1981. eta 1982. urteetan sortu ziren Gure Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza. Hala, irrati bakoitzean 30. urteurreneko ospakizunak eginak dituzte jada (Antxeta Irratiak 12 urte ditu). «Baina gure elkarlanaren ispilu den Euskal Irratiak federazioak ere nahi izan du data markatu, eta larunbat honetarako elkarlanaren festa antolatu dugu», azaldu du Jose Luis Aizpuru Euskal Irratietako erredaktore buruak. «Azken batean, lau irratiek proiektu bateratua dugu: hurbileko informazioa eman euskaraz, baina Ipar Euskal Herria orokortasun batetik landuz». Aizpururen arabera, «Euskal Herria bere zentzu zabalenean» garrantzitsua da haientzat, «euskarak batzen baikaitu, eta Euskal Herriaren herri izaera hedatzen ere lan egiten dute Euskal Irratiek».
Larunbateko jaialdia Hazparnen egingo dute Mendeala gelan. 18:00etan Potxin eta Patxin pailazoak ariko dira, neska-mutikoen gozagarri. Ondoren aperitifa eskainiko zaie irratietako laguntzaile guztiei. 19:00etan, Korrikako arroparekin desfilea izango da. Eta 20:30ean hasiko dira kontzertuak talde hauekin: Itziarren Semeak, Gose, Willis Drummond eta Gatibu. Irrati-telebistako plato bat muntatuko dute, 20:00etan, kontzertu gelaren gaineko aldean, eta zuzeneko emankizuna eginen dute. Euskal Irratietan entzun ahalko dira kontzertuak eta Kanaldude telebistan ikusi. Internet bidez ere jarraitu ahalko da jaia: Kanalduderen webgunean, Euskal Irratien webgunean eta Berria.info-n. Zuzeneko emankizuna 20:00etan hasi eta gauerdira arte egingo dute. Taldeak prestatzen diren tarteetan, irratilariek hitza hartu eta irratiko hainbat kontu aipatuko dituzte. Euskal Irratietako sortzaileak Hazparneko jaialdian izango dira.
«Bide luze eta oparoa»
Jose Luis Aizpuruk onartu du Euskal Irratien lehen urteak «oso gogorrak» izan zirela, «administrazioen laguntzarik gabekoak eta soilik entzuleen laguntzari esker bizitakoak». «Gero poliki-poliki lehen laguntzak heldu ziren». Euskal Irratietako kideak elkarte irratiak dira. Administrazio kontseiluak dituzte irrati bakoitzean eta irrati asoziatiboen filosofiarekin funtzionatzen dute: «Irrati irekiak izanik eta hitza denei emanez». Gaur egun ia 30 langile dira Euskal Irratietan. Laguntzaile eta kolaboratzaileak, berriz, ehunetik gora dira. «Bidea luzea eta oparoa izan da. Euskal Irratiek sinesgarritasunean irabazi dugu eta profesionaltasunean ere bai».
Federazioaren funtzionamenduari dagokionez, lau erredakzio dituzte eta emankizunak lau irratietatik egiten dira. «Gero baditugu ere desloturak, irrati bakoitzak bere hurbileko informazioa hedatzeko. Lau tokitan izateak—Barkoxetik Hondarribiraino heltzen baikara— gaurkotasuna hobeki jorratzeko aukera ematen digu. Baina zailtasun logistikoak ere sortzen dizkigu, lau ekipo baititugu lau tokitan».
Gaur egun Euskararen Erakunde Publikoak ematen duen diru laguntza da garrantzitsuena Euskal Irratientzat. «Baina ez da aski. Horregatik egin behar ditugu entzuleen kanpainak dirua biltzeko, eta bestelako diru iturriak ere bilatu behar ditugu gure aitzinkontura heltzeko».
Etorkizunerako erronken artean, Aizpuruk nabarmendu du belaunaldi gazteetara heldu nahi dutela, «betiko entzuleak ahaztu gabe». Interneteko eskaintzari bultzada berri bat eman nahi diote eta sare sozialak usuago erabili. «Irratilariak ere formatu nahi ditugu, sare sozialak gehiago erabil ditzagun, baina ahaztu gabe irudimena funtsezkoa dela irratian». Bestetik, «euskaldunen komunitatea saretu» nahi dute eta kide berriak ekarri sare horretara. «Entzule gehiago izan, euskaldun komunitatea trinkotu eta erreferentzia bilakatzea dira gure erronkak».
Komunikazioa
Euskal Irratiek jaialdi bat egingo dute larunbatean 30. urteurrena ospatzeko
Plato bat jarriko dute Hazparneko Mendeala gelan, eta kontzertuak 'Berria.info'-n ikusi ahalko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu