Euskal jantzien perlak

Baserritar jantzien inguruko erakusketa paratu dute Errenteriako Jantziaren Zentroan. Garai bateko irudietan agertzen diren jantzien erreplikak dira. Txukun janztearen garrantzia azpimarratu dute: «Esentzia galtzen ari da».

Errenteriako Jantziaren Zentroan paratu duten erakusketaren argazkia, urriaren 29koa. MAIALEN ANDRES / FOKU
Errenteriako Jantziaren Zentroan paratu duten erakusketaren argazkia, urriaren 29koa. MAIALEN ANDRES / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Errenteria
2024ko abenduaren 10a
05:00
Entzun

Errenteriako Kapitain Etxea kale ospel eta estu batean dago. Barruan beste altxor bat duen altxor bat da. Matxin de Uranzu itsas kapitainak ematen dio izena etxe dotoreari, bere garaiko kapitainik ospetsuenetako bat izan zena bertan sortua baita. XVII. mendeko eraikin hori, baina, ez dago itsasoari lotuta. Errenteriako Udalak eta Iraultza dantza taldeak 2017an egin zuten hitzarmenari esker, arbasoek erabiltzen zituzten jantziak gordetzen ditu. Jantziaren Zentroa etxe ezkutua da, ezezaguna, bakana, itsas hondarrean dauden perla beltzak bezala.

Eta ezkaratzean egunotan dauden jantziak ere perlak dira. Urtarrilaren 5a bitartean baserritar jantzien erakusketa paratu dute Kapitain Etxean: Baserritarrak. Orotara hamabost jantzi dira; hamabi, emakumezkoenak, eta hiru, gizonezkoenak. Hiru metro luzeko zuri-beltzeko argazkietan ageri diren jantzien erreplikak dira gehienak. Ainhoa Mendiburu (Errenteria, 1972) banan-banan doa azalduz bakoitzaren jatorria: «Bizkaiko, Gipuzkoako eta Zuberoako jantziak dira. Gure iturria argazkiak dira. Erakutsi nahi duguna da ez dugula ezer asmatzen. Argazkietan oinarritzen gara jantzien erreplikak egiteko. Baditugu original batzuk, baina gehienak erreplikak dira...».

Jantziaren Zentroaren komunikazio arduraduna eta dantzaria da Mendiburu. Haren hitzetan, pena da artxiboetan garai bateko argazki gutxi izatea: «1890-1910 arteko argazkiez ari naiz. Garai horretan baserriak eta paisaiak ageri dira, baina pertsonarik ez». Eulalia Abaituaren argazkiak, horren haritik, salbuespen bat dira: «Abaituak Bilbo inguruko baserrietan eta herrietan ateratako argazkiak garai horren inguruan dagoen dokumentazio ia bakarra da. Guretzako altxor bat dira». 

JANTZIAREN ZENTROA
Eulalia Abaitua argazkilariaren irudiak ikus daitezke erakusketan. Argazkietan ageri diren jantzien erreplikak egiten dituzte. MAIALEN ANDRES / FOKU

Abaitua (1853-1943) euskal argazkilaritzaren aitzindaria izan zen, eta haren argazkiak ondare bat dira. Jantziaren Museoan tamaina handian daude haren bi argazki ederrak erreferentzia bat dira baserritarren benetako jantziak nolakoak ziren jakiteko, eta, hortaz, imajinarioan izan den jantzien irudia zalantzan jartzeko. Puntu zuriko oihal beltzez egiten ziren jantziei egin die aipamena Mendiburuk: «1940ko hamarkadatik aurrera merkaturatutako jantziak dira horiek. Gu guztiok txikitan erabili genituen jantzi horiek enpresari batek asmatu zituen. Seriean egiten zituzten, eta mertzerietan horiek baino ez zeuden».

Iraultza dantza taldeko kideak argi utzi du baserritarrak ez zirela horrela janzten: «Puntuduna autentikoa da? Bai. Gurea da? Bai. Guk jantzi dugu? Bai. Baina baserritarrek eramaten zutenarekin antzik batere ez dute». Jantziaren Zentrotik mezu bakar bat helarazi nahi dute: baserritar janzten dena, ondo jantz dadila.

«Bakoitzak erabaki dezala, baina baserritar jantzia ez da mozorro bat». Mendiburu errespetuaz mintzo da: «Akaso munduko puristenak gara, baina urte asko daramagu esaten: ‘Jantzi nahi baduzu, jantz zaitez, baina ondo jantzi, mesedez’. Txapela janztea baserritar janztea al da? Arrantzale zapia eramatea baserritar janztea al da?».

Galderak eta galderak

Mendiburu galderak egin eta egin aritzen da zentroan bisita gidatuak egiten dituenean. Zer da baserritar janztea? Hori da galdera gakoa. Maiz jantzia egokia izaten da, baina janzkera ez. Kalean ikusten dituen janzkerekin asaldatu egiten da: «Esentzia galtzen ari da. Okerrera egiten ari gara. A ze piurak ikusten diren!».

Ramon Garcia Iraultza dantza taldeko kideak egin duen ikerketa lan oparoa goraipatu du Mendiburuk: «Atzerritik etortzen ziren dantza taldeen jantziak ikusita kezka piztu zitzaion. Ez zuen ulertzen nola hizkuntza propioa duen herri batek, nola kultura propioa duen herri batek, nola mitologia propioa duen herri batek, horrelako traje eskasak zituen». Garcia jostuna ere bada eta urteotan berrogei baserritar jantzi baino gehiagoren erreplikak egin ditu. Hogei urte daramate taldekoek han eta hemen erakusketak egiten, eta, bide batez, pedagogia egiten.

Segurako (Gipuzkoa) Euskal Herriko Dantza Txapelketak jantzien bilakaeran izan duen garrantzia ere aipagarria da. Mendibururen irudikoz, txapelketak bide bat ireki zuen: «Segura izan da sekulako erakustokia. Txapelketan ondo ez, hobeto janzten dira. Epaimahaian egoten gara jantziei nota jartzen, eta urtetik urtera zailagoa izaten da».

AINHOA MENDIBURU
Ainhoa Mendiburu Jantziaren Zentroko komunikazio arduraduna da. Iraultza dantza taldeak kudeatzen du zentroa. MAIALEN ANDRES / FOKU

Kalean kontrakoa gertatzen ari dela uste du. San Tomas eta Gabon gaua bertan direla aintzat hartuta zer ez den zuzena zehaztu du: ilea aske eramatea, botak eramatea, eta zorroa kanpotik eramatea. Mendiburuk bereziki ilean jarri du arreta: «Neska ezkongabeek ez zuten zapirik eramaten; ilea motots batean bilduta edo txirikordekin eramaten zuten, ez suelto». Koloretako zapiak ere eramaten zituzten neska ezkongabeek. Ezkonduek, berriz, zapi zuria, eta alargunek, beltza.

Oinetakoena da beste kezka. Baserritarrek abarkak lanerako bakarrik erabiltzen zituzten. Baserritik kalera iristen zirenean, erantzi eta alpargatak edo zapatak janzten zituzten. Mendiburuk Errenteriako eliza atarian dagoen banku luzeari egin dio erreferentzia, zehaztuz abarkak janzteko erabiltzen zela. Behin emakume batek kontatu zion pasadizoa ere aipatu du: «Oiartzuarra zen, 80 bat urte izango zituen, eta kontatu zidan nola baserrian bizi ziren bi amonak inoiz ez ziren mezara elkarrekin jaisten; txandaka joaten ziren elizara, bata goizez eta bestea arratsaldez, etxean zapata pare bakarra zutelako». Herrian abarkekin agertzea pobreen kontua zen.

Gona eta mantal luze-luzeak

Emakumezkoak baserritar txukun janzteko, orkatila arteko gona luzea eramatea komeni da, mantala luzea, soila, txanbra edo alkandora, zapia, barruko arropa zuria —azpiko gona eta pololoak— eta alpargatak. Alpargatak zuriak badira, galtzerdiak beltzak, eta, alpargatak beltzak badira, galtzerdiak zuriak. Mendiburuk gonaren neurriari ere erreparatu dio: «Emakumearen altuera halako bi izan behar du gonak: hau da, gutxienez hiru metro edo hiru metro eta erdikoa». Mantalak ere luze-luzea izan behar duela dio, gona babesteko erabiltzen baitzen: «Mantalaren oihala arinagoa zen. Gonaren oihala garestiagoa zen; beraz, merkeagoa zen mantal berri bat egitea gona berri bat egitea baino. Baserritarren mantala lanerako arropa zen. Jasota eramaten zutenean, zikindutako zatia estaltzeko izaten zen». Iparraldeko bitxikeria baten berri ere eman du: «Mantal on bat bazuten, hori tolestuta gordetzen zuten. Herrira joaten zirenean, tolesak zituen mantala eramaten zuten, agerian uzteko hori mantal ona zela».

Tokillak eta xalak edo mantoiak ez ziren oso ohikoak, baina argazki zaharren batean ageri ageri dira. Erakusketa aretoan goitik behera beltzez jantzita eta aurpegia estalia daraman emakumezkoa dago, eta haren alboan, kapa beltza duen gizonezkoa. Biak Lapurdiko dolu jantziak dira, garai horretan alarguntzen zirenean janzten zituztenak.

JANTZIAREN ZENTROA
Garai bateko hainbat argazki eta postal ikus daitezke urtarrilaren 5era arte zabalik dagoen erakusketan. MAIALEN ANDRES / FOKU

Egun koloretako estanpatuak jarri dira modan. Mendiburuk, joera horrekin baino, oihalen kalitatearekin dauzka erreparoak. Oihal arinak erabiltzea ez da ortodoxoena. Estanpatuak bai, eta marrak, karratuak edo loreak konbinatzen dituzten gonak eta alkandorak ere bai, baina kolore batzuk ez dira oso zuzenak. «Pentsatu behar da duela ehun urte janzten zituzten arropak baserrian lanean aritzeko izaten zirela, eta, beraz, ez zirela oso kolore argiak izango; pistatxoa, morea, lila edo arrosa koloreko gonarik behintzat ez zegoen. Kolore ilunagoak ziren: grisa, berdea, urdina...».

Gizonezkoen janzkerari dagokionez ere, irizpideak argiak dira. Txapelak oso txikia izan behar du eta estututa joan behar du. Alkandora zuria, galtzak marradunak, eta gerriko zuria edo beltza. Iraultza dantza taldeko kideak gerrikoa ondo eramatearen garrantzia ere aipatu du: «Ondo lotuta eraman behar da, ez pilotariek eramaten duten bezala. Gerria babesteko da, beraz, logikoa da ondo lotuta eramatea».

Txalekoa ere eraman daiteke. Kasu horretan aurrealdearen oihala dotoreagoa izaten da, eta atzealdearena zatarragoa: «Gizonek sorbaldan eramaten zuten zama, beraz, parte hori errazago hondatzen zen». Brusa dotore bat ere ikus daiteke erakusketan, urdin iluna, izur pila batekin. Hori, antza, tratanteek eramaten zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.