Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako Euskal Irratiek proiektu berri bat prestatu dute arratsaldeetarako. Hitz eta putz izena jarri diote, eta hilaren 29tik aurrera 17:00etatik 18:00etara entzun ahalko da. «Gaur-gaurko gaien magazin bat izango da, eta asko edango du Interneteko sare sozialetako edukietatik», adierazi du Oihana Dagerre Euskal Irratietako programazio arduradunak. «Berri sailetan aipatu ez, baina Interneten zabaltzen diren gaiak landuko ditugu». Saio berrian hainbat kolaboratzaile izango dituzte, hainbat atal lantzeko: musika, telebista, zinema, nazioarteko gaurkotasuna, irudia...
Iritzi arlo bat ere izango du Hitz eta putz-ek. «Euskal Irratiko kazetarien iritzia sartuko dugu hor, gai bereziei lotuta». Arantxa Idieder izango da irratsaio berriaren aurkezlea —egunotan Goiz Berri saioa gidatzen ari da—.
Dagerrek azaldu duenez, hiru blokez osatuko dute eguna: «Goizean goiz gaurkotasuna lantzen du Goiz Berri irratsaioak, aurten lantalde berri batekin. Ondoren, 10:00etatik 13:00etara kultura, musika eta ekitaldi nagusiak dira protagonista. Horrez gain, arratsaldetako saioak daude, Hitz eta Putz programa berriarekin. Gaikako emanaldiak 19:00etatik 20:00etara dira, eta ondoren egunak ematen duenaren bilduma egingo dugu».
Beste berrikuntza bat astearte gauean izango da: Itsumandoka. Tittika Rekalt esatariak gidatuko du. «Eztabaidak izanen dira, hainbat gonbidaturekin. Iritzi tarte bat izango da, entzuleen ahotsari lekua emanez».
Larunbat goizetan, 11:00etan, musika programa berri bat aurkeztuko du Maia Muruagak. Kultura munduko pertsona bat gonbidatuko du astero, eta kantuen bitartez pertsona hori ezagutzeko aukera izango dute entzuleek. Asteburuetan, halaber, Baiona errugbi taldearen partida guztien kontakizuna egingo dute.
Mexikotik pilota txapelketa
Datozen hiru asteetan, dena den, Euskal Irratietako programazioa berezia izango da, arreta berezia jarriko baitute Mexikon jokatuko den munduko pilota txapelketan. «Bi kazetari izango ditugu Mexikon. Egunero emango dute txapelketaren berri Goiz Berri saioan eta albistegietan. Kirolaz gain, bigarren astean, Mexikoko errealitatea erakutsiko digute», iragarri du Dagerrek. Txapelketako finalak zuzenean emango dituzte hilaren 20an eta 21ean.
Euskal Irratiak 'Hitz eta putz' ariko dira arratsaldero
Munduko pilota txapelketaren kontakizuna egingo dute Mexikotik.Tittika Rekaltek 'Itsumandoka' irratsaio berria aurkeztuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu