Elizabeth Mackling. Poeta eta itzultzailea

«Euskal literaturarentzat merkatua badago AEBetan; itzultzaileak behar ditugu»

'Euskararako alkimia' errezitaldia egingo du sortzaile estatubatuarrak gaur Bilbon, Antonio Casado da Rocha poetarekin eta Petti eta Rafa Rueda musikariekin, ele biz, euskaraz zein ingelesez.

Edu Lartzanguren.
2012ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Elizabeth Macklin (New York, AEB, 1952) euskal literaturak Ameriketako Estatu Batuetan—eta, oro har, ingelesez mintzo den munduan— dituen enbaxadore nagusietako bat da. Berak aurkeztu zien Kirmen Uriberen lana, esaterako, estatubatuarrei. Euskararako alkimia errezitaldia egingo du bihar, 20:00etan, Bilboko Alondegian. Spoken berba egitasmoa zabaltzeko ekitaldia izango da.

Zer osagai kimiko izango ditu Euskararako alkimia horrek?

Nire poesia ekartzeko gonbidatu ninduten, baina garatu egin da ekitaldia, modu polit batean. Antonio Casado Da Rocha idazlearen laguntza izan dut. Haren bost poema irakurriko ditugu Esku ezkerrak liburutik; berak bi irakurriko ditu, elkarrekin beste bi irakurriko ditugu eta gero nik azkena. Nik lau poema ekarri ditut. Rafa Ruedak eta Pettik hiruna kanta abestuko dituzte, nik eskatutakoak.

Zergatik alkimia?

Euskarako zubia edo bidea izan zitekeen izenburua, baina musikari poesia gehitzen badiozu, alkimia sortzen da, neure esperientziaren arabera. Poema bat izan ezik, denak euskaraz izango dira, eta ingeleserako itzulpenak pantaila batean ikusiko dira.

Aspaldi zabiltza euskararen inguruan lanean [elkarrizketa euskaraz egin du]. Zerk erakarri zintuen euskarara?

Espainiar Filologia ikasten ari nintzen Madrilen, New Yorkeko Unibertsitateko beste kide batzuekin batera. Horietako baten mutil-laguna Bilbokoa zen. Jai batean euskarazko abesti bat irakatsi zigun. «Kontuz, ez abestu hau Madrilgo metroan», esan zigun. Ni erabat harritu ninduen horrek.

Zein zen kanta?

Ez nago ziur. Gero, Bilbon bizi nintzenean, Eusko Gudariak entzun nuen eta ezaguna egin zitzaidan, baina ez dakit hori ote zen. Oraindik New Yorken bizi naiz, penagarria da! 2000. urtean, Bilbotik hara itzuli nintzenean, erabakita neukan hona etorriko nintzela bizitzera. «Bost urte barru», esan nien hango lagunei. «Ez esan bost urte barru, bi urte barru esan», erantzun zidaten. Hamabi urte daramat «bi urte barru» esaten.

Hona etortzen bazara, euskarazko literaturak zubigile bat galduko du?

Beti izango naiz poeta estatubatuar bat, eta beti izango dut harremana hango poetekin eta literaturarekin.

Zein da zailtasun nagusia euskaratik ingelesera itzultzean?

Poemaren arabera da hori. Uriberen Bitartean heldu eskutik liburuko gehienak, esaterako, narratiboak dira, eta lauak hizkeran. Neuk ulertu ahal izateko itzultzen hasi nintzen. Zaila zait oraindik poema bat benetan ulertzea.

Aurrejuzkurik gabeko merkatu ireki bat izan dezake euskal literaturak ingelesera itzulita?

Bai, badago merkatua. Orain hasi da euskal literatura ezagutzen. Itzultzaile gehiago behar ditugu horretarako. Interes handia dago han, ikusi dudanaren arabera. Irakurraldietara ez dira soilik Euskal Etxeetakoak etortzen. Atxagaren Obabakoak irakurri nuenean, esaterako, zera pentsatu nuen: «Tipo honek konponduta dauzka AEBetako idazleen arazo asko». Izan ere, han iskanbilak egon ziren etengabe 1990eko hamarkadan plagioari buruz. Ez dago plagiorik; elkar-laguntza da.

Pizten duen interesak noraino dago lotuta ele exotikoa izatearekin?

Idazlanek sortzen dute interesa. Exotikoa ote da 10.000 urtean irautea? Nik ez diot exotismorik ikusten. Jakin-mina da, besterik ez, denok dugulako irauteko gogoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.