Jon Casenave: «Euskal Ikasketetan ene burua katebegi gisa ikusten dut»

Euskal literatura irakatsi du Casenavek, Baionako unibertsitatean. Euskarazko goi mailako ikasketen ibilbidea garatzen ikusi du, eta uste du gizartearen galdeetara egokitzen ikasi dutela urtez urte.

Jon Casenave
Jon Casenave. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2023ko azaroaren 26a
05:00
Entzun

Ipar Euskal Herrian euskaraz egin daitezkeen ikasketa bakarrak dira Euskal Ikasketak. Lizentziakoak UPPA Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatearen esku dira; masterrekoak, UBM Bordeleko Unibertsitatearen esku. Goi mailako ikasketetako euskal literatura irakaslea izan da urte anitzez Jon Casenave (Lehuntze, Lapurdi, 1957), eta erretreta hartu du orain. Lapurdum aldizkariaren bi zenbaki egin dituzte haren omenez. Haren ibilbideaz, Euskal Ikasketen bilakaeraz eta euskal literaturaz mintzatu da. Erretreta hartu berritan, «orain arteko gauza bera» eginen du, eta uste du bide horretan «hoberena bakarrik» gelditzen zaiola.

Unibertsitateko irakasle izan aitzin, zer ibilbide egin duzu?

Nik Letrak ikasi nituen, Bordelen [Okzitania]. Eta gero irakasle izateko konkurtsoak pasatu nituen: lehenik bigarren hezkuntzako irakasleen gaitasun agiria, eta gero agregazioa. Frantseseko irakasle izan nintzen hogei bat urtez. Euskara ere irakatsi nuen, baina ene sail nagusia frantsesa zen.

Nola egin zenuen euskal literaturarako jauzia?

Letretan egin nuen maisutza. Ondotik, ikasten segitu nahi nuen, eta gaztedanik jadanik euskaraz idazten nuenez, erabaki nuen tesia eginen nuela Euskal Ikasketetan. Ene belaunaldiko doktoregai anitz bezala, lanean ari nintzela egin nuen tesia, Jean Etxepareri buruz. Idazle gisa miresten nuen. Iruditzen zitzaidan behar zela idazle horren inguruan zerbait egin, ikusiz zer ekarri zion euskal literaturari. Biziki interesgarria zen, kazetaritzan ikasi baitzuen idazten. Garai hartan ez zen euskal idazleentzako eskolarik; bizpahiru belaunaldiz, kazetetan ikasi zuten idazten denek. Barbier, Otxobi, Zerbitzari, Lizardi, Lauaxeta, Orixe... Etxepareri buruz interesgarria zen ikustea oztopoak izan zituela publikatu zuenean.

Zeintzuk?

Berak publikatu zituen bi liburu: Buruxkak, 1910ean, eta Beribilez,1931n. Horietan baziren bi saio ezin jasanak orduko publikoarentzat eta irakurleria kontserbadorearentzat. Bat amodioari buruzkoa zen. Amodio mota guziak aipatzen zituen, ez bakarrik platonikoa; sexualitatea ere bai, eta hori, orduko, jasanezina zen. Bazuen beste saio bat zentsuratua izan zena, laikotasunari eta eskolatzeari buruzkoa. Garbiki erraten zuen apezek ez zituztela haurrak hezi behar, salbu katiximan. Bi testu horiengatik eskatu zioten liburu horiek saltzetik kentzea, eta hala egin zuen. Euskarari buruz ere bazuen kronika bat, Euskalduna aldizkarian, zehazki hizkuntzari buruz eta euskal kulturari buruz. Bidaia liburu bat ere idatzi zuen, Euskal Herrian gaindi egin zuen ibilbideari buruz, eta hor kasu eman zuen: garaian onartezinak ziren gaiak kukutu zituen.

Nola ikusten duzu egungo euskal literatura? Emazte idazleen presentzia handitu da. 

Garapen hori ezinbestekoa da, euskal gizartea anitz aldatu da, eta literaturaren alorra ere bai, araberan. Emazteek ere giderrak hartu dituzte, ez da harrigarria. Erran nezake beharbada uste baino fiteago eta errazkiago gertatu dela gurean, Frantziako Estatuan baino. Gisa berean, ikusten dut unibertsitateko irakasleen artean badirela emazte franko, kasik parekotasuna bada, naturalki. Dena den, ekarpena egiten duen orok badu bere tokia. Halere, nik ez dut erraten kristalezko sabaia denetan gainditua denik, baina literaturan, hasteko, ez da horrenbeste ageri, ez eta ere unibertsitatean.

Baionako unibertsitateko Euskal Ikasketetako irakasle izan zara urte luzez. Zer bilakaera izan dutela erranen zenuke?

Gaitzeko aldaketa izan da berrogei urtez. Baionako Euskal Ikasketek historia laburra dute: 1980ko hamarkadaren erditik harat hasi ziren. Gero, diploma bereziak sortzen hasi ziren. Baina, ordura arte, bakarrik tesiak egiten ahal ziren euskaraz, eta ordutik harat hasi zen lizentzia, geroxeago maisutza, eta, azkenik, masterra. 1993an, bigarren mailako irakasleen gaitasun agiria sortu zuten, eta, gero, 2004an, lehen mailako irakasleen hautatzeko lehiaketa. Azkenik, euskarazko agregazioa ere sortu da.

Zer garrantzi dute, zure ustez, euskarazko goi mailako ikasketa eta diploma horiek?

Sekulakoa. Hegoaldean jadanik bazen EHUn sail bat Euskal Ikasketak egiteko. Gero, emeki, kasik sail guzietan euskarazko eta erdarazko ibilbideak proposatu dituzte. Baina Ipar Euskal Herrian ez dugu holakorik, nahiz eta helburua hori den. Euskal Ikasketetan, diziplina berri horretan, 30 bat ikasle trebatzen ziren urtero.

«Funtsezkoa izan da, zeren diziplina bat eta haren inguruko kontzeptuak sortu baititugu, baita corpus bat ere. Hor sartzen da euskara, erran nahi baita hizkuntza, baina euskal literatura eta kultura ere bai».

JON CASENAVE Unibertsitateko irakaslea

Funtsezkoa izan da, zeren diziplina bat eta haren inguruko kontzeptuak sortu baititugu, baita corpus bat ere. Hor sartzen da euskara, erran nahi baita hizkuntza, baina euskal literatura eta kultura ere bai. Ordutik harat, sortu ditugu gure gaiei buruz gogoetatzeko tresnak eta irakasle taldeak. Funtsezkoa izan da: eredua Hegoaldean genuen, baina, bistan dena, baziren hemengo berezitasunak: frantsesez aipatzen ziren euskal gaiak, eman dezagun, edo konkurtsoetan behar ziren beste tresna batzuk. Sortu dugu mundu ttipi bat, Euskal Ikasketak deitu duguna, Hegoaldeko euskal ikasketak erreferentzia gisa ukanez.

Gauza bat azpimarratu behar da: ez gara bakarrik ari lanean. Aitzinekoak ukan ditugu: Jean Haritxelar, Jamattitt Orpustan, Txomin Pellen... Ondotik, ene belaunaldikoak izan gara: Xarles Bidegain, Aurelia Arkotxa eta nihaur... Berrikiago, Ur Apalategi, Celine Mounole, Argia Oltzomendi eta Katixa Dolhare... Bakoitzak ekartzen ditu bere interesak, bere ikusmoldeak, bere jakitateak, eta orduan, ene burua katebegi gisa ikusten dut; bakoitzak bere tenorean zerbait ekartzen du.

Euskarazko goi mailako ikasketa bakarrak dira Ipar Euskal Herrian. Horrek zer erran nahi du?

Hastapenean, oinarri sendoak finkatu behar izan ditugu hiru arlotan —hizkuntzan, literaturan eta kulturan— . Corpusa sortzeko, bistan dena, ikerketaren gainean finkatu ditugu oinarri horiek. Emeki-emeki, gizartea aldatu da, eta 2000. urtetik aitzina kezka berriak sortu dira. Euskara behar zen irakatsi eskoletan; beraz, behar genituen irakasleak trebatu. Ikasgeletatik lelo bat heldu zitzaigun, irakasleak ez zirela aski trebatuak, ez baita aski zer irakatsi behar den jakitea; nola irakatsi ere jakin behar da. Pixkanaka, inguruan instituzioak sortzen ari ziren, eta bagenituen galdeak Seaskatik, Hezkuntza Nazionaletik, eskola pribatuetatik... Denbora berean, Hegoaldeko lankideekin harremanak sortu eta azkartu ditugu, gure formakuntzak hobetzeko xedez.

Aipatu duzu ikerketa izan duzuela oinarri. Zertan da euskal ikerketaren arloa Ipar Euskal Herrian?

Hemen dugun laborategia, Iker laborategia, aski fite garatu da, eta garrantzi handia hartu du ikerketaren paisaian, ez bakarrik Euskal Herrian, Europan ere bai. Bistan dena, Iker laborategiaren bitartez eta gure unibertsitateen bitartez, Hegoaldekoekin harremanak sortu ditugu. Tesiak, erraterako, elkarlanean zuzentzen dira, bi zuzendarirekin: bata hemengoa, eta bestea EHUkoa. Azken urteotan, tesien kopurua goiti joan da. Lehen ikusten ez zen zerbait ere gertatzen da: ikasleak lagunduak dira tesiak egiteko, anitzetan diru laguntzak eta doktoretza kontratuak badituzte. Gure arloan bada berezitasun bat: gazteak ikerketaren munduan guti direnez, kasik filtrorik gabe integratzen ditugu, eta hori ez da diziplina guzietan gertatzen. Gure ahulezia da guti garela, baina, aldi berean, gure indarra ere bada. Azkenean, ikerlari gazteei ardurak eta aukerak ematen dizkiegu beste diziplinetan baino errazkiago eta goizago, eta hori funtsezkoa da.

Zer gero ikusten diezu Euskal Ikasketei?

Funtsezko egiteko bat dugu: dugun horrek erroak egin behar ditu. Hortakotz, lankidetza hertsia dugu Seaskarekin, Hezkuntza Nazionalarekin, eskola pribatuen sarearekin... Funtsezkoa da irakaslegaien trebatzea. Ikusi behar da bigarren mailarako guk trebatzen ditugula; ikuspegi orokor bat eman behar zaie, formakuntza orokor batekin.

«Aspaldidanik hasiak gara espezialistak trebatzen, gizarteak gero eta gehiago eskatzen baititu. Gure helburua da gizarteak behar dituen sail guzietan jendea prestatzea eta trebatzea».

JON CASENAVE Unibertsitateko irakaslea

Aspaldidanik hasiak gara espezialistak ere trebatzen, gizarteak gero eta gehiago eskatzen baititu. Gure helburua da gizarteak behar dituen sail guzietan jendea prestatzea eta trebatzea. Preseski, aurten, diploma berezi bat ireki da Baionan, euskal kazetaritzarako. Erran nahi du gizarteak behar dituen formakuntzak kontuan hartzen ditugula. Urrun da Hegoaldearekin parekatzeko helburua, sail bakoitzean bi ibilbide eskaintzea... Urrun da, baina, bistan dena, hori da helburua. Bederen, sail guzietan euskarazko formakuntza sendo bat eman behar da, eta gai berezituak ere proposatu euskaraz. Hori da ondoko urratsa.

Bigarren mailako euskara irakasleentzako diploma plantan ezartzea lortu zen duela zenbait urte, eta, berrikiago, bigarren mailako irakasleentzako diploma gorena sortu da, agregazioa. Nolakoa izan da horiek ukaiteko prozesua, eta zer ekarri du?

Tokiko hizkuntzen espezialistak biltzen dituen sail berezian, badu anitz urte ari ginela pentsaketan agregazioari buruz. Agregazioa da edozein diziplinatan, Frantzian, bigarren hezkuntzako irakasle diplomatik landa proposatzen den goi mailako formakuntza. Iruditzen zitzaigun guk ere behar genuela. Lehen diploma, ontsalaz, urrats bat da, eta agregazioa eboluzio bat da irakasleentzat: oren gutiago dituzte, hobeki pagatuak. Inportantea da lanean ari diren irakasleek ukan dezaten parada ikasketan segitzeko eta hobeki pagatuak izateko. Guretzat, Euskal Ikasketetan, helburu bat zen hori lortzea. Bestalde, diziplinaren garatzeko parada da: konkurtsoen programen bitartez gogoetatzen gara gure gaiez. Corpusak finkatzen ditugu literaturan; edizio berriak prestatzen ditugu, kurtso berriak... Horrek erran nahi du ikuspegi kritiko berriak ere lantzen ditugula, eta, horretarako, jendeak kanpotik etorrarazten ditugu: Hegoaldetik, Bretainiatik, Kataluniatik... Gure tresneriaren osatzeko posibilitate bat zen.

Erretreta hartu berri duzu. Zer eginen duzu hemendik aitzina?

Orain arteko gauza bera! Kar-kar. Orain, mezu elektronikoen erasia hori gelditua da, instituzioen presio hori. Bistan dena, normala da norbait lanean ari denean, behar baitira erabakiak hartu, proiektuak sortu, gauzak aitzinarazi... Baina orain hori ez dut gehiago izanen; beraz, hoberena gelditzen zait! Irakurketa, idazketa eta harremanak. Badira gauza anitz egiteko eta badira molde anitz aitzina egiten duen mugimendu horretan parte hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.