek taldea utzi zuten. Hutsunea nabari da?

LIZARRALDE: Bai, noski. Jonek eta Itzik asko osatzen zuten taldea. Aurtengoa aldaketen urtea izan da. Eszenatoki gainean, ordea, oraindik ere bost izaten jarraitzen dugu; musikari berriak ditugu.

LIZARAZU: Denera, hamabi pertsonak osatzen dugu Bulego. Bi furgoneta behar ditugu leku batetik bestera mugitzeko. Jarraitzaileekin ere familia handi bat sortzen ari gara.

ARRIETA: Publikoaren artean dagoeneko pare bat kontzertutara etorri direnen aurpegiak ikusteak indarra ematen du. Gauzak ondo egiten ari garen seinale dira guretzat.

Nola ospatuko duzue eguna?

LIZARAZU: Dena ezin da kontatu [barreak].

ARRIETA: Botila bat xanpain irekitzea ere ez dugu baztertzen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.