Eloise Garmendia Boisen jaio zen, 1925ean; gurasoak Lekeitio eta Larrabetzukoak zituen (Bizkaia)—Fermina Atxabal eta Lorentzo Garmendia—, baina Boisen ezagutu zuten elkar, XX. mende hasieran Euskal Herritik migratu zuten hainbeste gaztek bezala. Ezkondu ondoren ere tinko eutsi zioten euskaldun izaerari.
Eskolara hasi arte, Garmendiak ez zuen euskaraz besterik egiten. 13 urteko neskatoa zela hil zen aita, eta, hiru ahizpetan zaharrena izanik, berehala heldu behar izan zion lanari, amari familia aurrera ateratzen laguntzeko. Baliabideak urriak ziren etxean, eta administrari lanetan aritu zen hainbat bulegotan.
Joan zen mendearen lehen erdian Ameriketako Estatu Batuetan bizi ziren emakume euskaldun askok izan zuten indar eta kemenak bizi zuen Garmendia, eta konpromiso eta ekintzailetasun sendoa erakutsi zituen Boiseko Euskal Museoa eta Euskal Etxea eraikitzeko erabakietan; sorrerako taldeko kide oso aktiboa izan zen, eta halaxe jarraitu zuen beti.
John Patrick Bieter, senarra izango zuena, Saint Johns katedralean ezagutu zuen Garmendiak. Bieter gaztea Aireko Armadaren Mountain Homeko basean zegoelarik, igande batez mezatara etorria zen Boisera. Chris Bieter semearen esanetan, «gero eta sarriago hasi zen igandeetan etortzen, eta, luze gabe, gure amak etxera gonbidatu zuen bazkaltzera». Laster ekin zioten bikote harremanei, baina Garmendiak ez zuen ezkontzeko urratsik egin nahi izan «amuma Euskal Herrira eraman aurretik», Chris Bieterrek dioenez. Garmendiaren ama lauzpabost urterekin iritsia zen Estatu Batuetara, eta 40 urtean ez zuen «etxera» bueltatzeko aukerarik izan. Urteetan aurreztutako diruarekin ordaindu zuen Garmendiak amaren, ahizpa Beneren eta hiruren bidaia Lekeitiora.
Pat Bieterrekin ezkondu, eta, Estatu Batuetan ohi den legez, senarraren abizena hartu zuen, Eloise Garmendia Bieter alegia. Bost seme-alaba izan zituzten: Chris (Ada konderriko epailea), Mary (irakaslea, Boiseko High School batean), John (Boise State Unibertsitateko historia irakaslea), Dave (Boiseko alkatea) eta Mark (kazetari eta legelaria). Lau zaharrenak Boisen bizi dira; gazteena, Washingtonen. Denak dira euskaldunak.
Iaz, martxoaren 8an, Eloise Garmendia Bieter izena duen katedra ireki zuten Etxepare Institutuaren eta Boise State Unibertsitatearen arteko hitzarmenaren ondorioz.
Garmendia-bietertarrak ezagunak dira Boisen eta Euskal Herrian. Aitak emaztearen eskutik ezagutu zuen euskal mundua: John Bieter haien seme historialariak katedraren irekiera ekitaldian esan zuen bezala, «aitak ama ezagutu zuenean, amaz eta Euskal Herriaz maitemindu zen». Bien artean antolatu eta sustatu zuten Boise State Unibertsitateak bideratutako lehen nazioarteko egonaldia. Hala, senar-emazteek, irakasle batzuk eta dozenaka ikasle hartuta, Oñatira (Gipuzkoa) joateko erabakia hartu zuten, 1974an. Esperientzia haren ondorio dira gaurko Euskal Ikasketak Boise State Unibertsitatean.
Eloise Garmendia Bieterrek ondo zekien zenbat balio zuen unibertsitateko bidea egiteak, eta goi ikasketak egiteko hazia sustatu zuen seme-alaba guztiengan. Haren izaera goretsi zuten katedraren irekiera ekitaldian izan ziren lau seme-alabek, eta ohore handitzat hartu zuten Boiseko euskal katedraren izena hartu izana.
Garmendia Bieter senar-emazteak 1999ko urtarrilean hil ziren, izotz beltzak eragindako errepideko istripu batean. Eloise Garmendia Bieterren nortasun sendo eta ekite berezikoa oso presente dago Boiseko euskal iruditerian. Haren izena daraman katedrarekin, Boiseko unibertsitatea euskaldunak eta euskal kulturarekin tinko lotzen duen katebegia osatu zuten.
SOSLAIA. Eloise Garmendia Bieter
Euskal kulturari lotua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu