Kirol elektronikoek etxeko sofa konkistatu zuten aspaldi, eta, orain, plaza ere hartu nahi dute. Game Erauntsia Elkarteak, Gu Ere Bai ekimenak eta Hamaika Telebistak FIFA 21 Euskal Liga aurkeztu dute Bilbon.
Alaves, Athletic Club, Eibar, Reala eta Osasunaren gizonezkoen taldeak erabiliko dituzte partidetan. Azaldu dutenez, ezin dira emakumezkoen taldeak erabili, FIFA 21 bideo jokoa egiten duen Electronic Arts etxeak oraindik ez duelako emakumezko taldeekin jokatzeko aukerarik eskaintzen, selekzioak kenduta.
Edonork har dezake parte ligan, eta izena emateko epea otsailaren 25era arte egongo da zabalik, Game Erauntsiaren webgunean. Han daude jarrita arauak. Jokalariek PlayStation 4 kontsola, FIFA 21 jokoa eta Interneterako konexioa eduki beharko dute.
Finala apirilaren 4an jokatuko da, Aberri Egunarekin, Hamaika Telebistaren Bilboko estudioetan, eta hamaika.eus webgunean zuzenean emango dute, LTDko Hamaikaren kanalean eta Euskaltelen telebista zerbitzuan, Hamaikako Ainhoa Jauregik azaldu duenez.
Olatz Foruria eta Beñat Zarrabeitia kazetariek kontatuko dute finala. Euskara hutsez jokatuko da liga osoa. Irabazleek sariak jasoko dituzte.
«Euskal kirolaren alde, eta gure selekzioek nazioartean parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzeko beste modu bat iruditzen zaigu Euskal Liga hau, gure herriko kirolariekin batera, bideo jokoetan eta ahal den bezala gure aldarrikapenak aurrera eramateko», esan du Gu ere bai! ekimeneko komunikazio idazkari Patxi Gaztelumendik.
«FIFA21 Euskal Liga euskaraz bideo jokoetan gozatzeko aukera berri bat da», adierazi du Game Erauntsia elkarteko Garikoitz Larrañagak. «Pozik gaude Gu Ere Bai! eta Hamaika Telebistaren laguntza izateaz gure elkartearen helburu nagusia betetzeko: euskara eta bideo jokoak uztartzea».
Iaz egin zuten lehenengo FIFA jokoko Euskal Liga. 150 zalek eman zuten izena, eta 100 partida baino gehiago jokatu zituzten. Orduan ere Hamaika Telebistak finala zabaldu zuen, eta, antolatzaileen arabera, «historian lehenengo aldiz, telebista batek euskaraz eta zuzenean kirol elektronikoen txapelketa bat eman zuen».
Aurtengo FIFA txapelketak iazkoak eduki zuen «harrera bera izatea espero dugu», esan du Larrañagak. «Bideo jokoak gure bizitzaren parte dira, eta garrantzitsua da euskaraz bizi izateko aukera izatea ».