Euskal Irratiek aste honetan hasi dute denboraldi berria, eta hainbat berrikuntza egin dituzte programazioan. Arratsaldetan, esate baterako, Hitz eta Putz emankizuna kendu dute, eta haren ordez Krakada kultur saio berria ematen hasi dira. Astelehenetik ostegunera aurkeztuko du saioa Kattalin Indaburuk, 17:00etatik 18:00etara, eta Maia Muruaga kazetaria izango du laguntzaile.
Indabururen arabera, Euskal Irratietan azkenaldian ohartu dira kultur saioek «toki eskasa» dutela programazioan. «Ondorioz, sartze honetan, beste formula bat proposatu nahi dugu kulturarentzat». Hala gaineratu du Muruagak: «Hitz eta Putz emankizuna amaitu zela eta, emankizun berri bat behar zelarik, kulturak arratsaldetan lekua behar zuenaren gogoeta atera zen, eta hala sortu da irratsaioa».
Saioaren egiturari dagokionez, Indaburuk aipatu du aktualitateari lotutako erreportaje batekin hasiko direla. «Gero, kultur arloko kronikak eta erreportaje laburragoak datoz. Gainera, antena irekitzen dugu entzuleek kanturen bat hautatu nahi dute». Emankizuna osatzeko, agenda bat egiten dute kultur saioekin.
Muruaga kultur gaietara emana da azkeneko urteetan Euskal Irratietan, eta horretan jarraituko du aurten ere: «Kultur arloko aurkezpenetara, ikuskizunetara edo jaialditara joatearen aldeko apustua egin dugu, eta nik horretan segituko dut, sorkuntza lanen inguruko erreportajeak egiten».
Indaburuk gaineratu du kulturaren «aurpegi desberdinak» plazaratzen saiatuko direla. «Eta Euskal Herria bere osotasunean hartuko dugu, bai Hego bai Ipar guzia». Muruagaren iritziz, Kulturalea saioa ezagutzen zuten entzuleek antzeko apustua ikusiko dute Krakada-n: «Espiritu bera mantenduko dugu».
Muruagak uste du Hitz eta Putz emankizunak hutsune bat uzten duela. «Baina espero dugu entzuleak gustura hartuko duela Euskal Herrian kultur arloan egiten denaren berri». Hain zuzen ere, Arantxa Idiederrek egiten zuen Hitz eta Putz, eta denboraldi honetan Goiz berri aktualitateko emankizunean ariko da Battitt Crouspeyre esatariarekin batera, 06:15ean hasita. Berriak lantzen ariko dira goizero Ihintza Arrieta eta Bernadete Argain.
Mariagnes Gorostiagak On Daizuela saioa egiten jarraituko du, 12:00etatik 13:00etara; Jojo Bidartek eztabaida saioak aurkeztuko ditu; Maite Lephaillek aurkeztuko du laborantzari buruzko saioa; Olatz Idoate eta Pantxika Arranbide kirol emankizunak aurkezten ariko dira; eta Jone Barnetxek kantu eskaintzak gidatuko ditu.
Euskal Irratietan 'Krakada' kultur irratsaio berria hasi dira ematen
Astelehenetik ostegunera izango da entzungai, 17:00etan. Irulegiko Irratitik egingo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu