Historialaria eta EHUko irakasle katedraduna da Joseba Agirreazkuenaga (Bilbo, 1953). Euskal Herria denboran barrena izeneko ikerketa kaleratu berri du, eta gaiaren inguruan jardungo du gaur, Bilboko Elkar aretoan, 19:00etan.
Nola laburbilduko zenuke Euskal Herriak izan duen garapena?
Ez dago Euskal Herria bat, lurraldetasunak dira. Euskal Herrian lurraldetasunak daude, herriak dauden moduan. Euskal Herriaren historian ondo azpimarratu behar da hiribilduen garrantzia, azken batean, euskaldun gehienak hiribilduetan biziko dira.XIX. mendean hainbat lurraldetasunei lotuta eta hainbat botere aginteei lotuta egon behar zen: Elizari, udalari... XIX. eta XX. mendeetan sinplifikatu egin zen hori, eta XXI. mendean, berriro konplikatuz doa. XXI. mendean, berriro ere, sarearen bidez, nortasun berriak eta lurralde berriak sortzen ari dira. Lurraldetasuna orain ukiezina bihurtzen da sarean. Sarearen Euskal Herria aipatu beharko genuke.
Zer iruditzen zaizu Euskaltzaindiak Euskal Herria terminoa zentzu politikorik gabe erabiltzea erabaki izana; eta horrekin, eskoletan modu horretan erakustea?
Euskaldun batentzat, euskaraz komunikatzen garenontzat, gure espazioa definitzeko eta izendatzeko kontzeptua da Euskal Herria. Herriak batez ere esparrua adierazi nahi du. Horretan jende taldea bizi da, euskal jendea. Halabeharrez erabili behar da. Esparru horretan erakundetze politikoak zer-nolakoak izan diren eta abar azaldu egin behar da. Euskal Herrian erakundetze politiko-administratiboak daude, baina ez bakarrik horiek: Elizaren erakundetzeak, merkataritzarenak... Azken batean, erakundetze prozesuak erakutsi beharra dago. Ez dugu arreta jarri behar bakarrik arlo administratibo eta politikoetan. Euskaldun batentzat esparru bat definitzeko modu bat da Euskal Herria, eta esparru horretan fenomeno ezberdin ugari daude.
Bernat Etxeparek 1545ean esan zuen euskara ez zela gorengo mailako hizkuntza euskaldunek ez zutelako ahaleginik egiten. Berdin jarraitzen al dugu?
Oraindik euskal jendearen artean euskal hizkuntza ez da bihurtu hizkuntza sendo eta komunikaziorako erakundeturik dagoen hizkuntza. Hainbat arlotan euskarazko komunikazioa ez dago erabat araututa. Etxepareren erronka goren mailako hizkuntzen artean euskara sartzea zen; izugarrizko ahalegina egin zuen, baina ahaleginek hor diraute oraindik. Azken 30 urteotan urrats nabarmenak egin dira hainbat esparrutan; ikuspuntu akademikotik irabazi egin da, eta irabazten ari gara nolabaiteko normalizazio bat, euskarazko eta euskal munduan.
Euskal Herriko herrialde bakoitzeko euskaldunek zituzten berezitasunek bizirik jarraitzen al dute?
Aldaketa etengabekoa da. Aurreko mendeekin alderatuta, gaur dagoen gauza berria mugikortasun handia da. Azken 40 urteotan euskaldunon mugikortasun ahalmena erabatekoa da. Mugikortasun horrek aldatu egin ditu gure portaera eta munduarekiko ikuspegia. Azken 1.000 urteetan Euskal Herria igaroleku bat izan da, gurutze gune batean dagoena, lehorrean. Itsaso aldean ere mugikortasun hori areagotu zen XVI. mendean. Teknologia berriekin itsasontziek Euskal Herria harremanetan jarri zuten mundu osoarekin. Beraz, itsasoan ere beste eremu bat dugu, euskal nortasun edo euskal esparru bat.
Joseba Agirreazkuenaga. Historialaria
«Euskal jendearen artean euskal hizkuntza ez da oraindik sendo bihurtu»
'Euskal Herria' hitzaren jatorriaz eta horrek historian izandako erabileren inguruan hitz egingo du gaur Agirreazkuenagak, Bilbon. 'Euskal Herrian barrena: herria eta esparruak' lana aurkeztuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu